D multzoko lehenengoa da Sakaña

Guaixe 2020ko ots. 7a, 10:47

Aurreko asteburuan ahsi zen Bardoak 2020 txapelketa. Sakandarrek lehenengo puntuak jaso zituzten Iturmendiko saioa irabazita

Nafarroako Taldekako Bertsolari Txapelketaren lehenengo asteburua izan zen aurreko asteburuan, eta Sakaña fin aritu zen Iturmendiko gaztetxean jokatutako saioan. Iturmendin ez ezik, Etxarrin, Txantrean, Erron eta Beran jokatu ziren txapelketaren lehenengo saioak. Larraun da Araitz. Bi dozena, Hego haizea, Arranopola, Lamixene eta Sakaña taldeek lortu zituzten lehenengo puntuak. Sailkapen orokorrari begira, momentu honetan, eta bigarren asteburua jokatu aurretik, Sakaña da lehendabizikoa 16 punturekin.

Iturmendiko gaztetxearen urteurrena bailatu zuten Bardoak 2020 sakandarrek etxean jokatzeko. Eta agian horregatik, etxean jokatzeagatik, lortu zuten bertsolari sakandarrek saioaren garaipena. 16 puntu lortu zituen. Iruñeko Txantrea auzoko Drimtin taldearekin aritu ziren, 6 puntu jaso zituela. Alde nabarmena. Unai Artiedak egin zituen aurkezle lanak eta 50 lagun baino gehiago gerturatu ziren saioa ikustera.

Ekain Alegre, Eneko Lazkoz, Idoia Granizo, Joxema Leitza, Saats Karasatorre eta Unai Artieda bertsolari sakandarrek osatzen dute Sakaña taldea. D multzoan dago. Iturmendiko garaipenaren ondoren, multzoaren sailkapenean lehenengo da 16 punturekin. Asteburuak utzitako emaitzekin sailkapen orokorrean ere Sakaña taldea lehenengoa da. Bigarrena Larraun da Araitz. Bi dozena 13 punturekin, higarrena Lamixene 12 punturekin, laugarrena Amortziaren eliobak da 10 punturekin eta Drimtin taldea momentuz azkena da 6 punturekin.

Txapelketaren bigarren asteburua hasiko da gaur. Elgorriagan, Barañainen, Lizarran eta Iruñean eginen dira saioak. Sakaña taldeak atsedena izango du datorren asteburura arte; otsailaren 14an, larunbata, Otsagabiako Gartxot elkartean Amortziaren eliobak taldearekin arituko dira, 20:00etan.