Pilota

Zabaletak eta Jakak finalerdietara zuzenean sailkatzea dute jokoan

Guaixe 2020ko ots. 7a, 12:17

Aspekoek Olaizola eta Urrutikoetxea ordezkatuko duen Aranguren izango dituzte aurkari. Irabaziz gero, zuzenean sailkatuko dira finalerdietara eta play-offak ekidingo dituzte

Binakako hasierako ligaxkako 12. jardunaldia jokatuko da asteburu honetan, eta Erik Jaka eta Jose Javier Zabaleta liderrek asko dute jokoan, finalerdietara zuzenean sailkatzea, hain zuzen ere. Gaur, ostirala, Olaizola II.aren eta Urrutikoetxea ordezkatuko duen Aitor Aranguren atzelari gaztearen kontra ariko dira Zestoan (22:00, ETB1). Euren 10. puntua lortu nahi dute Jakak eta Zabaletak, zuzenean finalerdietara sailkatzea ahalbideratuko dienak, eta Baikoko bikoak, aldiz, 4 puntu ditu eta finalerdietara sailkatzeko borrokan egoteko, irabazi beharra du. Hortaz, partida lehiatua espero da. Ikusmin handia piztu du 40 urte dituen Olaizolak eta 20 urte dituen Aranguren nola konponduko ote diren ikusteak. 

Aurreko jardunaldian Lasori eta Albisuri 22 eta 16 irabaztetik datoz Jaka eta Zabaleta, eta bide horretan jarraitu nahi dute. “Zestoan irabazi beharra dugu. Nabari du finalerdietarako sailkapena eskura dugula, baina irabazi beharra dugu azken orduko sorpresak ekiditeko. Ostiralean irabaziz gero play-offa ekidingo dugu, eta honaino iritsi garenez, hori da gure helburua” azaldu zuen Zabaletak material aukeraketan. Etxarrengo atzelariak onartu zuen garaipen batekin helburua lortuko dutela, finalerdietara zuzenean sailkatzea, baina txapelketako liderrek ez dute erlaxatu nahi. “Finalerdietara azkeneko hiru partidak irabazita heltzea gustatuko litzaiguke, modu horretan finalerdietara konfiantzarekin helduko ginatekeelako, animo onarekin” aitortu zuen. Halaber, Zabaletak arerioak ez direla nolanahikoak gaineratu zuen. “Aimarren kontrakoa, beti da partida zaila. Bestalde, Aranguren joko momentu oso onean dago; ez naiz sekula berarekin aritu, ostiralean ariko gara lehenengoz”. 

Ezkurdiak eta Martija sailkapeneko bigarren postua lortzera
Ezkurdiak eta Martijak 22 eta 16 irabazi zieten aurreko ostiralean, Zallan, Victorri eta Mariezkurrena II.ari. 7 puntu dituzte eta sailkapenean hirugarrenak dira, puntu berberak dituzten Artola-Imazen atzetik. Eta hain zuzen ere igandean, Tafallan, biko sakandarrak Artola eta Imazen kontra ariko dira, sailkapeneko bigarren postua erabakiko duen partida lehiatu eta gogorrean (17:00, ETB1). Jokoan dagoen puntua urrezkoa da eta dena ematera aterako dira maila bikainean dauden bi bikoak. 

Gainontzeko partidei dagokienez, larunbatean, Labriten, Irribarria eta Rezusta Bengoetxea ordezkatuko duen Victorren eta Mariezkurrenaren kontra ariko dira (17:30). Irribarriak eta Rezustak 4 puntu dituzte eta bosgarrena lortu nahi dute, puntu batekin jokoan ezer ez duten baina taldekideak lagundu nahi dituzten Victorren eta Mariezkurrenaren kontra. Bestalde, larunbatean, Bizkaia pilotalekuan, Altuna eta Ladis Galarzak Laso eta Albisu izanen dituzte aurkari (17:30). Bi bikoak 6na puntu dituzte eta jokoan dagoena, jakina, urrezkoa da. Beraz, beste jardunaldi ikusgarri baten atean gaude.