Pilota

Binakakoa: sakandarrak sailkapenaren gorenean

Guaixe 2020ko ots. 3a, 14:01
Zabaleta ikusgarri aritu zen larunbatean Idiazabalen.

Ezkurdiak eta Martijak garaipen garrantzitsua lortu zuten Victorri eta Mariezkurrenari 22 eta 16 irabazi eta gero, eta Jakak eta Zabaletak 16 tantotan utzi zituzten Laso eta Albisu

Binakako Pilota Txapelketak beste jardunaldi zoragarri bat utzi du asteburuan. Gure pilotariak sasoi betean aritu dira eta garaipen sendoak lortu dituzte, sailkapenaren goialdean egotea ahalbideratzen dietenak. 

Ostiralean, Zallan, Oinatz Bengoetxea ordezkatu zuen Victor eta Mariezkurrena II.a izan zituzten aurkari Ezkurdiak eta Martijak. Zazpigarren puntua lortu nahi zuten pilotari sakandarrek, sailkapeneko goiko postuetan jartzeko, eta ez zuten hutsik egin. Hala ere, garaipena lortzea kosta egin zitzaien. Bi bikoek nahiko trabatuta ekin zioten partidari. Paretsu ibili ziren lehen tarte horretan, zazpira, zortzira eta 9ra berdinduta. Hutsak eta jokaldi onak tartekatzen ziren, erritmorik ez zuen partidan. Martija serio ibili zen atzean, eta Etxeberriko atzelaria Mariezkurrena estutzen hasi zen. Horrekin batera, Ezkurdia gehiago asmatzen hasi zen aurrean, eta, gutxika, tantoak pilatzen hasi ziren sakandarrak. Baina Victorrek eta Mariezkurrenak 15era berdintzea lortu zuten. Hortik aurrera, ordea, nagusitasuna hartu zuten sakandarrek eta, azkenean, 22 eta 16 irabaztea eta urrezko puntua lortzea lortu zuten. 

Larunbatean, Idiazabalen, Jakak eta Zabaletak 22 eta 16 irabazi zieten Lasori eta Albisuri. Liderrek eren 9. puntua lortu zuten, eta horrekin batera mesede handia egin zieten Ezkurdiari eta Martijari, euren arerio zuzenak diren Laso eta Albisu puntuatu gabe geratu zirelako. 
Zabaletari kosta egin zitzaion partidan sartzea, baina behin sartuta bikain aritu zen Etxarrengo atzelaria; lehia ikusgarria izan zuen Albisurekin, baina azkenean sakandarra gailendu zen, eta Erik Jakaren laguntzarekin, garaipen garrantzitsua lortu zuten liderrek. 10 tantoko berdinketaren ondoren, Aspekoek 6 tantoko takada egin zuten eta hortik aurrera, garaipen erosoa lortu zuten, 22 eta 16. 

Sailkapena
Binakako hasierako ligaxkako 11 jardunaldi jokatuta, Jaka eta Zabaleta dira lider (9 puntu). Bigarrenak Artola eta Imaz dira eta hirugarrenak Ezkurdia eta Martija, biak 7na punturekin. Altuna-Ladis Galarzak eta Laso-Albisuk 6na puntu dituzte, eta Irribarria-Rezustak eta Olaizola II.a-Urrutikoetxeak 4napuntu. Azkenik, Bengoetxea eta Mariezkurrenak zuloan jarraitzen dute, puntu batekin. 

12. jardunaldiak dakarrena
Ostiralean, Jaka eta Zabaleta Olaizola II.aren eta Urrutikoetxearen kontra ariko dira Zestoan. Euren 10. puntua lortu nahi dute Jakak eta Zabaletak, eta Olaizolak eta Urrutikoetxeak, aldiz, finalerdietara sailkatzeko borrokan egotea. Hortaz, partida lehiatua espero da. Larunbatean, Bizkaia pilotalekuan, Altuna eta Ladis Galarzak Laso eta Albisu izanen dituzte aurkari. Bi bikoak 6na puntu dituzte eta jokoan dagoena, beraz, urrezkoa da. Larunbatean, Labriten, Irribarria eta Rezusta Bengoetxearen eta Mariezkurrenaren kontra ariko dira. Irribarriak eta Rezustak bosgarren puntua lortu nahi dute jokoan ezer baina taldekideak lagundu nahi dituzten Bengoetxearen eta Mariezkurrenaren kontra. Eta, bukatzeko, igandean, Tafallan, Ezkurdia eta Martija Artola eta Imazen aurkari izango dira, sailkapeneko bigarren postua erabakiko duen partida lehiatu eta gogorrean. Beraz, beste jardunaldi ikusgarri baten atean gaude.