Klima-aldaketak planeta guztiari eragiten dio eta, bereziki, babestuta dauden natur guneei. NaturClima Europako proiektua Pirinioen bi aldeetan dauden babestutako natur guneen kalteberatasun handian oinarritzen da. Urbasa-Andia eta Bertiz natur parke nafarrak, Pirinioetako Parke Nazionala eta itsasertzeko gune atlantikoak eta itsasokoak hautatu dituzte proiekturako. Izan ere, hiru eskualdeetako natur- eta kultura-ondarearen adierazgarri dira gune babestu horiek, eta haien kudeaketa, gobernantza eta zerbitzuak egoera berrira egokitu behar dira.
NaturClima proiektuaren helburuen artean daude: natur guneak kudeatzeko eta gobernatzeko lankidetza areagotzea, klima-aldaketara egokitzea babestu, sustatu eta hobetzeko, jardunbide egokiak identifikatuz, inplikatutako guztien arteko ezagutza-transferentzia eta gobernantza parte-hartzailea bultzatuz, eta esperientzia pilotu berritzaileak garatuz, erreferentziazko naturagune bihurtzeko, arazo berrira egokitzeko.
Horretarako, hainbat ekintza tekniko aurreikusi dituzte, klima-aldaketara egokitzeko jarduera berritzaileak hiru gaitan multzokatuz: hegaztien migrazioa eta fenologia (klima-faktoreak eta hegaztien eta beste izaki bizidun batzuen zikloak erlazionatuz), natur guneen kudeaketa eta gobernantza parte-hartzailea, eta ingurumen-hezkuntza, prestakuntza eta informazioa. Ekintza zehatzak mugaz gaindiko lankidetza-espazio hori sortzetik, natura-gune enblematikoetako ekipamenduak eta zerbitzuak egokitzera eta hobetzera doaz, prestakuntza, zabalkundea eta ingurumen-hezkuntza ahaztu gabe, funtsezko jarduera eta gainerako guztietarako zeharkakoa baita.
Proiektuaren metodologia eta ezarpena eskualde horietako eta beste lurralde batzuetako beste natur gune batzuetara eraman ahal izango da.
Proiektuaz
Nafarroako Gobernua, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuaren bitartez, Interreg POCTEFA NaturClima proiektu europarraren buru da. Proiektuan Nafarroa, zehazki, GaN eta Nasuvinsa enpresa publikoek ordezkatzen dute. Harekin batera daude Parc National des Pyrénées, CPIE Bigorre-Pyrenees eta Miarritzeko Mer Zentroa.NaturClima proiektuaren garapenak 30 hilabeteko egutegia du 2022ko garagartzarora arte, eta 2,1 milioi euroko aurrekontua du; horietatik % 65 Eskualde Garapeneko Europako Funtsek finantzatzen dute.
POCTEFA 2014-2020 Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra programa da, hiru herrialdeen arteko mugako lurraldearen garapen iraunkorra sustatzeko sortutako lurralde-lankidetzako ekimen europarra.