Atletismoa

Izaskun Beunza eta Leire Estarriaga primeran Nafarroako Kros Luzeko Txapelketan

Guaixe 2020ko ots. 7a, 11:00

Izaskun Beunza bosgarrena sailkatu zen eta Leire Estarriaga 22. postuan, Nafarroako 23 urtez azpikoetan hirugarrena

Igandean Lizarrako Krosa jokatu zen Los Llanos zirkuituan, aldi berean Nafarroako Kros Luzeko Txapelketa izan zena. Goiz eguzkitsua izan zen, eta tarteka beroari egin behar izan zioten aurre korrikalariek. Giroa bikaina izan zen eta ikusle asko bildu ziren korrikalarien ahalegina txalotzera.  Gizonezkoek 9,3 km-ko proba osatu behar izan zuten eta Grupompleo taldeko Javier Nagorek irabazi zuen (29:13). Nagorek onartu zuen hasieran erraz egin zuela aurrera, baina azkenean proba “luzea” egin zitzaiola onartu zuen. Halaber, korrikalarien maila “geroz eta handiagoa” dela nabarmendu zuen. “Urtero jende gehiago dator; oso indartsuak diren korrikalari gazteak datoz atzetik, eta otsailaren bukaeran jokatuko diren pista estaliko Espainiako Kros Txapelketan aritu ahal izateko maila eman eta aurrean egon behar da” aipatu zuen. Nagoreren atzetik Jaouad Boualame (Ribera Atletico, 29:46) eta Ayrton Izkue (Ardoi, 30:11) sailkatu ziren. 

Beunza 5. eta Estarriaga 22.
Emakumezkoek 7,2 kilometroko distantzia osatu behar izan zuten. Amaia Melero ez zen aritu, bezperan Valentzian aritu baitzen, eta nabaritu egin zen. Alicia Carrera (Grupompleo) ere Valentzian aritu zen, baina Lizarran aritzea erabaki zuen eta hasieratik hartu zuen aurrea. Nagusitasun handiz gailendu zen Grupompleo taldeko korrikalaria (26:44), eta Vanesa Pachak (Hiru-Herri, 27:02) eta Nuria Rodriguez (Beste Iruña, 27:18) osatu zuten podiuma. Izaskun Beunza olaztiarrak (Beste Iruña) lan bikaina egin zuen eta bosgarren postuan gurutzatu zuen helmuga (28:11). Aipatzekoa da ere Leire Estarriaga Navarro etxarriarra oso ongi aritu zela. Proba nagusian 22. postuan sailkatu zen (32:37) eta Nafarroako Kros Luzeko Txapelketako 23 urtez azpiko emakumezkoen mailan hirugarrena sailkatu zen. 

Izaskun Beunzak Espainiako Pista Txapelketa du hurrengo helburu
Izaskun Beunza pozik dago igandean Lizarran egindako lanarekin, bere denbora hobetu baitu. Hala ere, beroarekin sufritu zuela aitortu du. “Tarteka bero handia egiten zuen, eta gogorra egin zen, baina bosgarrena sartu nintzen, denbora hobetu nuen, eta oso kontentu nago” aipatu digu korrikalari olaztiarrak. Kros denboraldian dabil Beste Iruña taldeko korrikalaria, eta aurki pistan entrenatzen hasiko da buru-belarri, apirilaren 9an Portugalen jokatuko den Espainiako Atletismo Pista Txapelketan arituko baita, 10 kilometroko proban. “Espainiako Txapelketan aritu ahal izateko eskatzen den gutxieneko denbora egitea lortu dut eta bertan aritzea lortu dut. Oso kontentu nago, eta helburua proba ongi prestatzea da. Estatuko atleta onenekin aritzea handia izango da niretzat, eta horrekin konformatzen naiz, baina ahalik eta lan onena egin nahi dut” adierazi digu.