Reclaim the Fields Europako mugimenduak pasa den astean topaketa egin zuen Ziordiko Amarauna gunean. Haiek eskatuta Sakanak Trenaren Alde, AHTrik ez! taldeko kideek Abiadura Handiko Trenaren (AHT) proiektuari buruzko hitzaldia eman zien. Horretaz aparte, larunbatean Ziordia eta Altsasu arteko martxa antolatu zuten, egitasmoaren nondik norakoen berri bertatik bertara emateko. Porlandegiak bere garaian errausketa egiteko egindako egitasmoaren berri ere eman zuten. 50 bat pertsonek parte hartu zuten ibilaldian. Martxak bi geldialdi izan zituen: Altsasuko tren geltokian, hango txarteldegia ez ixteko eskatzeko, eta Altsasuko udaletxe parean, udalari AHTren kontrako jarrera eskatzeko. Azken horretara hainbat altsasuar batu zitzaien.
Martin Zelaia
Sakanak Trenaren Alde, AHTrik ez!
Zergatik ez dute tren geltokiko txarteldegia itxi behar?
Ez da soilik txartelak saltzea. Trenera nondik igo behar duten esatea, tren ordutegiez informatzea… Nafarroako tren geltoki eta geralekuak ireki beharko lirateke.
AHTrik ez! Zergatik?
Kristoren iruzurra izanen da. Txikizio handia eraginen du. Uste dugu jendea hori bereganatzen ari dela.
Sakanari dagokionez, zertan da AHTren proiektua?
Mahai gainean bi alternatiba dauzkagu: bata, Aralar azpiko 22 km-ko tunel baten bidez Goierri aldera joanen litzateke eta, bestea, Sakana guztia zeharkatuko luke, Iruñea eta Gasteiz lotzeko. Pentsatzen dugu alternatiba batekin edo bestearekin Sakana guztian izanen dela txikizioa. Ibarraren erdian beste hesi bat izanen dugu. Dagoeneko baditugu betiko trena, autobia, errepidea, goi tentsioko bi argindar linea. Orain AHT egin nahi dute. Gure ibarrak ez du hori guztia behar.
Espainiako Gobernua eratuta, AHTri bultzada emanen dio?
Esaten ari dira ere, agian, aurrena betiko trena bulkatu behar dela eta aldirikoak, batez ere, hiri handietan. Orain bidaiari gehien eramaten duena ez da AHT, aldiriko trenak baizik. Azken horretara AHTra baino diru gutxiago bideratzen dute. Abalos ministroak esan du agian bestea bulkatu behar dela. Guk pentsatzen dugu Sakanan AHT ez dela beharrezkoa, egungo trena oso ona da. Erraz bikoiztu daiteke trenbidea. Agian ministerioan ere horretan ari dira pentsatzen. Ez dugu argi hau nola bukatuko den, baina, agian AHT Iruñean gelditu daiteke eta handik aurrera ez segitzea. Sakanatik gaur egun AHTak pasatzen dira, Alvia trenak. Horiek AHTko trenbideetan sartzen dira. Beraz, noizbait AHT Iruñera iristen bada, Sakanatik betiko trenbidetik pasa daitezke. Agian lortzen dugu Sakanan behintzat AHTrik ez egitea.
Pentsatzekoa da Espainia, Euskadi eta Nafarroako gobernuen koordinazio mahaia deituko dela.
Maria Txibitek Pedro Sanchezi bilera eskatu dio. Aurreneko pausoa izan daiteke, hiruko bilera egiteko. Bilera hori oso garrantzitsua da. Hor erabakiko dute Sakanako bi alternatibetako zein hartu. Guk hori jakin nahi dugu, zeren kontra egin behar dugun jakiteko. Ez da gauza bera kristoren tunel handiaren kontra borroka egitea edo kristoren zubiaren kontra, ez baitira herri beretik pasatzen. Adi gaude.
Bitartean lanean segitzen du taldeak, ezta?
Bai, indarrez. Gero eta jende gehiago biltzen ari gara. AHT Sakanan interesa pizten duen gaia da. Uda bitartea zer egin pentsatzen ari gara. Herri bakoitzean mural bana margotu nahi dugu. Herri-margotzeak izanen lirateke. Udaldean bizikleta-martxa egin nahi dugu, mural guztiak ikusteko. Dokumental bat egiteko asmoa dugu. Herri-sarreretan seinaleak jarri nahi ditugu. Segur aski haietako batzuk eginen ditugu. Asteartero elkartzen gara. Astero herriz aldatzen dugu. Gure berri jakiteko eta harremanetan jartzeko Facebook-eko Sakana tren sozialaren alde profilera jo dezakete.