Abesbatzak handitzeko ahots berrien bila

Guaixe 2020ko ots. 11a, 11:49
Etxarri Aranazko abesbatza NAK 2018 jaialdian. ARTXIBOA

Momentu "on" batean egon arren, Etxarri Aranazko eta Erkundego Ama abesbatzak kide berrien bila dabiltza. Baxuak eta tenoreak, hurrenez hurren, behar dituzte, baina abeste gustatzen zaion "edonor" ongi etorria izango dela esan dute

"Abesbatza batean musikarekin harremanetan jartzen gara, eta denok dakigu musikak onura izugarriak dituela". Bai osasunean bai bizitzaren arlo guztietan onurak dituela dio Puri Altzelai Altsasuko Erkudengo Ama abesbatzako kideak. Maria Goikoetxea Etxarri Aranazko Abesbatza kideak "erdi txantxetan" abesbatzan aritzea "terapeutikoa" dela esaten dutela adierazi du. Abesbatza bateko kidea izateak, beraz, onurak baino ez ditu ekartzen. Bi abesbatzek etorkizunerako proiektuak dituzte, baina ahots berriak behar dituzte ere, bereziki, gizonezkoen ahotsak. Hala ere, "abestea gustatzen zaion jendea" ongietorria izango da bi abesbatzetan.

Abesbatzak, edozein talde handi bezala, dinamikoak dira. Horregatik, batzuetan jende beharra dute. "Beti ahots berriak ongi etorriak dira", esan dute Etxarri Aranazko Abesbatzatik. Gizonak abesbatzan parte hartzeko "lotsatiagoak" izaten direla gaineratu du Goikoetxeak: "txikitatik ikusten dugu. Koru txikian neska askoz gehiago dago eta hauek abesbatzara pasatzen joaten dira. Baina mutiko gutxi iristen zaizkigu". Ahots baxuen bila ari dira, gehien bat, Etxarriko abesbatzan. Erkudengo Aman tenoreak behar dituzte azaldu du Altzelaik. "Batzuetan emanaldietan edozein arrazoigatik gizon batzuek huts egiten badute, ahotsetan desoreka sortzen da eta arazo bat da". Hala ere, "ahotsen kopurua handitu" behar dutela esan du Altsasuko abesbatzako kideak. 

Kantatzea gustatzea da abesbatzako kideek aipatzen duten baldintza garrantzitsuena. Altzelai: "Musika maite dutenak, ongi pasatzeko gogoak dituztenak, elkarrekin eta giro ederrean proiektu polit bat sortu nahi dutenak". Antzeko baldintzak aipatzen ditu Goikoetxeak: "Abestea gustatzen zaion jendearen bila gabiltza. Taldean lan asko egiten ongi pasatu nahi duenaren bila". 

Abesbatzako kidea izateko ez da beharrezkoa aurretik musika ikasketak izatea. "Solfeoa, aurretik beste nonbait abestu izana edota instrumentuak jotzea beti lagungarria da, baina ez da derrigorrezkoa", aipatu du Goikoetxeak. Jarrera eta konpromisoa eskatzen dute Etxarriko abesbatzatik. "Belarria" izatearekin nahikoa dela dio Altzelaik. "Ez da ezinbestekoa izugarrizko ahotsa izatea, ahots guztiak uztartuz sortzen delako emaitza". "Zerotik" hasi daitekeela dio ere Altsasuko abesbatzako kideak. 

Altzelaik azaldu duenez, ahots bakoitzak "tesitura" bat dauka, eta eskala ariketa erraza batzuek egiten jakin dezakete bakoitzaren ahotsa zein taldetan banatu. Hortaz, Etxarri Aranazko Abesbatzan sartu aurretik "ahots froga txiki bat" egiten zaie: "Horrekin informazioa jasotzen dugu eta gure lekuan sailkatzen gaituzte: soprano edo kontraltu emakumeak, eta tenore edo baxuak gizonezkoak". Erkudengo Aman ikastaroak egiten dituzte. 

Proiektu berriak
Bi abesbatzetako errepertorioak zabalak eta askotarikoak dira. "Jendeak abesbatza hitza entzuten duenean erlijioko musikarekin lotura egiten du. Baina ez da horrela". Etxarri Aranazko abesbatzak aurten 50 urteurrena ospatuko du, eta "buru belarri" ari dira urrezko ezteiak prestatzen. Baluarten Nafarroako orkestrarekin ariko dira, lehiaketaren batera joango dira eta bidaiaren bat prestatuko dutela azaldu du Goikoetxeak. Erkudengo Ama Abesbatza ere bidaiak egiteko ohitura du. Elkartrukeak egiten ditu hainbat abesbatzekin. Etorkizun hurbilean udaberriko kontzertua dute. Aurten kantautoreen musikari eskainiko diote. 


Erkudengo Ama abesbatza Britai Handira egindako bidai batean. ARTXIBOA