Pilota

Zabaleta eta Jaka finalerdietan eta Ezkurdia eta Martija hanka eta erdia sartua dutela

Guaixe 2020ko ots. 10a, 12:45
Argazkia: Pedro Urresti.

Binakako Txapelketa. Hasierako ligaxka despeditzeko bi jardunaldiren faltan eta asteburuko partidak irabazita, Jakak eta Zabaletak finalerdietarako txartela lortu dute eta Ezkurdia eta Martija bigarrenak dira, hanka eta erdia finalerdietan sartua dutela

Asteburuan Binakako hasierako ligaxkako 12. jardunaldia jokatu da eta garaipen garrantzitsuak lortu dituzte gure pilotariek. Horri esker, Erik Jakak eta Jose Javier Zabaletak euren 10. puntua lortu dute eta zuzenean finalerdietarako sailkatu dira, eta Ezkurdiak eta Martijak euren 8. puntua eskuratu zuten, sailkapenean bigarrenak dira eta hanka eta erdia baino gehiago dute finalerdietan. 

Jaka eta Zabaleta liderrak zuzenean finalerdietara
Ostiralean, Zestoan, Erik Jakak eta Zabaletak Olaizola II.a eta Urrutikoetxea ordezkatu zuen Aranguren izan zituzten aurkari. Jakak eta Zabaletak ederki izerditu behar izan zuten baina, azkenean, 17 eta 22 irabazi zieten Aimarri eta Arangureni. Erik Jakak 14 tanto egin zituen eta Zabaleta sendo ibili zen atzean, soilik pare bat pilota galdu zituen. Paretsu hasi zen partida eta 16 eta 17 hurbildu ziren markagailuan Olaizola eta Aranguren, Jaka eta Zabaleta estutuz, baina, azkenean, Baikokoen akatsak eta Aspekoen merituak tarteko, garaipen ederra lortu zuten Erik Jakak eta Zabaletak. 10. puntua lortu zuten, zuzenean sailkatu dira finalerdietarako eta txapelketako bikorik sendoena izaten jarraitzen dute. 

Ezkurdia eta Martija, bigarrenak
Ezkurdiak eta Martijak Artola eta Imaz izan zituzten aurkari atzo Tafallan. Arerio zuzenen arteko partida zen, bi bikoek zazpi puntu baitzituzten, eta urrezkoa zen zortzigarrena zegoen jokoan. Egia esan, partida paretsuagoa espero zen, baina Ezkurdia eta Martija nagusitu ziren, alde handiarekin. Hala ere, hasieran parez pare ibili ziren bi bikoak. Tantoa ziurtatzea, hori izan zen lau pilotarien helburua hasierako txanpan. Tanto luzeak izan ziren hasierakoak, eta bi bikoak sendo ibili ziren. Ezkurdiak erritmoa azkartu zuen eta 7 eta 4 aurreratu ziren sakandarrak. Baikokoek bi tanto ederrekin erantzun zuten eta 7 eta 6 gerturatu ziren. Baina bost tantoko takada ederra egin zuten sakandarrek eta zuzenean joan ziren 12 eta 6ra. Artola ez zen fin ibili tarte horretan eta sakandarrei, aldiz, guztia atera zitzaien ongi. Bi tanto egin zituzten Artolak eta Imazek eta 12 eta 8 gerturatu ziren, baina hortik aurrera iritsi ziren Ezkurdiaren tanto ederrenak. Boleak, dejadak… aurrelari arbizuarra izan zen aurreko koadroetako jaun eta jabe, eta Martija nagusitu zen atzean. Horrela, 16 eta 8 aurreratu ziren sakandarrak. 10. tantora iritsi ziren Baikokoak, 17 eta 10, bi tanto izugarri luze irabaziz, baina Ezkurdiak eta Martijak lehenbailehen lotu nahi izan zuten partida eta zuzenean 22ra joan ziren, euren joko bikainari esker eta Baikokoen akatsak tarteko. Garaipen argia izan zen, lan itzela egin eta gero, eta, aldi berean, garaipen oso garrantzitsua. 

Bide onean
Sakandarrak pozik zeuden partida bukaeran. Ezkurdiak nabarmendu zuen puntu hau “oso garrantzitsua” zela eurendako. Finalerdiak oso gertu dituzte. “Oso gustura gaude egindako lanarekin; akats batzuk egin ditugu baina partida serioa izan da. Partida nola egin nahi genuen, oso argi genuen. Binakako hasierako ligaxka despeditzeko oraindik bi partida gelditzen dira, baina puntu hau oso-oso garrantzitsua da, sailkapenean bigarren izateko eta zuzenean finalerdietara sailkatzeko bidea ongi bideratu baitugu. Orain puntu batera ditugu Artola eta Imaz eta Altuna eta Ladis arerio zuzenak, eta berdinketa kasuan beraiekiko kontrako partidak alde ditugunez… oso pozik gaude” adierazi zuen arbizuarrak. Partida hasiera parekatua izan zela gaineratu zuen, “baina gero abantaila hartu dugu, igual gaurkoa euren egunik handiena ez da izan, eta irabaztea lortu dugu, oso pozik”. 

Ezkurdiak eta Martijak primerako bikotea egiten dute. “Denetatik izan dugu, baina Julenekin bikotea egitea oso erraza da. Pilotari osoa da, kantxan ongi kokatzen da, buruz oso azkarra da... partida gehiago jokatu, geroz eta gehiago ezagutzen dugu elkar eta gehitu egiten dugu bikote bezala, hobeki ulertzen dugu elkar” nabarmendu zuen Ezkurdiak. Arbizuarra egindako lanarekin gustura geratu zen. “Azken hiru partidatan sufritu nuen, ongi defendatzen kontzentratu nintzen eta gaur, aldiz, hobeki sentitu naiz, txispa gehiagorekin. Bidea hau da, ea horrela segitzen dugun, eta ea zuzenean goazen finalerdietara” adierazi zuen. 

Datorrena
Binakako sailkapenean Jaka-Zabaletak 10 puntu dituzte, Ezkurdia-Martijak 8 puntu eta Artola-Imazek eta Altuna-Ladis Galarzak 7 puntu. Lasok eta Albisuk 6 puntu dituzte, Irribarriak eta Rezustak 5 puntu, Olaizola II.a-Urrutikoetxeak 4 puntu eta Bengoetxea-Mariezkurrenak puntu bat. 

Binakako hasierako ligaxkako 13. jardunaldian, ostiralean, Urdulizen, Ezkurdiak eta Martijak Laso eta Albisu izanen dituzte aurkari (22:00, ETB1) eta ostiralean, Gernikan, Artola eta Imaz Altuna eta Ladis Galarzaren kontra ariko dira (20:00). Larunbatean, Labriten, Erik Jakak eta Zabaletak Bengoetxearen eta Mariezkurrenaren kontra jokatuko dute (17:45, ETB1), eta igandean, Tolosan, Irribarriak eta Rezustak Olaizola II.a eta Urrutikoetxea izanen dituzte arerio (17:00, ETB1).