U30 Greba Orokorra

Sindikatuak grebaren emaitzarekin pozik

Guaixe 2020ko urt. 31a, 11:03

Altsasun goizean egindako manifestazioa.

ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak bat datoz: “2013koarekin, azkeneko greba orokorrarekin alderatuta, jende gehiago atera da kalera”.

ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak greba deialdiak Sakanan eguerdira arte izandako erantzunarekin pozik zeuden. LABeko Gaizka Uhartek esan zuenez, “emaitza polita da: Sakanako industria handienek itxi dute, edo itxi ez badute, grebak nahikoa jarraipen ona izan du. Ikusi besterik ez dago zer bozketa izan diren enpresetan, irabazi den tokietan kontrako oso boto gutxi egon ziren. Aurreko grebetan baino emaitza txukunagoak ditugu. Lanuztea ikaragarria izan da”. ELAko Sakanako arduradun Gorka Viergek esan zigunez, “Sakanan oso greba potentea izan dugu, jende gehiago atera da kalera. Enpresa handi gehienetan lan uztea erabatekoa da. Egia da tailer batzuetan lanean ari direla, baina, oro har, oro pozik gelditu gara. Esan dezakegu arrakastatsua izan dela”.

Uhartek azaldu zigunez, “Arbizu eta Altsasu bitarteko erantzuna oso indartsua izan da. Irurtzun aldera begiratuta, eragin txikiagoa izan du”. Ikastetxe gehienek deialdiarekin bat egin zutela nabarmendu zuen Uhartek. Merkataritza eta ostalaritza itxita zegoela aipatu zuen. 

Biek grebalariak zoriondu zituzten. Uhartek: “borrokak merezi du. Erantzun bat ematea lortu dugu. Nafarroako eta EAEko Gobernuak interpelatzen ari gara. Baina esaten dugu: ez dugu nahikoa eskuduntzarik gure politikak aurrera ateratzeko. Prekarietateari aurre egin eta bizi baldintza batzuek alde egiteko burujabetzan aurrera pausoak eman beharra dugu”. Bestalde, Viergek esan zuene, “atzo emandako pauso txikiarekin lortzen ari gara institutuetan, unibertsitateetan, Lanbide Heziketako zentroetan, lan merkatura sartu berri direnak ikusi dute greba eskubideak lortzeko funtsezko borroka tresna gisa. Gauza bat argi izan behar dugu: gure aldarrikapenak kalean ez badaude, ez dira inon egonen. Gobernu batzuk langileriarengandik gertuago egon daitezke, baina ezkerrera, gure alde egiteko indar egiten ez badugu, ez digute jaramonik eginen. Grebaren helburuetako bat agenda politikoan gure aldarrikapenak jartzea”. 

Datuak 
Eguerdian Iruñeko manifestazioan parte hartzera deituak zeuden grebalariak. Ordura arte mobilizazioak egin ziren ibarrean. Irurtzunen, San Martin eta Bi Ahizpe kaleetan egindako giza katean 193 pertsona elkartu ziren. Lakuntzan pankartak egiten aritu ziren 50en bat pertsona. Arbizuko kontzentrazioan, berriz, 60 bat elkartu ziren. Herrian barna aldarrikapenak manifestazioan eraman zituzten Etxarri Aranatzen 400 bat pertsonak. Bakaikun, berriz, kontzentrazioan 40 bat elkartu ziren. Altsasun deitutako manifestazioa mugitu ahala gero eta jende gehiago bildu zuen eta mila bat pertsonak elkartzea lortu zuen. Ziordian, azkenik, dozena bat pertsonak kontzentrazioa egin zuten. Makina bat sakandarrek Iruñeko eguerdiko manifestazioan parte hartu zuten. Eta handik bueltan “barraskilo operazioa” egin zuten, hau da, Iruñetik Sakanarako bueltan autoak oso mantso joan ziren autobian.