Gurean lana gizarteratzeko ezinbesteko elementua da. Lanaren edo lan faltaren araberakoa da norberak gizartean duen presentzia. Garai batean bizi baldintza batzuk bermatzen zituen lana izateak. Gaur egun, ordea, ez da horrela. Prekarietate hitza zer den ikasi dugu. Eta batzuk lehen pertsonan bizi dute, zuzenean, edo zeharka. Horregatik, atzoko greba orokorrak,jende guztia ukitzen dituen eskaerak zituelako, errazagoa izan zitzaigun jendearen lekukotzak jasotzea. Jendeak mobilizazioetan parte hartzeko makina arrazoi ditu, haietako batzuk jaso genituen.
Atzo goizeko manifestazioan zegoen Jose. Jubilatua da. Bere ustez, “gutxienez, 1.080 euroko pentsioa lortu behar da. Zeren lotsagarriak diren pentsioak daude, 500 eurokoak, eta, horrekin, ezin da bizi”. Josek lanbide arteko gutxieneko soldatari ere erreparatu zion: “zerbait igo dute, baina Europatik esaten duten kopurura inolaz ere ez da iristen”. Horregatik, “guztiendako bizi duin bat aldarrikatzera etorri naiz manifestaziora”. Bizi duina zer den galdetuta, Josek esan zigunez, “mundu guztia gutxieneko batekin bizi ahal izateko baliabideak jarri behar dira. Eta beste batzuk hainbeste ez izateko; edozertan gastatzen dute, edonola xahutzen dute. Aberastasun guztia banatua egon dadila”.
Ariadna, Iñigo eta Ane gazteak elkarrekin joan ziren manifestazioan. Aurreneko biak lanean daudela esan ziguten. Aurrenekoaren kasuan oporren ordezkapenak eta halakoak egiten ditu eta “horrek bizi proiektuak garatzeko aukerarik ez du ematen”. Bigarrena behin behineko langilea da eta behin betiko bihurtzeko esperantza du, baina, lagunak bezala, zaila ikusten du gaur egun bizi proiektu bat aurrera eramateko aukera. Azkena ikasten eta lanean dabil, langunek esandakoa berretsi besterik ez du egin. Hirurek pentsioen gaia ez dute gertu ikusten.
“Protesta egiteko etorri naiz manifestaziora. Erretiroen, soldaten eta kontu horien guztiengatik”. Anjel Mariren hitzak dira. 50 urteren bueltan dabilen langile finkoa da eta enpresan lan baldintza onak dituela aitortu digu. “Premia handiagoa duten eta hemen egon beharko luketen batzuk baino zorionekoagoa naiz”. Pentsio duina izanen duen galdetuta, Anjel Marik esan zigunez, “urte asko gelditzen zaizkit. Ni baino arrazoi gehiago dituztenak manifestazioan egon beharko lukete”. Bizi duina lortzeko lan erreforma bertan behera uztea eskatu zuen, eta gutxieneko eskubideak bermatzea.
Lan eskubideak
Gaztea eta langabetua da Aitor. “Lan gutxi dago, eta, gainera, prekarioa da”. Azaldu zigunez, lauzpabost lan izan ditu orain arte. “Azken lana oso prekarioa zen, eta horretara ez bueltatzeko” parte hartu zuen greba orokorreko mobilizazioetan. Lan baldintzak hobetu beharra aldarrikatu zuen. “Bizitza oso gaizki dago. Lan gutxi, gauzak garestiagoak dira eta mantendu behar gara”. Bitartean lan bila eta bere burua trebatzen ari da Aitor, “lan gutxi dagoenez, hobetzeko baliatzen dut”. Gurasoen etxean bizi da. “Nire etxea izan, eta hori… ametsa da. Emantzipatzea? Orain ezin da halakorik egin”. Pentsioetan oraindik ez da pentsatzen hasi, “baina, noski hobetu behar direla, bestela, zer etorkizun dugu?”
Bi urte eskas darama lanpostu finko batean Cristina gazteak. “Lanak bizi duin baterako ematen dit. Baina lanak baldintza duin batzuk izan behar ditu. Nire kasuan denetarik pixka bat du. Hobetzeko gauza asko daude, dudarik ez. Gorago daudenak horretaz jabetu beharko lukete. Behekoak ere. Eta kalera atera beharko lukete. Ez protestatzea eta pasatzen uztea”. Bizi proiektua garatzeko aukera du eta, horregatik, ez du kexarik. Pentsioez galdetuta, “oso gaztea naiz oraindik, eta urrun ikusten ditut. Haren alde borrokatzea merezi du. Gertu dutenek baldintza onetan eskuratu dezatela”.
Berrogeita hamar urteren bueltan dabil Juantxo. Langile finkoa da eta “zorionez, lan duina dugu. Aurretik lanean egondakoek lortutako lan eskubideengatik mantentzen ditugu lan baldintza onak. Gu, bestela, haiek lortutako lan eskubideak galdu besterik ez ditugu egin. Lan duina dugu, baina gero eta lan eskubide gutxiagorekin. Bihar gure lanpostuetan sartuko direnen lan baldintzak gureak baino kaskarragoak izanen dira”. Lan baldintza duinak defendatzeaz aparte, Juantxo manifestazioan zegoen “pentsioen funtsarekin duten jokoagatik, miseriazko soldatengatik… guztiagatik”. Pentsio duina izatea espero ote duen galdetuta, “ez dakit duina edo ez duina, baina pentsioa izatea. Baina darabilten jokoarekin, zeinek daki zer gertatuko den bihar”.
Kezka pentsioekin
Isabel langilea da eta berrogeita hamar urteren bueltan dabil. Mugagabeko lan duina duela azaldu zigun. “Lan baldintzak guztiendako duinak izateko, beti borrokan gabiltza”. Soldatak bizi duinerako “justu antzean” ematen duela esan zigun. “Dugun lan motagatik, uste dugu ez garela 67 urteko erretiro adinera iritsiko. Dagoeneko, fisikoki eta psikologikoki oso izorratuta gaude. Zaila ikusten dugu pentsio duina izatea, erretiroa aurreratu beharko dugulako”.
Raul gazte langabea da. “Orain dela gutxira arte lanean egon naiz. Lantoki batean sei hilabeteko kontratuarekin egon nintzen, bestean hilabetez. Eta orain, lan bila”. Bitartean, “langabezian ahal den moduan bizirauten nabil”. Gurasoen etxean bizi da. Emantzipatzea “nekez” iritsiko dela uste du. “Gazteria gaur egun gauden moduan, gauzak dauden moduan”, etorkizuneko pentsioak “gordin” ikusten ditu berak.
Laura gaztea da eta behin betiko kontratua du. “Hala ere, horrek ez du ezer bermatzen. Edozein momentutan kaleratu zaitzakete”. Enpresako lan baldintzak hobetu daitezkeela gaineratu zigun. Laurak lana izanda ere, horrek bere bizi proiektua garatzeko aukerarik ez diola ematen ziurtatu zigun. Gurasoen etxea uztea, emantzipatzea, ezinezkoa ikusten du etxebizitzaren prezioak ikusita. “Niretako pentsioa urrun dago, baina borrokatu diren eskubideak defendatu egin behar dira”.
Pentsioduna da Antonio. Lan gogor batean ia bost hamarkadez lanean aritu zen. Ondorioz, pentsio duina jasotzen duela esan zigun. “Manifestazioan nago pentsioak gehiago igo ditzaten. Hori da egin behar dutena! Horrela ezin da. 700-800 euro kobratzen duen pertsona batek ez du hilabetea pasatzeko ere”. Eta prezioek gora egiten dutela gogorarazi zigun, “hobera joan beharrean okerrera goaz”. Aita da eta semeak laguntzen ari dela azaldu zigun, “hipoteka pagatzen eta guzti”. Aitak kezka azaldu zigun langabezian zuen semeagatik. Kexu zen Antonio: “batzuk 5.000-6.000 euro kobratzen ari dira eta 1.000 euro irabazteko bizia eman behar duzu lanean”.
Behin betiko kontratua du Rakelek, berrogeita hamar urte inguru ditu. “Lanak bizi duina izateko ematen du. Beti hobetu dezakezu”. Lan baldintzak ere hobetu daitezkeela uste du. Greba orokorreko hirugarren mezuaz galdetuta, esan zigunez, “nire lanarekin uste dut ez dudala pentsio duinik izanen. Nire soldata baxua da. Gure lan hitzarmena baxuena da, beraz, ez dakit nola iritsiko naizen erretiro garaira”. Jakina, horrek kezka sortzen dio Rakeli. “Gainera, lan gogorra dut. Nekatuta bukatzen dut, eta urte batzuk barru ez dakit nola iritsiko naizen”.
Errelebo-kontratua du Teresa, 50 urteak pasata dituena. “Zortekoa izan naiz eta ongi nago. Nire eta senarraren soldatak batzen ditut eta ongi nago, ez dut inolako arazorik. Manifestaziora etorri naiz alabei eta jendeari babesa emateagatik”. Enpresan bera ordezkatuko duen langileak bere lan baldintza berak ditu, “nik utzi nuenean ongi zegoen”. Hala ere, aitortu digu bere lantokian lana ez zela duina, “nahikoa jasan behar izan nuen. Lan baldintzak hobetzeko tartea bazegoen”. Lan baldintzak okertzen doazela ere gaineratu zigun. Berehala pentsioduna bihurtuko da, baina bera ongi dagoela gaztigatu digu: “gutxigatik libratu naiz eta pentsio duina izanen dut”. Lanpostuan ordezkatu duen langileak pentsio duina ez duela izanen pentsatzen du. Alabak gogora ekarri genizkion: “haiek bizi duina, kontratu duina izan dezaten. Gauza bera hemen dagoen jende guztiarendako. Ez nago ados erretiro adina atzeratzearekin”.