Futbola

Lagun Artea da lider berria, eta Etxarrik, nahiz eta gogoz saiatu, ezin izan du azken postutik atera

Guaixe 2020ko ots. 10a, 12:00
Lagun Artea preferente mailako lider berria da.

Preferente maila. 18. jardunaldia: Arrotxapea 0 – Lagun Artea 3 / Etxarri Aranatz 2 – Amigo 3

Preferente mailak berri onak eta berri txarrak ekarri dizkigu. Lagun Arteak garaipen garrantzitsua lortu zuen eta horri esker preferente mailako lider berria da talde lakuntzarra. Iruñean jokatu zuen Lagunek, Arrotxapea taldearen kontra. Lehen zatian Arrotxapeak dominatu zuen eta gol jokaldi bikainak sortu zituen, baina ez zituzten gauzatu. Aldiz, lakuntzarrek arerioen defentsa akatsak bikain probestu zituzten, eta Ripak area kanpotik egindako jaurtiketa bikain bati esker eta Unaik sartutako golari esker, atsedenaldira bi goleko errentarekin joan zen Lagun Artea. Bigarren zatian Arrotxapea partidari buelta ematen saiatu zen, baina ezer gutxi egin ahal izan zuen. Falta jaurtiketa batean Yonatanek Lagun Artearen hirugarren gola sartu zuen, eta horrela despeditu zen partida. 

Bestalde, etxean jokatu zuen Etxarri Aranatzek Amigo taldearen kontra. Sailkapeneko azken postua atzean utzi nahi zuten etxarriarrek eta gogoz saiatu ziren partida guztian barna, baina ezin. Etxarri Aranatzek dominatu zuen lehen zatian, baina Amigo izan zen markagailuan aurreratu zena, Aintak sartutako gol bati esker. Zelaian Etxarrik jarraitu zuen nagusitzen, baina Eukenek Amigoren jaurtiketa bat bikain erantzun eta gero, bigarren jaurtiketan bigarren gola sartu zuen Amigok. 

Bigarren zatian Etxarri saiatu zen. Horrela, Gentzaren golari esker 1 eta 2 hurbildu zen Etxarri, baina Amigok hirugarren gola sartu zuen jarraian. Behin eta berriz saiatu ziren etxarriarrak, eta Quesadak Etxarriren bigarrena sartu zuen. Etxarriarrak kexu ziren Amigoren jokoarekin; partida gelditzen saiatu ziren behin eta berriz iruindarrak, eta euren jokoa nahiko zikina eta errespetuz faltakoa zela zioten zaleek. Arbitroak egoera hori nola ez zuen eteten, San Donato zelaian ez zuten hori ulertzen. Azken unera arte partidari buelta ematen saiatu ziren etxarriarrak, baina, azkenean, tamalez, 2 eta 3 galdu zuten. 

Bi taldeak irabaztera behartuak
Preferente mailako lider berria Lagun Artea da, 34 punturekin, Beti Casedanori puntu bat aterata (33 puntu). Etxarri Aranatzek, aldiz, azken postuan jarraitzen du, 16. postuan, 15 punturekin. Mailari eusteko borrokari eusteko irabazi beharrean daude etxarriarrak. Asteburuan Lagun Artea liderrak sailkapenean 14. postuan dagoen San Migel hartuko du, eta Barañainen jokatuko du Etxarrik, sailkapenean 12. postuan dagoen Lagunak taldearen kontra. Lidergoari eusteko eta azken postutik ateratzeko, gure bi taldeak irabazi beharrean daude.