Torturaren kontrako eguna da otsailaren 13a, egun horretan, 1981ean, torturen ondorioz Joxe Arregi hil zelako. Hori dela eta, Iluntasunetik argitasunera ekitaldia antolatu du Sakanako Sortuk gaurko. Ezker abertzaletik azaldu dutenez, “urteak dira Sakanan torturaren errealitatea iluntasunetik argitasunera pasatzeko pausoak egiten ari garela”. Gaztigatu dutenez, ibarrean 1960 eta 2014 urteen artean izandako 149 tortura kasu egiaztatu dituzte dagoeneko. “Tamalez, gehiago izanen dira, ziurrenik. Zifra horrek gure herriak askatasunaren eta demokraziaren alde borrokatzeagatik jasandako sufrimendua gordetzen du”.
Sakanako Sortutik adierazi dutenez, “ezin ditugu ahaztu, eta doakie gure besarkadarik beroena, torturapean jasotako testigantzen ondorioz gaur egun espainiar eta frantziar espetxeetan dauden euskal preso politiko guztiei eta, bereziki, sakandarrei”. Haiek kalean beharko luketela azpimarratu dute. Tortura pairatu dutenen “benetako erreparazioa eman dadin, tortura Estatu espainiarrak erabili duen metodo sistematikoa izan dela aitortu beharra dago”. Horregatik, “bake prozesu integral bat bultzatu” beharra aldarrikatu du Sakanako Sortuk, “urte luzez modu kontzientean estali diren egoerak ikustaraziz eta aitortuz, ez errepikatzea berma dadin”. Aldi berean, Nafarroako Gobernuari dei egin dio Sakanan “eman den errealitate hori lehenbailehen iker dezan. Gizarteari zor zaio”.