“Pa-be” garestia

Guaixe 2020ko ots. 17a, 10:16

Foruzaingoak jakinarazi duenez, 31 urteko olaztiarra atxilotu du berriki eta iruzur delitua egotzi dio kontratatutako zerbitzu bat ez pagatzeagatik.

Pagatu gabe utzi nahi izan zuten Madril eta Olatzagutia arteko bidaia, ibilgailu gidaridun batean egindakoa. Foruzaingoak azaldu duenez, 31, 22 eta 17 urteko gizonezkoek egin zuten bidaia. Horretarako, ibilgailu gidaridun bat kontratatu zuten eta hark ibilbidea kalkulatu ondoren jakinarazi zien mila euro inguruko kostua izanen zuela bidaiak. Azkenean, 1.093,7 euro izan ziren. Madril eta Olatzagutia arteko bidea normal egin zen. Behin herrira iritsita hirurak ibilgailutik jaitsi ziren. Atxilotutakoak esan zion gidariari itxaroteko, etxera joanen zela kartera eske eta pagatuko ziola. Ez zen agertu eta gidariak Foruzaingoari hots egin zion. Salaketa Iruñeko zaintza epaitegiaren esku gelditu da. Olaztiarrarekin batera zihoazen bi altsasuarrak ere sartu dituzte salaketan.