M. Ansa eta H. Gonzalez

"Egunean Behin jokoan lehiakortasuna sanoa da"

Guaixe 2020ko ots. 7a, 11:03
Maider Ansa eta Hasier Gonzalez Egunean Behin jokoaren erabiltzaileak.

Egunean Behin aplikazioaren hirugarren denboraldia hasi zen astelehenean. Zortzi astez egonen da akitbo. Maider Ansa eta Hasier Gonzalez lehenengo denboraldian sartu ziren.

Guztira, 60.000 erabiltzaile baino gehiago ditu Egunean Behin aplikazioak. Guaixek Sakana taldea sortu du.

1. Zer da Egunean Behin?
Hasier. Telefono mugikorraren aplikazio bat da, joko bat. Izenak dioen bezala egunean behin sartu behar zara eta hamar galdera erantzun. Egunean behin, hamar galdera. 
Maider. Kultura orokorreko hamar galdera egiten dizkizun aplikazio bat da eta aplikazio horretan taldeak sor ditzakezu eta zure inguruko laguneko pike bat sortu; ea nork lortzen dituen puntu gehiago. 

2. Nola ezagutu zenuen joko hau edota zergatik sartu zinen?
H. Egin esan, kuadrillako batek esan zidan aste horretako Egunean Behin-eko irabazlea nire anaia izan zela, eta esan nion: "zer da hori?". Orduan, sartu nintzen eta ikusi nuen baietz, nire anaia zela. Hortik aurrera hasi nintzen jokatzen ni ere. 
M. Ez naiz gogoratzen. Baina bai nire kuadrillan horrelako txorakeriekin asko pikatzen garela. Joko bat atera zela eta talde bat egiteko proposatu zuten. Galtzen zuenak afari bat ordainduko zuela esan genuen. Ez dugu inoiz bete, baina pikatzen gara. 

3. Noiz hasi zinen?
H. Ez naiz oso ongi gogoratzen, baina pasa den urteko udaberrian. Lehenengo denborladian. 
M. Lehenengo denboraldian. 

4. 10 galdera erantzun behar dira. Zer nolako galderak dira?
H. Oso desberdinak. Euskal Herriko lekuak, geografia, argazkiak, mapak, testuen eta ohituren ingurukoak, matematika eta logika, hemengo zein munduko pertsonaia ospetsuak, haien adinak... azken hauek zailak izaten dira. 
M. Ariketa matematikoak, euskal kulturako jende ezagunari buruzkoak, kantuen ingurukoak kantuen letrak osatu behar, herrialdetako banderak, Euskal Herriko herrietako argazkiak herria identifikatzeko, zenbaketa azkarrak... 

5. Denbora mugagabea da?
H. Ahalik eta galdera gehiago erantzun behar dira, ahalik eta denbora gutxienean. Nahiz eta 10 galdera erantzun hiru minututan, nik 9 asmatzen baditut 30 segundotan nik puntuazio hobea izango dut. Ez dakit nola egingo dute batez besteko hori, baina horrela da. 

6. Sailkapen orokor bat dago, zein izan da zure posturik hoberena?
H. Pasa den urtean hamaseigarrena gelditu nintzen. Abenduan. Gainera, beste Altsasuko batekin egoten nintzen komentatzen ni seigarrena nengoelako eta bera hamargarrena, eta azkenean bera gelditu zen nire aurretik; bera hamabosgarrena eta ni hamaseigarrena. Noizbait egon naiz lehenengo postuan baina egun batez. Unetxo batez bakarrik. 
M. Sailkapen horretan aplikazioa jaitsita daukagun guztiak gaude, eta egun batean badakit bigarrena egon nintzela unetxo batez. Gero jende guztiak egin zuen eguneko jokaldia eta jaitsi nintzen ehungarrenera. Hori izan da nire marka. 

7. Sariak egoten dira. Lehiakortasuna dago?
H. Jakina baietz. Jokatzen den guztira, jokatzen dugun edozein jokotan irabaztea nahi dugu, ez? Saria ez dugu irabaziko, baina gure taldetxoaren lehenengoak bagara, behintzat pozten gara. 
M. Sanoa, baina badago. 

8. Zenbat taldetan zaude?
H. Lau taldetan. Azkena Guaixek sortu duen Sakana talde horretan sartu naiz. Gainera, euskal udalekuetan begirale izan naiz Abaigarko etxean eta Abaigarko jendearekin taldetxo bat egin dugu, Gazte Asanbladan ere taldetxo bat daukagu eta kuadrillan. 
M. Ikastolako langileena, kuadrillakoa, lehengusu-lehengusinea eta Arano, nire herriko, taldean. Aste honetan ere Sakana taldean sartu naiz. 

9. Zure ustez, zeintzuk dira galdera zailenak?
H. Niri gehien kostatzen zaizkidanak ariketa matematikakoak dira. Normalean erantzun bati ematen diot eta listo. Hiru aukera ematen dituzte. Batzuetan zortea duzu. Ona izaten naiz mapak eta herriak asmatzeko orduan. 
M. Adinak asmatzeko galderak. Oso txarra naiz adinak kalkulatzen, eta beti hanka sartzen dut. 

10. Denboraldia berria hasi zen astelehenean. Nola hartu duzu?
H. Gogoekin. Astelehen goizean bertan egin nuen lehendabizikoa eta nahiko gaizki aritu nintzen. Zazpi bakarrik erantzun nituen ongi eta gainera denbora mordoa pasa dut. 
M. Kuadrillako taldean igandean komentatu genuen denboraldia berriz hasiko dela eta jende gehiago animatzeko. Izan ere, batzuek ez zuten parte hartu nahi edo denboraldiaren erdian atera ziren eta denboraldia zerotik hasten zela eta animatzeko esan genien, eta baten bat animatu zen. Lankideen artean momentuz ez dugu ezer komentatu, baina baditugu gure piketxoak. 

11. Erabiltzaile berriei, zein aholku emango zenieke?
H. Egunean momentu egokia bilatzeko. Jende askok egiten du gauean, beste batzuk goizean esnatu bezain pronto... hori ez da oso ideia ona. Nik normalean bazkalostean egiten dut. Eta ez desanimatzeko. 60.000 pertsona daude jokoaren barruan, eta hortik bakarrik batek irabazten du saria. Dibertigarria da. 
M. Goiz-goizean, jaiki bezain pronto, ez egiteko. Momentua bilatu behar da. Nik normalean eguerdian egiten dut.