“Sakandarrak Berdintasun Plana egitera animatzen ditugu”

Guaixe 2020ko ots. 7a, 14:55

Udal hautetsiak astelehenean parte hartu zuen plana egiteko saioan.

Adin guztietako Sakanako emakumezkoak gonbidatuta daude heldu den asteleheneko parte hartze saiora. Eta hilaren 17an eginen den saiora sakandar guztiak, guraso-, kirol-, kultur-, gazte- edota jubilatu-elkarteak gonbidatu dituzte. Mank-ek guztien ikuspuntua jaso nahi dutelako. 

Sakanako Mankomunitateak ibarreko I. Berdintasun Plana egiteko Errotik, Sakana parekidea parte-hartze prozesua martxan jarri du. Parte Hartze prozesua astelehenean hasi zen ibarreko hautetsien saioarekin eta gaur izanen du segida udaleko eta gizarte zerbitzuetako teknikariei zuzendutako saioarekin. Parte-hartze prozesua hurrengo bi asteetan izanen du segida eta sakandarrak haietara joatera animatu dituzte. Saioak Mank-en Lakuntzako egoitzan izanen dira eta antolakuntza errazteko aldez aurretik izena ematea eskertu dute (berdintasuna@sakana-mank.eus e-posta helbidea). 

Oihana Gallo San Roman 
Sakanako Mankomunitatearen berdintasun teknikaria 

Zer moduzkoa izan da aurreneko parte hartzeko saioko balorazioa? 
Parte hartu zutenen balorazioak jasotzen ari gara, baina, orokorrean, balorazio oso positiboa izan da. Aurreko asteetan komunikazio kanpainarekin batera eta bestera ibili gara eta, badirudi, oihartzuna izan duela. Astelehenean 19 alkate eta zinegotzi elkartu ziren saioan. Nahikoa parekidea izan zen: bederatzi gizonezko eta hamar emakumezko. Herri gehienek parte hartu zuten, bai alkateak, bai zinegotziren batek. Alde kuantitatibo eta kualitatibotik, oso pozik. 

Zein metodologia erabiltzen duzu? 
Saioen egiturak hiru zati ditu. Aurrenekoan, oinarrizko prestakuntza lantzen da, berdintasunari buruzko oinarrizko kontzeptuak lantzen dira. Berriki onartu den Nafarroako Berdintasunerako Legea aurkezten dugu. Mank-eko Berdintasun Zerbitzuak legeari buruzko txostena argitaratu du. Hori aurreago eskura emanen zaie txostena, baina aurkezpena egiten da parte hartze saioetan. Horretaz aparte, aurretik landu den planaren egituraren berri ematen da. Aurreneko tartea, egia esan, asteleheneko parte-hartzaileek ongi hartu zuten, baina “hainbeste kontzeptu eta legerekin intentsoegia” izan zela esan zuten. Baina praktikora salto egiteko beharrezkoa da oinarri hori izatea.

Atsedenaldiaren ondoren talde dinamika bat egiten da. Sakanako Berdintasunerako Planak lau arlo izanen dituenez, lau talde osatzen dira eta bakoitzean lau arloak landu zituzten. Ekarpenak jasotzeko. Hiru ordu dira, baina, egia esan “ti-ta” pasa zitzaigun astelehenean. 

Sei parte-hartze saioetan egitura bera mantenduko da. Baina saio bakoitzaren profilean sakontzen ari gara. Esaterako, alkate eta zinegotziekin, gehien landu genuen atala gobernantza eta zeharkakotasuna izan zen. Beste hiru arloak ere landu genituen: ahalduntzea, indarkeria eta bizitzaren jasangarritasuna. Baina profila kontuan hartuta gai batean gehiago sakonduko dugu. Gaur udal teknikariak eta gizarte zerbitzuetako teknikariak izanen ditugu, 20 batek eman dute izena. Gehienak idazkariak eta gizarte zerbitzuetako teknikariak dira gehienak. Batez ere, emakumeenganako indarkeria landuko dugu batez ere haiekin. Eta idazkarien kasuan gobernantza eta zeharkakotasuna gehiago sakonduko dugu. 

Astelehenean emakumezkoen, emakumezkoen elkarteen eta mugimendu feministaren txanda izanen da. Haiekin ahalduntzearen arloa landuko dugu batez ere. 

 

Parte-hartze saioen egutegia 
Otsailak 7, ostirala 
10:00etatik 13:00etara Udal teknikariak eta gizarte zerbitzuak. 

Otsailak 10, astelehena 
17:00etatik 20:00etara Emakumezkoak, mugimendu feminista eta emakume elkarteak*. 

Otsailak 14, ostirala
10:00etatik 13:00etara Sakanako Mankomunitateko langileak. 

Otsailak 17, astelehena 
17:00etatik 20:00etara Herritarrak, elkarteak, guraso elkarteak…* 

Otsailak 21, ostirala 
10:00etatik 13:00etara Tokiko garapena. 
* Saio horietan 3 urtetik gorako haurrendako zaintza zerbitzua izanen da, baina astebete lehenago eskatu beharko da. 

 

Erlazionatuak