U30 Greba Orokorra

Prekarietatea salatzeko, enplegu bulegoaren okupazioa

Guaixe 2020ko urt. 29a, 13:53
Enplegu bulego paretik greba egiteko deialdia egin zuten.

Hainbat kolektiboetako kideek enplegu bulegoaren okupazio baketsua egin zuten, eta handik ostegunean greba egitera deitu zuten.

Pentsiodunek 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta 1.200 euroko gutxieneko soldata aldarrikatzen dituzte astelehenero. Bi zifren irudikapen erraldoia aldean zutela, hainbat sakandarrek Nafar Lansarek Altsasun duen bulegoa okupatu zuten ostiralean, “hainbat kolektibok bizi dugun prekarietatearen berri” emateko. Gaztigatu zutenez, “egoitza honetan urtero behin behineko 6.000 kontratu baino gehiago egiten dira. Gehienetan legeari iruzur egiten dioten kontratuak dira. Kasu gehienetan zerbitzu honek badaki kontratu horien atzean iruzurra dagoela”. 
 
Horregatik, okupatzaileek Nafar Lansareko langileei eskatu zieten Nafarroako Gobernuari “komunika diezaiotela prekarietatearen kontra borrokatu behar dutela orokorrean eta, espresuki, gaur egungo kontratazioaren iruzurraren kontra neurriak har ditzatela”. Horrekin batera, sakandarrak osteguneko greba orokorrarekin bat egitera deitu zituzten. Bizitza, lan eta pentsio duinak eskatu zituzten. 

Datuak 
Enplegu bulegoa okupatu zutenek hainbat datu eman zituzten, “bizi dugun egoera benetan kaxkarra” ilustratzeko. Prekarietatearen feminizazioa azaltzeko jakinarazi zuten behin behineko 10 kontratuetatik 9 emakumezkoenak direla. “30 urtez azpiko gazteek behin behinekotasunera kondenatuta daude, egiten diren 100 kontratuetatik 5 bakarrik dira behin betiko”. 55 urtetik gora eta lana ezin aurkitu dabiltzanen eta erretiroa hartzera behartuak daudenen kasuan “galera handiak dituzte, jubilazioa 67 urtera arte luzatu baita, eta baldintzak gero eta gogorragoak direlako”. 

Azaldu zutenez, enplegu “duinak” dituztenei ere “prekarietateak eragiten die. “Izan, ere, ezarritako pentsio sistemak eta orokorrean pairatzen dugun prekarietateak, gero eta zailagoa egiten du pentsio duinak bermatzea”. Gaineratu zutenez, ibarreko enpresa askotan soldatek ez dute gora egin, besteetan, “Hydroko langileek salatu bezala”, bi soldata eskala daude eta Sunsundeguin, esaterako, 200 langile inguru behin behinean lanean edo aldi baterako lan enpresen bidez kontratatuak dira.