Ikastolek Tanta ekimena aurkeztu dute

Guaixe 2020ko ots. 15a, 11:06
Ikastoletako kideek aurki salduko dituzten txartelak.

Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastolek Tanta elkartasun egitasmoko txartelak saltzen hasiko dira aurki. Garagartzaroaren 25ean eginen den zozketan 60.000 euroko saria banatuko da. 

Euskal Herriko hezkuntza eredu propio eta euskaldunaren aldeko 111 ikastolek elkarrekin martxan jarritako egitasmoa da Tanta, Sakanako bi ikastolek aurkeztu dutena. Bi zentroetako ordezkariek azaldu dutenez, “egitasmo honek elkartasuna du oinarrian eta 60.000 euroko sari bat izanen du atxikita. Tanta zozketan 5 euroko txartelak salgai egonen dira”. Zozketa garagartzaroaren 25ean eginen dela jakinarazi dute. Gaztigatu dutenez, txartelak eskuratuz “Euskal Herrian zein Sakanan euskara eta hezkuntza eredu propioak sustatzen jarraitzeko haizea emanen zaie ikastolei. Gure proiektua aurrera ateratzeko bultzada ekonomikoa jasoko dugu, euskaratik eta euskaraz”.

Bi ikastoletako ordezkariek gogoratu dutenez, “badira 50 urte Sakanan ikastolok euskaraz hazi, hezi eta bizitzeko lanean hasi ginela, tantaz tanta Sakanako lurretan euskararen xirimiriaz ibarreko lurra euskaraz bustitzen.” Eta adierazi duten moduan “lan hau beti egon da elkartasunean, auzolanean eta herrigintzan oinarriturik eta Tanta egitasmoaz, lan horretan sakontzen jarraitu nahi dugu”. Azkenik, azpimarratu dute Sakanan eta Nafarroan “euskararen presentzia eta erabilerak indartzen jarraitzeko ikastolen lanak duen garrantzia”. Sakandarrei txartelak erosiz, elkartasun keinu bat egiteko deia egin diete.