Irristaketa

Irristalari sakandarrak bikain Olaztin

Guaixe 2020ko urt. 31a, 10:20

Nafarroako Abiadura Irristaketa Indoor Txapelketako 1. jardunaldia jokatu zen larunbatean Olaztin, Sakana Patin taldeak antolatuta. Ehunka irristalari bildu ziren, euskaldunez gain, Zaragoza eta Burgostik etorritakoak. Iratxe eta Anne Lapuente txapeldunak izan ziren

Nafarroako Abiadura Irristaketa Indoor Txapelketa larunbatean hasi zen Olaztin. Hain zuzen ere, aipatu txapelketako I. Jardunaldia hartu zuen Olaztiko Erburua kiroldegiak. Txapelketa Nafarroako Irristaketa Federazioak antolatzen du, baina antolaketan Sakana Patin Taldea ibili zen. Ehundik gora irristalari bildu ziren, kategoria guztietan jokatu baitzen proba: mini mailatik hasi, seniorren mailara bitartean. 

Sakana Patin taldetik adierazi digutenez, bertako irristalariez gain, Zaragozatik edo Burgostik hurbildutako taldeek hartu zuten parte larunbatean Olaztin. Puntako lasterketez gozatzeko aukera eskaini zuten irristalariek, eta sakandarrek primerako maila eman zuten. Benjaminetan, gizonezkoetan, Eneko Igoa Aboitiz etxarriarra (Patin Sakana) bigarrena izan zen 400 m linean. Haurren emakumezkoen mailan, Iratxe Lapuente Perez ziordiarra (Lagunak) txapelduna izan zen 480 m linean eta hirugarrena 640 m linean, eta juniorren emakumezkoen mailan, Anne Lapuente Perez bere ahizpak 480 lineako eta 680 m lineako lasterketak irabazi zituen. Bukatzeko, gizonezkoen senior mailan Unai Villalovos Hernaz altsasuarra (Lagunak) hirugarrena sailkatu zen bi probatan: 480 m linea eta 680 m linea. 

25 gazte trebatzen dira Sakana Patin taldean
Jardunaldia etxean jokatzen zela probestuz, Sakana Patin taldeak talde aurkezpena egin zuen. Egun, 25 neska-mutiko trebatzen dira, aurrebenjamin mailatik hasita master mailaraino, Oskar Zamarron entrenatzailearen aginduetara. Nafarroako eta inguruetako irristaketa txapelketa eta lehiaketetarako prestatzeaz gain, Sakana Patin taldeak Altsasuko irristaketa eskolaren ardura du, Altsasuko udalarekin duen hitzarmenari esker. 

Sakanan pista estalia izatearen beharra
Sarritan aipatu dugun moduan, gurean irristaketa sustatzea, hori da Sakana Patin taldearen helburuetako bat, irristaketa probak bulkatzearekin batera. Sakanan irristalari asko daude, eta pista bat egiteko beharra da Sakana Patin taldeak aspaldidanik aldarrikatzen duena. “Ibarrean irristaketarako araudizko pista bat sortzea aldarrikatzen dugu aspalditik, irristalariek baldintza egokietan entrenatu ahal izateko. Sakana Patin taldean 25 gazte trebatzen dira, baina adin batera iristean, sakandar askok Iruñeko taldeetara jotzen dute, Lagunak, Amaya eta halako taldeetara, hemen pistarik ez dagoenez, eta ezin denez behar bezala entrenatu, beste taldeetan aritzeko. Irristalari sakandar asko daude ere Sakana Patin taldetik kanpo. Horregatik, Sakanan irristaketarako eta beste kirol batzuetarako erabilgarria izango den pista estali bat egiteko aldarriarekin jarraitzen dugu. Hori da gure helburu nagusiena eta pista hori ez izatea da, momentuz, gure porrotik nagusiena, Altsasuko kirolaren, Sakanako Mankomunitatearen eta Nafarroako Kirol Institutuarendako porrota den bezala, gure gazteak adin batetara iristen direnean, irristaketan jarraitzeko Iruñera joan beharra dutelako, horrek familiei eskatzen dien sakrifizioarekin, edo, bestela, irristaketa uzten dutelako” adierazi digu Sakana Patin taldeko Iñigo Lapuentek.  

Basauriko dominak
Ilbeltzaren 18an Basroller taldeak antolatutako Basauriko indoor irristaketa proba jokatu zen eta bertan aritu ziren sakandarrak. Enara Arregi (Patin Sakana), Oskar Zamarron (Patin Sakana) eta Unai Villalobos (Lagunak) altsasuarrak podiumera igo ziren, Arregi 3. postuan eta Zamarron eta Villalobos 2. postuan.