Nafarroako gazteen eta helduen bertso eskoletan "ari diren guztiei" bultzada emateko, bertso eskolen artean harremanak bultzatzeko eta "beste mota bateko" saioak antolatzeko sortu zen, besteak beste, 2012an Bardoak Nafarroako Taldekako Bertso Txapelketa. "Aurretik Nafarroako Bertsolari Txapelketa urtero egiten zen, eta ikusi zen urteroko erritmo horrek kanpoan uzten zuela Nafarroako bertsolaritzaren parte den mugimendu zabal edota bestelako esparruak eta formatuak". Ander Perez Nafarroako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea da, eta Bardoak txapelketaren bosgarren edizioak "hasierako helburu" berdinak mantentzen dituela azaldu du. Gaur ilbeltzaren 31, ostirala, hasiko Taldekako Bertso Txapelketa Etxarri Larraunen, Iruñeko Txantrea auzoan eta Iturmendin. Bardoak egitasmoaren lehenengo asteburuaren saioek bihar eta etzi jarraituko dute Erron eta Beran, hurrenez hurren. Sakaña Sakanako bertsolarien taldea "etxean" arituko dira gaur, 21:30ean, Iturmendiko gaztetxean. Ekain Alegre, Eneko Lazkoz, Idoia Granizo, Joxema Leitza, Saats Karasatorre eta Unai Artida bertsolari sakandarrek osatzen dute taldea.
Guztira hamahiru taldek parte hartuko dute Taldekako Bertso Txapelketan. Guztira, 100 bat pertsona arituko dira egitasmoa Nafarroako hainbat auzo, eskualde eta herri iristeko lanean. Auzolana eta talde lana ezinbestekoak dira: "Ez bakarrik kontu logistikoagatik. Proiektuari zentzua ematen diona da. Ez ginateke oso ongi ibiliko herrietan eta bertso eskoletan eragin eta bultzada ematea nahi eta hori dena modu zentralizatu batean antolatuko bagenu". Perezendako egitasmoaren "gakoa" hori da. "Talde eta eskualde desberdinetako taldeek hartzen dute bere gain bere saioaren antolaketa, eta horrek bere inguruan jende pila bat lotzen du". Bertsoaren inguruan edo "bertsoaren ekosisteman" arrastoa duela gaineratu du: "Jendea inplikatzen da, jendeari parte hartzeko moduak eskaintzen zaizkio".
Gaur hasi eta martxoaren 28an jokatuko da finala, Lizarran. Bardoak txapelketaren aurreko edizioetan saioak parte hartzaileen herrietan, eskualdetan edo auzoetan egiten ziren, baina aurten berrikuntza bat dago: "Bi faseetan parte hartzaileek beraiek antolatzen zituzten saioak, beraz, lehenengo fasetik finalaurrekora pasatzen zirenek bigarren saio bat antolatu behar zuten. Lan karga zen". Gainera, txapelketan parte hartzen duten taldeen herriak eta eskualdeak "antzekoak" ziren eta "ez genuen lortzen" egitasmoa Nafarroako beste eskualdetara zabaltzea. "Formatuagatik eta izaragatik esportatzeko eta beste eskualdetan txertatzeko erraza da". Horregatik aurten finalaurreko sei saioak !taldeak sortzen ez direlako egitasmoa iritsiko ez ziren" herrietan antolatzea erabaki dute: Aniz, Atarrabia, Goizueta, Jaunsarats, Tafalla eta Tutera.
Guztira 20 saio eginen dira Nafarroako 17 udalerritan. Bertsolarien hamahiru taldeak lau multzotan banatuta daude. Sakaña D multzoan dago. Lehenengo fasea gaur eta otsailaren 14ra bitarte jokatuko da, eta multzoka lehiatuko dira taldeak. Hamahiru saio eginen dira. Hortaz, multzo bakoitzeko lehenengoak eta bigarrenak sailkatuko dira finalaurrekoetarako, otsailaren 29tik martxoaren 14ra jokatuko direnak. Finala Lizarrako Lizarra ikastolako areto nagusian jokatuko da martxoaren 28an. Nafarroa Oinez 2020-rekin elkarlanean antolatu dute "bertsolaritzaren eta euskalgintzaren festa".
Bertsolaritza Nafarroan
Bardoak egitasmoaren helburua bertso eskolen aktibatu eta indartu eta haien arteko harremanak sustatzea, bertsolari eta bertsozaleen harrobia berritzea eta sendotzea, bertsolari gazte eta hasieberriei trebatzeko aukera ematea eta plaza berrietara iristea eta bertsolaritzaz gozatzeko formatu berritzailea eta ezberdina eskaintzea da. Perezek azaldu duenez, "den osotasun" bat da: "Egia da publiko orokorrarendako Bardoak eta batez ere Txapelketak iristen diren proiektuak direla, baina transmisioan lan egiten duen lan handia dagoela nabarmendu nahi dugu". Esaterako, Nafarroako Bertsolari Elkarteak Nafarroako Gobernuaren eta udalen laguntzarekin momentu honetan Nafarroan 48 ikastetxetan bertsolaritza "transmititzen" ari direla goraipatu du. "2500 ikasle baino gehiagok jasotzen dute eskolan bertan bertsolaritza". Eskolaz kanpo 50 bat eskola daude, "bertsotan aritzeko eta haien herrietan eragiteko, saioak antolatzeko eta bertsolaritzaren transmisio hori egiteko". Nafarroako bertsolaritzaren osasuna "ona" da.
Nafarroako Taldekako Bertso Txapelketaren lehen faseko saioetan beste multzo bateko talde bateko bi kidek epaituko dute saioa, puntuaziorik jarri gabe; ariketaz ariketa talde onena aukeratuz. Entzuleek ere zeresana dute eta saioan hobekien nor aritu den baloratzeko aukera izanen dute. Bi horietatik aterako da saio bakoitzeko irabazlea.