Haurrendako album ilustratuak sortzeko deia

Guaixe 2020ko ots. 4a, 11:39
Album ilustratuak 'Itsaspeko bihotzak' erakusketan. ARTXIBOA

Nafarroako 22 toki entitateen euskra zerbitzuek, Sakanako Mankomunitatea barne, Etxepare Sariaren edizio berri bat jarri dute martxan. Lanak aurkezteko epea 2020ko maiatzaren 8an, ostirala, itxiko da.

Haurrei zuzenduriko album ilustratuak sortzea du helburu Nafarroako 22 toki entatiteek urtero antolatzen duten Etxepare sariketa. Lanak euskaraz idatziak, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan behar dute. Sarian 16 urtez gorako edonork parte har dezake, bakarka edo idazle eta ilustratzaileen bikoteak. Gainera, egileek nahi beste lan aurkez ditzakete. Lanak aurkezteko epea dagoeneko zabalik dago eta maiatzaren 8n, ostiralean, bukatuko da. Epaimahaiak erabakia hartzeko azken eguna ekainaren 30a izanen da. Sari bakarra dago: 5.000 euro egile eskubideen aurrerapen moduan.

Album ilustratu bat testua eta irudia elkarren osagarri dituzten lanak dira. Etxepare Sarietara aurkezteko lanen formatua librea da, baina lanak ez dira 20X21 cm baino txikiagoa izanen. Gainera, gutxienez 15 orrialde bikoitz izanen dituzte, barruko orrialdeak kontuan hartuz. Testuek ezin dituzte 4.000 karaktere baino gehiago izan, zuriuneak barne.

Lehiaketan parte hartu nahi duten sortzaileek album ilustratuaren maketa aurkeztu beharko dute; bukatutako albumean agertuko liratekeen testuekin zein ilustrazioekin. Maketa ez da koadernatu beharrik. Gainera, pendrive batean maketaren kopia bat pdf formatuan bidali beharko dute, lan osoa fitxategi bakarrean. Testua WORD dokumentu batean pendrive-an sartu beharko dute ere. Jatorrizko ilustrazioak entregatzeko aukera dago ere. Guztia Etxepare saria, Leitzako Udala-Euskara Zerbitzua, Elbarren 1, 31880 Leitza (Nafarroa) helbidera bidali behar da. 
Lanak izengoitiaz izenpeturik egongo da. Hortaz, lanarekin batera gutun-azal itxi bat aurkeztuko da: kanpoaldean lanaren titulua eta goitizena agertuko da eta barruan egilearen edo egileen datuak egonen dira.

Saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du euskaraz, eta argitalpenean Etxepare sariaren aipamena eginen da. Epaimahaia haur literatura eta ilustrazioan adituak diren pertsonek osatuko dute. Euskara teknikari bat izanen da idazkaria.  
Sariaren azken lau deialdietako batean jaso duten idazleen edo ilustratzaileen lanak alde batera utziko dira.