Pilota

Binakakoa puri-purian

Guaixe 2020ko urt. 31a, 10:07

Binakako hasierako ligaxka despeditzeko 4 jardunaldiren faltan, ia guztia dago erabakitzeko eta partida oso erabakigarriak dituzte gure pilotariek. Ezkurdiak eta Martijak Victor eta Mariezkurrena izango dituzte aurkari ostiralean Zallan, eta larunbatean Jaka eta Zabaleta Lasoren eta Albisuren kontra arituko dira Idiazabalen

Binakako Txapelketako finalerdietarako nor sailkatuko diren, asko dago oraindik jokoan. Sailkapeneko lehen bi bikoak sailkatuko dira zuzenean. Eta gainontzeko bi postuak erabakitzeko aurten, nobedade moduan, play-off antzeko bat jokatuko da 3. postua eta 6. postua bitartean sailkatuta dauden taldeen artean. Jaka eta Zabaleta liderrek 8 puntu dituzte eta finalerdietan egongo direla aurreikusten da. Bigarren postua lortzeko borroka, aldiz, itzela da. 4 bikote daude 6 puntura berdinduta, tartean Ezkurdia eta Martija. Haiekin batera Artola-Imaz, Altuna-Ladis Galarza eta Laso-Albisu daude. Hortaz, geratzen diren 3 jardunaldiak hil ala bizikoak izanen dira. 

Presioa gainean izango dute sakandarrek
Asteartean, ostirala, Zallan jokatuko duten partidarako material aukeraketa egin zuten Ezkurdia-Martijak eta Victor-Mariezkurrenak (20:00, ETB1). Baiko pilota enpresak erabaki du atzera ere Victorrek hartuko duela Bengoetxearen tokia jardunaldi honetan, “kirol irizpideak” argudiatuta. Ostiraleko Zallako partidarako Ezkurdia eta Martija dira faborito, Bengoetxeak eta Mariezkurrenak puntu bakarra dutelako, baina sakandarrak ez dira fio. “Victorren eta Mariezkurrenaren kontrako partida oso arriskutsua da. Presio guztia guretako da, eta eurak, aldiz, txapelketan aurrera egiteko aukerarik gabe daude eta lasai jokatuko dute. Nik  aurreko partidan oso ongi jokatu zuen Victor ekidin beharko dut, eta Mariezkurrenari pilota arrimatu” azaldu zuen Martijak material aukeraketan. Txapelketan orain arte egindako lanarekin kontentu dago Etxeberrikoa. “Jakaren eta Zabaletaren kontrako garaipena oso garrantzitsua zen, ez soilik 6. puntua lortzeagatik, txapelketako liderrei irabazteak ematen dizun konfiantzagatik. Larunbatean txapelketako orain arteko partidarik onena jokatu nuen” aitortu zuen atzelari sakandarrak. Zallan jokatzen duen lehenengo aldia izango da Martijarendako. “Materiala ona da, bai gurea eta bai eurena. Lehen aldiz ariko naiz Zallan, baina frontoi ona iruditu zait. Lurra lehorregia iruditzen zait, hori bai” aipatu zuen. Joseba Ezkurdiak, aldiz, nabarmendu zuen pilotak “nahiko azkar” gastatzen zirela. 

Victorrek azaldu zuen txapelketan aritzea aukera ederra dela berarendako. “Txapelketa honek exijitzen duen mailan eta erritmoan jartzea nahi dut” nabarmendu zuen. Halaber, presio guztia Ezkurdiak eta Martijak dutela gaineratu zuen. “Beraiek dira gu baino gehiago puntua jokoan dutenak. Hala ere, guk gure 2. puntua izango litzatekeena lortu nahi dugu, eta, bide batez, gure enpresako kideak lagundu” aitortu zuen. Halaber, Jon Mariezkurrenak aipatu zuen “jokoa hobetzea” dela bere helburua. Beraz, Zallako partida konplikatua izango dela aurreikusten da. 

Jakak eta Zabaletak 9. puntua nahi dute
Larunbatean, Idiazabalen, Jakak eta Zabaletak Laso eta Albisu izanen dituzte arerio (18:00), eta asteazkenean egin zuten material aukeraketa.  Ezkurdiaren eta Zabaletaren kontra galdu eta gero, garaipenaren bidea berreskuratu nahi dute liderrek. 8 puntu dituzte, eta 9. puntua lortu nahi dute. Material aukeraketan Jakak aipatu zuenez, “Ezkurdiaren eta Martijaren kontra galdu egin genuen, beste arrazoi batzuen artean, partidako une jakin batzuetan akats gehiago egin genituelako”. Lizartzako aurrelariak gaineratu zuen sailkapenean atzetik dituzten bikoei 2 puntu ateratzen dizkietela, “baina oraindik ez dugu ezer ziurtatuta; hortaz, lehenbailehen 2 garaipen lortu behar ditugu”. Biharko partida zaila izango dela aurreikusten du Jakak. “Lehen itzulian eurek irabazi ziguten. Unai eta Jon Ander joko momentu bikainean daude eta partida oso konplikatua dugu aurretik. Irabazteko, dugun onena eman beharko dugu” gaineratu zuen Lizartzakoak. 

Lasok eta Albisuk, aldiz, 6 puntu dituzte eta 7. puntua nahi dute, sailkapeneko gorenerantz joateko. Beraz, partida garrantzitsua da jokoan dagoena, bi bikoek asko dutelako jokoan, dena ematera aterako baitira eta biak ala biak sasoi bikainean baitaude. Irabaziz gero, Jakak eta Zabaletak euren lidergoa sendotzea eta Ezkurdiari eta Martijari fabore ederra egitea lortuko lukete. Larunbatean, Irribarriak eta Rezustak Artolaren eta Imazen kontra jokatuko dute Labriten (18:00, ETB1), eta jardunaldia bukatzeko, igandean, Tolosan, Olaizola II.-Urrutikoetxearen kontra ariko dira Altuna III.a-Ladis Galarza (17:00, ETB1).