Aizkora

Aizkoran aritzera probatu nahi duzu? Eman izena Sakanako Aizkora eskolan!

Guaixe 2020ko ots. 5a, 14:13
Juanito eta Migel Angel Erdozia, Sakanako Aizkora Eskolan trebatzen den ikasle bat laguntzen, Sakanako Herri Kirol Egunean.

Martxoaren 3an hasiko da Sakanako Aizkora Eskola, erdoziatarrek Etxarri Aranatzen gidatuko dutena. 10 urtetik aurrerakoek eman dezakete izena, otsailaren 25a baino lehen

Sakanako Mankomunitateak herri kirolak babesten jarraituko du beste behin eta, aurten ere, Sakanako Aizkora Eskola antolatu du. Aurreko urtean bezala, Juanito Erdozia, Migel Angel Erdozia eta Juanjo Erdoziak gidatuko dute eskola, Etxarri Aranazko euren bordan, eta aizkoran hasi, probatu edo trebatu nahi dutenendako primerako aukera da Mank-ek eskaintzen duena. Klaseak Etxarri Aranatzen izanen dira, erdoziatarren bordan, martxoaren 3tik maiatzaren 8ra bitartean, asteartetan eta ostiraletan, 19:30etik 20:30era. 

Izan ere, sarritan herri kiroletan aritzea nahiko genuke, baina horretarako beharrezkoak diren materialak eta baliabideak izatea –aizkoraren kasuan aizkorak, enborrak, entrenatzeko tokia…– ez dago denen eskura. Eta, hain zuzen ere, gabezia horiei irtenbidea emateko sortu zuen Mankomunitateak Sakanako Aizkora Eskola, aizkoran hasi edo trebatu nahi dutenei kirol honetan murgiltzeko baliabideak emateko. Sakanako Aizkora Eskolarekin, aizkoran hasteko baliabideak eskura dituzte bertan izena ematen dutenek. Hasieratik arrakasta handia izan du Sakanako Aizkora Eskolak eta urtero bertan aritzeko tokiak betetzen dira. Bestalde, Sakanako Aizkora Eskolarekin, aizkora bulkatzeaz gain, Sakanan aizkolari harrobi on bat osatu nahi da. Asko dira bertatik atera diren aizkolariak, egun txapelketetan aritzen direnak. 

Izena ematea zabalik, otsailaren 25a baino lehen

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan eman behar da izena, otsailaren 25a baino lehen (948 464 866, kirolak@sakana-mank.eus). Prezioa: 55 euro. Adina: 10-20 urte bitarteko neska-mutilak. Tokia badago, helduagoek ere.