Duatloia

X. Altsasuko Duatloirako izena ematea zabalik

Guaixe 2020ko ots. 13a, 13:05

Sakana Triatloi Taldeak antolatutako lasterketa martxoaren 28an jokatuko da. Goizean kategoria txikiko probak jokatuko dira eta arratsaldean proba nagusia. Nafarroako Triatloi Federazioan eman behar da izena

Otsailaren 2an Tuteran jokatutako Duatloi Krosarekin hasi zen aurtengo duatloi denboraldia. Igandean Valtierrako Duatloia jokatuko da, otsailaren 22an eta 23an Bianako Printzerriko Duatloia, otsailaren 23an Irati-Abodi Triatloi Zuria, Nafarroako Neguko Triatloi Txapelketa izango dena, martxoaren 1ean Lizarrako Duatloia, martxoaren 7an Basaburuako Duatloia, martxoaren 15ean Arangurengoa… Sakanan antolatzen diren probei dagokienez, bata bestearen segidan izanen dira. Arbizuko duatloia martxoaren 21ean jokatuko da eta Altsasuko Duatloia, aldiz, martxoaren 28an. 

Arbizukoa martxoaren 21ean eta Altsasukoa martxoaren 28an
Arbizuko Udalak antolatzen du Arbizuko Duatloia. Martxoaren 21ean jokatuko dela baieztatu digute, eta aurki zabalduko dela izena ematea. Bestalde, Altsasuko Duatloia Sakanako Triatloi Taldeak prestatzen du, hainbat entitate eta babesleren laguntzarekin, eta martxoaren 28an jokatuko da. Goizeko 10:30ean Nafar Kirol Jolasetarako baliagarriak diren kategoria txikikoen probak jokatuko dira Txioka ikastolaren inguruetan. Lehenik eta behin aurre-benjaminak ariko dira, eta segidan benjaminak, kimuak eta haurrak. Kadeteek eta juniorrek arratsaldean jokatuko den helduen proban parte hartuko dute, helduen distantzia bera eginez (5 km korrika, 22 km bizikletan eta 2,5 km korrika). Proba nagusian, emakumezkoak irtengo dira lehenik eta behin, 15:45ean. Gizonezkoen irteera 15:51ean izanen da, eta erreleboen kategorian parte hartuko dutenena, 15:52ean. 

Izena ematea zabalik martxoaren 23ra arte
X. Altsasuko Duatloian izena ematea zabalik dago Nafarroako Triatloi Federazioaren web orrian (www.navarratriatlon.com), martxoaren 23ko 23:59 arte. Kategoria txikietan ariko direnendako, dohainik da izena ematea. Helduen kategorian, aldiz, federatuek 22 euro ordaindu beharko dituzte, federatu gabekoek 26 euro, eta juniorrek eta kadeteek, aldiz, dohainik dute parte-hartzea.