Azken hilabete hauetan “errotik Sakana parekidea”, parte hartze prozesuan murgildu da gure eskualdea. Parte hartze prozesu honen bidez Sakanako emakume eta gizonen arteko Berdintasunerako I. Plana diseinatuko da, eta horretarako sakandar guztion ikuspuntu, iritzi eta ekarpenak jaso nahi ditugu.
Planak helburu orokor gisa dauka, alde batetik, Mankomunitateko zein Udaletako kudeaketan genero ikuspegia txertatzea, eta, beste alde batetik, Sakanako emakumeen aukera eta eskubide berdintasuna bermatzea. Xede hauek oinarritzat hartuta, planak honako arloak landuko ditu: tokiko gobernantza; emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko bizitzak; bizitzaren jasangarritasuna; zaintzaren etika, bateragarritasuna eta erantzunkidetasuna; eta emakumeen ahalduntzea, parte hartze sozial eta politikoa eta balioen eraldaketa.
Dagoeneko bide erdia egin dugu, eta saio hauetatik ateratako zukua oso aberasgarria izan da. Sakanan ere salda badago eta!
Azken txanpan sartu garen honetan, parte hartzeko deialdi berezia egin nahi dugu. Zu, gazte zein adinekoa, kirol elkarteko zein guraso elkarteko kidea…, Sakana parekidea lortzea helburu duen hori... zure ekarpena ere jaso nahi dugu eta horregatik azken aste hauetan egingo diren saioetan parte hartzera gonbidatu nahi zaitugu.
Errotik, sustraietatik, egin nahi dugu berdintasunerako bidea. Zuk ere eraldaketa honen lekuko izan nahi baduzu, zatoz!