Emakumearen Eguna dela eta, Arakilgo Udalaren Kultura Zerbitzuak, Arakil Kulturak, agenda morea prestatu du. Egitaraua Bertha Gaztelumendiren Volar filmaren emanaldiarekin eta ondorengo forumarekin abiatuko da Zuhatzun. Ikus-entzunezko lan horren protagonistak genero indarkeria jasan duten bederatzi emakume dira, elkarrekin asteburu bat pasako dutenak, landan, euren egunerokotasunetik urrun. Adin eta zeregin desberdinak dituzte baina elkar ezagutzeko gai dira hitzen beharrik izan gabe. Biolentziazko infernu horri aurre egiteko kuraiak batzen ditu baita pairatutako sufrimenduari zentzu bat eman nahi izateak ere. Eta euren bizi-esperientzia eskaintzen diete beste emakumeei eta gizarteari.
Arakilgo agenda moreak martxoaren 6an, 17:00etan, izanen du segida, Etxeberrin. Pili Mikeok Emakumeen egunaren historiaren berri emanen du hizketaldi batean. Eta agenda Ihabarren despedituko da martxoaren 28an, Birritan bortxatua antzezlanaren emanaldiarekin. Azken hori udalak Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuarekin antolatu du.