Pilota

Ezkurdia eta Martija, irabaztera

Guaixe 2020ko ots. 14a, 09:51

Binakako ligaxkan bigarrenak sailkatu eta finalerdietarako zuzenean sailkatzeko Lasoren eta Albisuren kontra irabazi nahi du gaur biko sakandarrak. Jaka eta Zabaleta liderrak dira eta finalerdietarako sailkatu dira jada, baina Victorren eta Mariezkurrenaren kontra garaipenaren bidean jarraitu nahi dute

Binakako Pilota Txapelketan emozioak ez du huts egiten, eta beste jardunaldi interesgarri baten aurrean gaude pilota zaleok. Hasierako ligaxkako 13. jardunaldia jokatuko da asteburuan, eta oraindik asko dago jokoan. 

Erik Jakak eta Jose Javier Zabaleta liderrek euren 10. puntua lortu zuten eta finalerdietarako sailkatu dira, baina beste hiru bikoak zein izango diren zehaztea falta da. Joseba Ezkurdiak eta Julen Martijak hanka eta erdia baino gehiago sartua dute finalerdietan. Aurreko jardunaldian Artola eta Imaz arerio zuzenei Tafallan 22 eta 10 irabazi ondoren, euren 8. puntua lortu zuten eta bigarrenak dira sailkapenean. Euren arerio zuzenek, Artola-Imazek eta Altuna-Ladis Galarzak, zazpina puntu dituzte. Atzetik, oraindik ere aukerekin daude Laso eta Albisu, 6 punturekin, eta Irribarria eta Rezusta, 5 punturekin. Olaizola II.a-Urrutikoetxeak 4 puntu dituzte eta Bengoetxea-Mariezkurrenak puntu bakarra. 

Jakak eta Zabaletak garaipenaren bideari eutsi nahi diote
Jaka eta Zabaleta liderrek txapelketako bikote sendoena izaten jarraitzen dute. Finalerdietarako sailkatuta daude, baina euren maila ematen eta sentsazio bikainei eusten jarraitu nahi dute, eta larunbatean, Labriten, Bengoetxea ordezkatuko duen Victorren eta Mariezkurrenaren kontra irabaztera aterako dira (17:45, ETB1). Printzipioz liderrak dira faboritoak, baina Victorrek eta Mariezkurrenak itxura ona eman nahi dute, jokoa hobetu, eta partida polita aurreikusten da. 

Sakandarrek gaur lotu nahi dute bigarren postua
Ezkurdiak eta Martijak, aldiz, partida erabakigarria jokatuko dute gaur, ostirala, Urdulizen, Lasoren eta Albisuren kontra (22:00, ETB1). Binakako hasierako ligaxkako bigarren postuari heltzea eta bigarrenak sailkatzea, hori da Ezkurdiaren eta Martijaren helburua, postu horrekin finalerdietara zuzenean sailkatuko liratekeelako eta 3. eta 6. postuen arteko play-offak ekidingo lituzketelako. “Txapelketa hasieran esango baligute bigarren postua sinatzear geundela, hala egingo genuke, aurretik txapelketa oso konplikatua genuelako, baina orain pena litzateke hirugarrenak gelditzea. Faena errematatu beharra dugu, finalerdietarako zuzenean sailkatzeko” azaldu zuen Ezkurdiak asteazkeneko material aukeraketan. Iritzi berberekoa zen Martija. “Irabazi beharra dugu, bai ala bai, bigarrenak sailkatzen saiatu beharra dugu” gaineratu zuen Etxeberriko atzelariak. 

Urdulizko partidako materialaren inguruan ez zen kexarik egon. “Ez dago inolako kexarik, ez da material geldoa” adierazi zuen Martijak. “Pilota onak dira, materiala gustatu zait” berretsi zuen aurrelari arbizuarrak. 

Bikote bikaina egiten dute sakandarrek, eta hitz onak dituzte batak bestearekiko. Ezkurdiaren iritziz, Julen “txapelketa bikaina” egiten ari da. “Julenekin bikotea egitea oso erraza da. Pilotari osoa da, kantxan ongi kokatzen da, buruz oso azkarra da... partida gehiago jokatu, geroz eta gehiago ezagutzen dugu elkar eta gehitu egiten dugu bikote gisa, hobeki ulertzen dugu elkar” nabarmendu zuen Ezkurdiak igandeko partida bukatu eta gero. Martijak Josebak “asko laguntzen diola” nabarmendu zuen asteazkeneko pilota aukeraketan. “Oso gustura nago berarekin jokatzen, ezin naiz kexatu, asko laguntzen nau”. 

Erritmoari eutsi eta oldarkorrak izan
Azkeneko partidetako erritmoari eustea da gakoa, Joseba Ezkurdiaren ustetan. “Orain arte egindakoarekin jarraitu beharra dugu: kantxa ongi bete, lehiakorrak izan, eta aurrean pilota dudanean, oldarkorra izan”. Igandean Tafallan egindako lanarekin gustura geratu zen arbizuarra. Azken hiru partidetan sufritu nuen, ongi defendatzen kontzentratu nintzen eta gaur, aldiz, hobeki sentitu naiz, txispa gehiagorekin. Bidea hau da, ea horrela segitzen dugun, eta ea zuzenean goazen finalerdietara” adierazi zuen.  Julenek ere horrela ikusten du. “Ostiralean Lasoren eta Albisuren kontrako partida oso gogorra espero dut. Partida ongi hasten eta ahalik eta akatsik gutxien egiten saiatuko gara. Eta nik atzean ongi eusten saiatuko naiz” gaineratu zuen Martijak. 

Binakako hasierako ligaxka despeditzeko bi jardunaldi geratzen dira eta, hortaz, sailkapeneko bigarren postuari eusteko bi aukera dituzte sakandarrek, baina gaur bertan lotu nahiko lukete guztia. “Gaur bada, hobe. Horrela, finalerdiak prestatzeko denbora gehiago genuke” dio Ezkurdiak. Martija jakitun da une gozoan daudela, baina ez du konfiantza gehiegirik izan nahi. “Askotan gertuenen zaudenean presio gehiago duzu. Azken jardunaldietan bezala jokatzen kontzentratu beharra dugu, partida on bat egiten”. 

Gainontzeko partidei dagokienez, gaur, ostirala, Gernikan, Artola eta Imaz Altuna eta Ladis Galarzaren kontra ariko dira (20:00) eta igandean, Tolosan, Irribarriak eta Rezustak Olaizola II.a eta Urrutikoetxea izanen dituzte arerio (17:00, ETB1).