- Zer da bizi duina?
- Zer da lan duina?
- Zer da pentsio duina?
- Grebaren mezua jendearengana iritsi da?
"Jendeak grebaren arrazoiak ulertu ditu"
Gaizka Uharte
LABeko Sakanako arduraduna
1. Bakoitzak bere bizitza modu autonomoan ateratzeko modu bat da. Nire ustez bakoitzak bere bizitza modu normal batean egiteko aukera da. Gaur egun, prekarietatearengatik kolektibo asko zailtasunak dituzte bizitza duin bat aurrera eramateko.
2. Lan duina bizitza duin bat eramateko baliabide bat izan behar du. Lan duin bat izateak suposatu behar du zuk zure bizitza modu autonomoan eramatea, zure behar guztiak aurrera atera ahal izateko tresna bat.
3. Pentsioak prekarietatearekin, bizitzarekin eta lanarekin lotuta dagoen zerbait da. Urte asko lan egin ostean pertsona batek bere erretiroaren pentsioarekin bizitza duin bat ezin ateratzea ezin da onartu. Uste dugu prekarietatearen kontra eginez eta lana hobetuz, bizitza eta pentsioak ere hobetzen direla.
4. Nire ustez, bai. Gizartera iritsi denaren sentsazioarekin gelditzen naiz. Guk mezu hau zabaltzen lehenak izan behar genuela uste dut, etor daitekeenaren aurrean. Eztabaida zentroan jartzea lortu dugula uste dut. Ez dakit Nafarroa mailan nola dagoena, baina Sakanan azken egunetan giroa asko berotu da. Jendeak arrazoiak ulertu ditu eta horren fruitu dira grebaren eguneko mobilizazioak: Altsasukoa goizekoa esanguratsua iruditzen zait eta Irurtzunen ere 190 pertsona inguruk giza-kate bat egin dute. Behintzat gure eskualdean aldarrikatzen ari garena ulertu dela uste dut.
"Hori da gure helburua: gizartea ahalduntzea"
Gorka Vieger
ELAko Sakanko arduraduna
1. Azkeneko boladan gizartearen erdian merkatua, enpresa eta ekonomia jartzen direla ikusi dugu eta horrek itsutu gaitu eta eraman gaitu gizarte batera non ez diogun garrantzirik ematen ongi bizitzeko eskubideari. Langileok daukagu ongi bizitzeko eskubidea, eta ez bakarrik lanera joateko betebehar hori.
2. Lan duina definitzea ez da batere erraza, baina argi daukagu zer ez den lan duina. Azkeneko lan erreformekin langileen eskubide asko murriztu dizkigute; berezkoak geneuzkan eskubideak bertan behera utzi dituzte. Horregatik eskubide horiek berrekuratu ditzagun esaten dugu, lana ahalik eta duinagoa izan dadin.
3. Pentsioen sistema kolokan jartzen ari dira. Era interesatu batean esaten digute pentsioen sistemak ez daukala etorkizunik eta guk baietz aldarrikatzen dugu, baldin eta neurri ekonomikoak eta politikoak hartzen badira. Guztiok pentsio duin bat izateko eskubidea daukagu. Pentsio duin bat gure beharrak asetzeko gaitasuna daukaten pentsioa lortzea da. Orduan, hori 1.080 eurotan kuantifikatu dugu. Horrek pobreziatik ateratzeko aukera ematen duela pentsatzen dugu, eta gure gizarte honetan duintasunarekin bizitzeko ahalmena ematen duela.
4. Poliki-poliki. Egia da kostatzen zaigula toki guztietara iristea. Gizartea mobilizatua eta politizatua dago, baina oraindik lan handia daukagu. Poz handia ematen digu egun hauetan egin duguna: Euskal Herriko enpresa askotara iritsi gara, ia gehienetara, lan zentroetara iritsi gara, eskoletara, jubilatuen elkarteetara... Iristeko gaitasun horrekin gure mezua zabaldu dugu eta guk ere mezu berriak jasotzeko aukera izan dugu. Horrek laguntzen digu gizarte bizi bat mantentzeko. Hori da gure helburua: gizartea politizatzea, gizartea ahalduntzea eta ahal den neurrian gure eskubideak berreskuratzen borrokatzen laguntzea.