Futbola

Preferente maila: Lagun Artek erraz irabazi zion Ondalani eta Etxarrik ezin izan zuen Mutilbera mendean hartu

Guaixe 2020ko ots. 3a, 12:51

Preferente maila. 17. jardunaldia: Lagun Artea 4 – Ondalan 1 / Mutilbera 1 Etxarri 0

Preferente mailan txanponaren bi aldeetan daude Lagun Artea eta Etxarri Aranatz. Lagun Arteak Ondalan taldea hartu zuen Zelai Berrin eta hasieratik gailendu ziren lakuntzarrak. 15. minuturako3 eta 0 aurreratu ziren, Nabilek sartutako bi golei eta Igantzik lortutakoari esker. Nahiz eta Lagun Arteak partida bideratua izan, 29. minutuan Ondalaneko Hermosok gola sartu zuen eta 33. minutuan arbitroak Unai Zubiria lakuntzarra aldageletara bidali zuen. Horrek egoera korapilatu zuen, eta jokalari bat gutxiagorekin, Lagun Artea defentsara pasa zen, ahal zuenean kontraerasoan ateratzeko.

Bigarren zatian, eta kontraeraso horietako batean, Unai Bakaikoa aurreratu, eta baloia Ondalaneko atezainaren gainetik jaurtiaz, Lagun Artearen laugarren gola lortu zuen. Eta horrela, 4 ea 1 irabazita, garaipen garrantzitsua lortu zuten lakuntzarrek, sailkapeneko 2. postuan egotea ahalbideratzen diena. 

Aldiz, Etxarri Aranatz Mutilberaren kontra saiatu egin zen, baina ez zen nahikoa izan eta punturik gabe itzuli ziren etxarriarrak. Lehen zatian Mutilberak gol aukera bikainak sortu zituen, baina etxarriarrek atea hutsean mantentzea lortu zuten. Bigarren zatian Mutilberak dominatzen jarraitu zuen, eta azkenean 53. minutuan gola sartzea lortu zuen. Etxarri partida berdintzen saiatu zen, baina ezinezkoa izen zen. Mutilbera goiko postuetara begira jarri da eta Etxarri Aranatz, aldiz, azken postura jaitsi da. 

Sailkapen orokorrean Beti Casedanok jarraitzen du lider (33 puntu), eta Lagun Artea bigarrena da, 2 puntura (31 puntu). Tamalez, Etxarri Aranatz azkeneko postura jaitsi da (15 puntu) eta beheko postuetatik ateratzeko berehalako erantzuna eman beharko dute. Asteburuan, 29 punturekin sailkapenean hirugarrena den Arrotxapearen kontra arituko da Lagun Artea, goiko postuetako borrokan. Etxarri Aranatzek, aldiz, sailkapenean 9. den Amigo hartuko du San Donato zelaian; ea etxean jokatzeak puntuak pilatzen eta azken postua atzean uzten laguntzen dien etxarriarrei.