Sakanako Berdintasun Plana egiteko parte hartze prozesua eginen da

Guaixe 2020ko ots. 3a, 10:00

Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Batzordeko kideak.

Otsailean sei saio eginen dira, “gogoeta eta eztabaida kolektiboaren bidez planaren irizpideak, lehentasunak, baldintzak eta programak definitzeko”. Berdintasun plana apirilean onartu nahi dute.

Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuko teknikari Oihana Gallo San Romanek jakinarazi duenez, ibarreko erakundea Sakanako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana (2020-2025) egiten ari da. Bi helbururekin: batetik, Mankomunitateko zein Udaletako kudeaketan genero-ikuspegia txertatzea, eta, bestetik, Sakanako emakumeen aukera eta eskubide berdintasuna bermatzea. Errotik, Sakana parekidea leloa du ekimenak. “Sustrai horietatik, barru-barrutik egin nahi dugulako eraldaketa, bai norbanakoena, bai Sakanako jendartearena; errotik egin nahi dugulako berdintasunerako bidea”. 

Gallok azaldu duenez, “gobernuak eta udalek adostuta, Nafarroan badago toki-entitateen Berdintasun Zerbitzuen halako ibilbide adostu bat”. Hari segituz, plana lau arlotan egituratuko dela azaldu digu Gallok. Aurrena, administrazioa bera hartzen duen toki-gobernamendua eta genero zeharkakotasuna da. Hurrena, emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko bizitzak lortu nahi dituena (detekzioa eta arreta nola landu eta koordinatu, prebentzioa, kanpainak…). Horiekin batera, planaren bidez bizitzaren jasangarritasuna sustatuko da, zaintzaren etika garatuz eta bateragarritasuna eta erantzunkidetasunez. Atzeneko arloak emakumezkoen ahalduntzea bulkatuko du, parte hartze sozio-politikoa eta balioen eraldaketa sustatuz. Arlo bakoitzak bere estrategia ildoak ere izanen ditu. Mank-ek 2020-2025 aldirako plan estrategikoa landu du. “Bertan jaso diren estrategia ildoak ere zeharka Berdintasun Planean landuko dira”. 

Parte hartzea 
Aurreneko Berdintasun Plana egiteko “herritarrak eta bereziki emakumeak, elkarteak, arduradun politikoak eta interesa duen oro parte hartzera eta ekarpenak egitera gonbidatu” ditu Gallok. Sakandarren, erakunde eta kolektiboen parte hartzearen bidez “planaren helburu eta ekintzak zehaztuko” direla argitu digu teknikariak. 

Gallok azaldu digunez, “parte-hartze saioetan gogoeta eta eztabaida kolektiboaren bidez Berdintasun Planaren irizpideak, lehentasunak, baldintzak eta programak definituko dira”. Sei  parte-hartze saio eginen dira, bakoitza sektore jakin bati zuzenduta. Baina guztiek egitura bera izanen dute: berdintasun-gaien inguruko oinarrizko prestakuntza jaso, Berdintasunerako Planaren hezurdura aurkeztuko da eta talde-lanean karpenak jasotzeko. Udaletako eta Mank-eko langileei Nafarroako 2019ko Berdintasun Legearen berri ere emanen zaie. Saio horiek Idoia Lekuek, berdintasun aholkulariak, eta Gallok berak gidatuko dituzte, eta 3 orduko iraupena izanen dute. 

Parte hartze saioak ez dira zerotik abiatuko. Gallo lastailean hasi zen Berdintasun Planaren diseinua lantzen. Mank-eko Berdintasun Batzordea sortu zen eta hiru hilabetez, ahalduntze hiru saioren bidez, gaiaren inguruko prestakuntza jaso zuten batzordekideek (Berdintasun Zerbitzua zer den, haren helburuak, berdintasunari buruzko oinarrizko prestakuntza eta beste). Horrela, planaren hezurdura edo egitura landu eta adostu da batzordekideekin. Eta abiapuntu hori izanen dute parte hartze saioetan. “Bizipenetan oinarritutako prozesu bat izanen da. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zitzaigun aurrena batzordeko talde kohesioa lantzea eta plana bere egitea. Plana herrietara eraman behar denez, beraiena bezala sentitzen badute errazago izanen da. Saioen balorazio oso ona egin dute”. 

Otsaileko aurreneko hiru astetan eginen dira parte hartze saioak. Behin horiek despedituta planaren zirriborro bat osatuko da, bi kontraste taldetan aztertuko dena: Mank-eko Berdintasun Batzordea eta Berdintasun arduradun eta adituak. Hori martxoan eginen da. Hilabetea despeditu aurretik sakandarrek www.sakana-mank.eus web orriaren bidez inkesta bete eta ekarpenak egiteko aukera izanen da eta jendaurreko bi aurkezpen saio egitea aurreikusi dute, martxoaren 8aren bueltan izanen direnak. Azken ekarpenekin osatu eta onartuko dute atzeneko dokumentua, apirilean aurkeztea aurreikusten dutena. 

Berdintasun zerbitzuaz
Mank-eko zerbitzurik berriena da. Ibarreko erakundeak Sakanako emakumezkoen eta gizonezkoen arteko genero desorekak aztertzea helburu zuen diagnosi parte-hartzailea egin zuen 2018an. Haren ondorioz, Mank-ek Berdintasun Zerbitzua sortu zuen 2019ko apirilean. Altsasuko Udalak Berdintasun Zerbitzua duenez, ez da Mank-ekoan sartu, baina biak elkarlanean arituko dira.  

Izen ematea 
Saioak Sakanako Mankomunitatearen egoitzan izanen dira. Berdintasun Zerbitzuak parte hartze saioen antolaketa errazteko aldez aurretik izena ematea eskertuko luke. Saioa baino aste bat lehenago eman behar da izena berdintasuna@sakana-mank.eus e-posta helbidean. 

Egitaraua

Otsailak 3, astelehena

  • 17:00etatik 20:00etara Alkateak eta zinegotziak*. 

Otsailak 7, ostirala

  • 10:00etatik 13:00etara Udal teknikariak eta gizarte zerbitzuak. 

Otsailak 10, astelehena

  • 17:00etatik 20:00etara Emakumezkoak, mugimendu feminista eta emakume elkarteak*. 

Otsailak 14, ostirala

  • 10:00etatik 13:00etara Sakanako Mankomunitateko langileak. 

Otsailak 17, astelehena

  • 17:00etatik 20:00etara Herritarrak, elkarteak, guraso elkarteak…* 

Otsailak 21, ostirala

  • 10:00etatik 13:00etara Tokiko garapena.

* Saio horietan 3 urtetik gorako haurrendako zaintza zerbitzua izanen da, baina astebete lehenago eskatu beharko da.