Alabak euskal herritar aktiboak izatea helburu, ikastolarako hautua egin genuen. Oinez, gure eskuei helduta zihoazela hautua egin eta orain hegan, bakarrik egingo dute bere bidea ikastola utzita, baina ez bertan bizitakoa ahaztuta.
Ikastola, euskaraz ikastea baino gehiago da. Familien pausaleku bat da, bigarren etxe bat da. Ikastolan etorkizunerako erronkak aurkituko ditugu, familien parte hartze aktiboa (kooperatibismoa) sustatzen duena, Euskal Herria eraikitzen norbanakoak bere alea jarriz, elkarrekin ikastolen mugimendua osatuz, elkarri lagunduz.
Ikastolek hezkuntzan pisu handia dute, euskalgintzan eta herrigintzan eta bereziki izaera kooperatiboan. Kooperatibismoa ez da formatu juridiko bat, mugimendu bat baino. Ikastolena, estatu eta merkatu logiketatik ihes egiten duen mugimendua da. Erabaki publikoetan eragitea du helburu ikastolen mugimenduak.
Ikastolak izaera sozial nabarmena duten ikastetxeak dira, irabazi asmorik gabeak, demokratikoki kudeatuta, gardenak, ideologikoki anitzak eta laikoak. Ikastolak, administrazioak baimenduta eta ikuskatuta diren zentroak dira, zentzu horretan administrazioaren kontrolpean daudenak. Ikastolak, publiko herritarrak dira, AEK edo Sakanan Guaixe komunikabidea den moduan, besteak beste.
Ikastolak euskal lurraldeari atxikituriko espazioak dira. Ikastolak euskararen hutsunea zegoen espazioetan sortu ziren. Gure lurraldeen beharra euskaratik harago doa. Izaera komunitarioaren garapena eta komunitarioaren indartzea dute oinarri ikastolek.
Ikastolek tokiko ekonomian eragin handia dute, jangelak, IKT, aisialdi zerbitzuak, Ikastolen festak, ikas material propioa... eta kulturan eta euskalgintzan zer esanik ez, ahal den ekimen guztietan parte hartuz, eraginez eta horren adibide estreinatu berri den Lur eta Amets pelikula kasu.
Ikastolek euskal identitatea, euskal komunitatea garatzea izan dute helburu eta gaur egun herrien funtsa bilakatu dira, horretan dihardugu. Bazatoz?