Pilota

Urrezko puntua Ezkurdia eta Martijarendako

Guaixe 2020ko urt. 27a, 12:26

Arbizuko aurrelariak eta Etxeberriko atzelariak 22 eta 19 irabazi zioten Jaka eta Zabaleta liderrei. Binakako hasierako ligaxkako sailkapenean, 

Puntu oso garrantzitsua lortu zuten larunbatean Markina-Xemeinen Joseba Ezkurdiak eta Julen Martijak, Erik Jaka eta Jose Javier Zabaleta liderrei partida lehiatu eta bikainean 22 eta 19 irabazi eta gero. Partida estua izan zen, zirraragarria, buelta asko izan zituena, eta gorabehera horretan Ezkurdia eta Martija finago ibili ziren. 

Hasieran Jakak eta Zabaletak hartu zuten aurrea, 2 eta 5, joko oso azkarrarekin. Baina Joseba Ezkurdia partidan sartu zen eta bosna berdintzea lortu zuten sakandarrek. Lau pilotariak oso fin ibili ziren eta markagailua paretsu joan zen, 12-ko berdinketaraino. Hortxe hartu zuten lehenengoz aurrea Joseba Ezkurdiak eta Julen Martijak. Ezkurdiak tanto ikusgarriak egin zituen eta Martija bikain aritu zen atzeko koadroetan; Etxeberriko atzelariak txapelketako bere partidarik onena jokatu zuen eta Zabaleta etxarrendarra sarritan deseroso aritzera behartu zuen. Horrela, 17 eta 13 aurreratu ziren sakandarrak. Baina Ezkurdiak bi huts egin zituen, eta horrek airea eman zien Erik Jakari eta Jose Javier Zabaletari. Etxarrengo atzelariak ongi zaindu zuen atzealdea tarte horretan eta Erik Jakak bizkortasuna berreskuratu eta erremateekin min handia egin zuen. Bide horretan, markagailua irauli eta 17 eta 19 aurreratzera lortu zuten liderrek. Ezkurdiak eta Martijak, ordea, egoerari eutsi zioten, lan eta lan egiten jarraitu, eta bi tanto bikainekin 19ra berdintzea eta partidan sartzea lortu zuten. Horrela, zabal-zabalik geratu zen berriro partida, Markinako Unia betetzen zuten zaleen gozamenerako, eta azken txanpa horretan Ezkurdia ikusgarri aritu zen –tanto ikusgarriak egin zituen–,Martija bikain, eta liderrek, aldiz, behera egin zuten, huts potoloak tarteko. Azkenean, 22 eta 19 gailendu ziren Ezkurdia eta Martija, euren 6. puntua lortuz, Binakako finalerdietara sailkatzeko bidean, urrezko balioa duena. 

Partida bukaeran oso pozik zeuden Ezkurdia eta Martija. Etxeberriko atzelariak aitortu zuen Txapelketako bere “partidarik onena” izan zela Markinan jokatutakoa. “Izugarri gozatu dut. Gure pilotarekin min asko egin diegu eta hori izan da gakoa” nabarmendu zuen Martijak. Zabaletak, bere aldetik, partidan “oso deseroso” aritu zela aitortu zuen, eta pilota aldaketak gakoa izan zirela aipatu zuen baita ere. 

Sailkapena, estuago
Binakako hasierako ligaxkako 10. jardunaldiak sailkapena gehiago estutzea ekarri du. Galdu arren, Jakak eta Zabaletak jarraitzen dute lider, 8 puntu edo garaipenekin. Atzean 6 puntu dituen laukotea dute: Artola-Imaz, Ezkurdia-Martija, Altuna III.-Ladis Galarza eta Laso-Albisu. Irribarria eta Rezusta 6. dira sailkapenean, 4 punturekin, eta Olaizola II.-Urrutikoetxea 7. postuan daude, 3 punturekin eta txapelketan aurrera egiteko geroz eta aukera gutxiagorekin. Azkeneko postuan Bengoetxea VI.a eta Mariezkurrena daude, puntu eskas batekin. 

Datorrena
Asteburuan Binakako hasierako ligaxkako 11. jardunaldia jokatuko da. Ostiralean Joseba Ezkurdiak eta Julen Martijak Oinatz Bengoetxea eta Mariezkurrena izanen dituzte aurkari Zallan (20:00, ETB1). Sailkapenaren goialdean jarraitzeko 7. puntua lortu nahi dute sakandarrek, eta Baikoko bikoak, aldiz, zulotik ateratzea. Beraz, nahiz eta sakandarrak faborito izan, partida lehiatua espero da. Larunbatean Jaka eta Zabaleta Lasoren eta Albisuren kontra ariko dira Idiazabalen (18:00), eta azkeneko partida galdu ostean, garaipenaren bidea berreskuratu nahi dute Jakak eta Zabaletak. Aldiz, 7. puntua eskuratu nahi dute Baikokoek; hortaz, lehia garrantzitsua egonen da jokoan. Egun berean, Irribarriak eta Rezustak Artolaren eta Imazen kontra jokatuko dute Labriten (18:00), eta jardunaldia bukatzeko, igandean, Tolosan, Olaizola II.-Urrutikoetxearen kontra ariko dira Altuna III.a-Ladis Galarza (17:00, ETB1).