Egunean Behin aplikazioan Sakana taldea sortu dugu

Guaixe 2020ko urt. 31a, 13:29
Egunean Behin aplikazioko Sakana taldea.

Galdera-erantzunen euskarazko jokoa da Egunean Behin, telefono mugikorreko aplikazioa deskargatuz jokatzen dena. Egunean minutu pare bat euskaraz jokatzeko aitzakia ematen du.

Egunean Behin jokoak dinamika erraza du. Izenak dioen bezala, egunean behin partida bat jokatzeko aukera ematen du. Hamar galdera egiten ditu eta horiek ahalik eta azkarren erantzun behar dira. Beraz, erantzun zuzenak emateak eta horietan den azkartasunak dute balioa. Asmatutako erantzun kopuruaren eta pasatako denboraren arabera, jokalariek puntuak lortzen dituzte. Jakina, puntuen arabera, sailkapenenean gora edo behera egiten da. Astero berrituko da sailkapena, zazpi egunetako partidak kontuan izanik. 

Bakarka edo taldean jokatzeko prestatua dago aplikazioa. Taldeak egiteko aukera hori baliatuta, Guaixe fundazioak erabaki du Sakana taldea sortzea. Euskarazko aisialdiko plaza horretan sakandarrei elkarrekintzarako eta partekatzeko aukera eskaintzea da helburua. Sakandarrak elkarrekin euskaraz jolasteko aukera ematea da talde horren ideia, ibarreko herritar euskaldunendako topaleku bat. Ondoren aplikazioko harreman hori pantailatik kanpora eramatea, jokalarien gauza litzateke. Sakana taldean sartzeko 2B2160 giltza sartu behar da. Denboraldia bukatzean irabazleak Guaixe25 kit-a jasoko du. 

Jokalariek talde batean baino gehiagotan parte hartu dezakete. Sortu daitezke ikastetxeko, lantegiko edota kuadrillako taldeak. Esaterako, Altsasuko Euskaraldia taldeak herriko taldea sortu du. Egunean Behin jokoan talde bat sortu nahi duenak telefonoan dituen kontaktuak erabiliz egin dezake, whatsappean egiten denaren antzera.

Galderei dagokienez, hainbat motakoak daude. Esaterako, argazkian ageri den herria zein den identifikatzea, euskalki batean hitz bat nola esaten den, herrien biztanleria, euskal pertsona ezagunei buruzkoak, kirolari buruzkoak, mundu zabaleko argazkiak herrialde batean kokatzea, arteari buruzkoak, zientziari buruzkoak… Egunero hamar besterik ez. Gainera, hala badagokio, galdera bakoitzaren ondoan hura nondik sortu den erakusten du, jakin-mina duenak ase dezan. 

Egunean Behin-en jokatzeko aplikazioa zure telefono mugikorrera deskargatu behar duzu (Android eta IPhonerako baliagarria). CodeSyntax enpresak garatu du jokoa.