Gobernuak Aralarren kudeaketa-planaren iraunaldia luzatu du

Guaixe 2020ko ots. 12a, 15:38
Etxarri Aranatzen eta Aralarren ikuspegia Urdiaingo elizatik.

Indarraldia malgutu du, “horri esker, ekintza bakoitzaren epemugak kontserbazio-helburuetara egokitzen ahal izanen dira”.

Nafarroako Gobernuak Kontserbazio Bereziko Eremuen (KBE) kudeaketa-planen iraunaldia luzatu du gaur. Horretarako, foru dekretua onartu du. Foru administraziotik gaztigatu dutenez, “malgutasun handiagoa izanen da Natura 2000 Sarearen barneko KBE guneetan babes-jarduerak gauzatzeko”. Gobernutik argudiatu dutenez, “gune horiek kudeatzen pilatutako esperientziak erakusten du komeni dela plangintzetan aurreikusitako jarduketak berrikustea eta gaurkotzea, gauzatzeko zailak direnak berriz formulatuz, eta bakoitzaren garapenera eta eboluziora egokituz. Bestetik, ziurtatu beharra dago gauzatu ezin izan direnen indarraldia ez dela agortuko”. KBE sailkapena duten herrialdeko natur guneen artean dago Aralar mendilerroa. 

Dekretuak mugagabe mantentzen du funtsezko elementuen iraunaldia (azken helburuak, araudia eta ildoak), eta ezartzen du espero daitezkeen emaitzei dagokiena 12 urtekoa izanen dela, baita jarduketei (neurriei) dagokiena ere. Denbora hori pasatutakoan berrikusi eginen dira, eta haien aplikazioa luzatu eginen da ordezko bertze batzuk onartzen ez diren bitartean. Bestetik, berrikusi edo aldatu ahal izanen dira “ingurumenaz eskumena duen departamentuak uste duenean planak aurreikusi ez duen alderdiren bat nabarmen aldatu dela, horrek gunearen baloreen zaintzari eragin badiezaioke”. Era berean, funtsezko elementuei eragin diezaiekeen edozein aldaketa edo berrikusketa foru-dekretu baten bidez onartu beharko dela ezarri da.

Kontserbazio Bereziko Eremuak
Natura habitaten eta basa-faunaren eta landareen kontserbazioari buruzko 92/43/CEE Europar Zuzentarauak 1992an izendatu zituen Nafarroako KBEak. Gainontzekoak bezala, Aralarrek foru-dekretu bidez onartutako kudeaketa-plana du. Hartan epe luzeko plangintza bat ezarria dago, mugagabetzat jotzen dena, eta epe laburreko beste bat, bere barnean dituena planak indarrean dauden bitartean gauzatu beharreko ekintzak eta neurriak.