Duatloia

Mikel Astiz hirugarren nafarra Tuteran

Guaixe 2020ko ots. 6a, 15:52

Igandean Tuterako Duatloi Krosa jokatu zen, Nafarroako Duatloi Kros Txapelketa. Nafarroako txapelketan Mikel Astiz hirugarrena sailkatu zen, eta Juan Luis Maiza beteranoetan bigarrena

Asteburuan Tuterako Duatloi Krosa jokatu zen, Nafarroako Duatloi Kros Txapelketa. Horrela, 2020ko duatloi denboraldiari hasiera eman zioten Sakana Triatloi Taldeko kideek eta beste taldetan aritzen diren kirolari sakandarrek.

Tuterako Duatloi Kroseko proba nagusiak sprint distantzia zuen –5,5 km korrika, 22 km bizikletan eta 2,5 km korrika– eta guztien artean Soria taldeko Sakandarrei dagokienez, Pablo Perez gailendu zen (1:07:03). Aurten Donibane taldean dabilen Ihabarko Mikel Astiz Erro bosgarrena izan zen helmugan (1:07:37), eta Nafarroako Txapelketan hirugarrena sailkatu zen. Bestalde, Juan Luis Maiza etxarriarrak lasterketa ona egin zuen eta 31. postuan sartu zen (1:14:41), bere kategorian, beteranoen 2. mailan, hirugarrena eta Nafarroako txapelketan bigarrena. Bestalde, emakumezkoetan, Saltoki taldeko Enara Oronoz izan zen azkarrena (1:16:57). 

Nafarroako Kirol Jokoetarako baliagarria zen kategoria txikietako lasterketetan ongi ibili ziren sakandarrak. Horrela, gizonezkoen benjamin mailan Unax Mazkiaran bosgarrena sailkatu zen, eta gizonezkoen haurren mailan seigarrena iritsi zen helmugara Ekain Imaz.