Atletismoa

Sakanako Atletismo Kopa: Erkuden San Martin eta Javi Moreno txapeldunak

Guaixe 2020ko ots. 6a, 15:41

Asteartean Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Lasa Kirolaken babesletzarekin antolatutako 2019ko Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Sariak banatu ziren. 5 probek puntuatzen zuten. San Martin eta Moreno izan ziren onenak

Asteartean 2019ko Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Sariak banatu ziren Lasa KirolakekAltsasun duen dendan. Sakanako Mankomunitateak antolatzen du Kopa, bailaran atletismoa sustatu eta gurean antolatzen diren lasterketetan bertako korrikalarien parte-hartzea sustatzeko. Mankomunitateko kirol teknikaria den Amaia Gerrikagoitiak nabarmendu zuenez, “2019an 16. Sakanako Atletismo Kopa antolatu zen, jada 16 edizio, eta aurten ere Sakanako Kopa antolatuko da, 17. urtez jarraian”. Lasa Kirolak babesle nagusiaren laguntza eskertu zuen Gerrikagoitiak, sari-ematea egin baino lehen. 

2019an Sakanan antolatutako bost lasterketek puntuatzen zuten: VI. Ziordiko Herri Krosak (apirilak 6), XVI. Aitzkozar Herri Krosak (ekainak 15), Ergoienako XVI. Birak (irailak 21), Sakanako XIX. Herri Lasterketak (urriak 26) eta Altsasuko Barricarteren XXXIX. Oroimenezko Oinezko Lasterketak (abenduak 8). Sakanako 10 korrikalari hoberenek puntuatzen zuten, eta Sakanako Kopako saria jaso ahal izateko lasterketa guztietan parte hartu behar zen, batean izan ezik. 

Horrela, emakumezkoetan Erkuden San Martin Gonzalez etxarriarra gailendu zen, aurreko edizioan bezala, Izaskun Beunza Azazeta korrikalari etxarriarraren aurretik. Hirugarrena Maite Zabaleta Gomez etxarriarra izan zen. Eta, gizonezkoetan, Javi Moreno Jorge altsasuarra izan zen Sakanako Kopako irabazlea, Raul Audikana Arrese olaztiarraren eta Jose Javier Maiza Begiristain etxarriarraren aurretik. Irabazleek 80 euro jaso zituzten, Lasa Kirolaken kirol materialean gastatzeko, bigarrenek 60 euro eta hirugarrenek 40 euro, hauek ere kirol materialean gastatzeko. 

Horretaz gain, Koparako puntuagarriak ziren bost lasterketetan parte hartu zutenen artean – Erkuden San Martin, Javi Moreno, Iñigo Orella eta Joxeja Maiza– Lizarragako tuneleko aterpean gau bat eta gosari bat zozketatu ziren eta Javi Morenori egokitu zitzaion saria. 

Irabazleak pozik
Pozik zegoen Javi Moreno. Bi urte eman zituen lasterketetan parte hartu gabe, lotailu gurutzatuan arazoak tarteko. “Eskuineko belaunean mina sentitzen nuen, erresonantzia egin eta lotailu gurutzatua gaizki nuela ikusi zen. Bi urte egon nintzen lasterketetatik erretiratuta, arazoa ebakuntzarik gabe sendatzen saiatzeko, laser bidez. Tarteka nabaritzen dut minaren bat, baina askoz hobeto nago eta aurten, behintzat, lasterketetara itzuli naiz, eta jarraitzeko asmoarekin. Oso pozik nago Kopa irabazi izanagatik” azaldu zuen. Erkuden San Martin ere kontentu zegoen. Sakanako herrietako lasterketetan parte hartzea gustuko du korrikalari etxarriarrak, eta sasoi betean dagoenez, aurten ere Kopa irabazi du.