Osasunarekiko jarrera hartzen

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko ots. 17a, 13:32
Maialen Unanua, Anne Azkona, Leire Mazquiaran, Nerea Arguelles, Imanol Reparaz eta Daniel Echavarri gazteek Synergia Sakana sortu dute. Argazkian Mikel Manero falta da.

Sakanako zazpi gaztek Synergia Sakana sortu dute osasunaren dibulgazioa gizartean zabaltzeko helburuarekin. Lehenengo ekimena asteburuan, hilaren 22an eta 23an, antolatu duten jardunaldia izanen da

Instagram sare sozialean jarritako instastory batean, hau da, 24 orduz ikusgai dagoen mezu batekin hasi zen dena. Osasunaren dibulgaziorako proiektu berri baterako profesionalak eta ikasleak bilatzen zituzten. Mezuak erantzuna izan zuen, eta handik gutxira Synergia Sakana sortu zuten zazpi gazte sakandarrek: Anne Azkona Unanua nutrizionista, Nerea Arguelles Iriarte fisioterapeuta, Daniel Echavarri Manjon ariketa fisikoan aditua, Mikel Manero Arguelles ariketa fisikoan teknikoa eta fisioterapeuta, Leire Mazquiaran Bergera nutrizionista, Imanol Reparaz Escudero ariketa fisikoan teknikoa eta fisioterapeuta eta Maialen Unanua Irigoyen nutrizionista.

Osasunaren inguruan hitz egiteko lehenengo jardunaldia antolatu dute otsailaren 22 eta 23ko asteburuan, 10:00etatik 14:00etara, Iortia kultur gunean. Osasunaren inguruko gaiak gizarteratu nahi dituzte, ikuspegi zientifiko batetik, jendeak bere gorputzarekiko eta bizitzarekiko kontzientzia hartzeko. Izan ere, "prebentzioa" ezinbestekoa da. Autofinantzatutako proiektu bat da, eta jardunaldietarako sarrerak 10 euroko prezioa du. Sarrerak Altsasuko Iortia kultur gunean eta Gautxori tabernan, Urdiaingo Kaluxa tabernan eta Etxarri Aranazko Xapatero tabernan daude salgai.

Osasunaren dibulgaziorako proiektu bat sortzea Reparazen ideia izan zen: "Sentitu nuen nire inguruan jendeak osasunarekiko inplikazio gutxi duela". Interes falta honen arrazoi nagusia "informazioa jasotzeko lekurik ez duela" edo informazioa "ez dela behar bezala iristen" uste du Reparazek. "Horregatik pentsatu nuen polita izango zela gazte ikuspegia eta bultzada bat ematea gai honi". Reparazek Arguellesi komentatu zion ideia "eta kristoren ideia zela" iruditu zitzaion. Hortaz, jendea bilatzen hasi ziren, eta ezagutzen zuten medio batean bilatu zuten: Instagramen. Gaian interesa zuten profesionalak eta ikasleak bilatu zituzten. 

Azkonak ideiaren berri izan zuenean, bat egitea pentsatu zuen: "Sakanan ez da horrelako zerbait sekula egin, eta azkenean jendeari informazioa emateko oso ideia ona da". Osasunaren profesionalak eta ikasketak amaitzen ari diren pertsonak dira, eta haien diziplinaren inguruko informazioa ematea gustatzen zaiela azaldu du Azkonak. Hori bilatzen zuten, hain zuzen, "haien profesioarekiko grina". Iraila aldera jarri zuten mezua, eta handik gutxira lehenengo bilera izan zuten taldea osatu duten zazpi gazteek. "Hasieratik oso erraza izan da guztion artean lan egitea. Oso modu politean egin du aurrera", esan du Reparazek. 

Adituak
Nutrizioaren definizio "zehatz bat" ematea oso zaila dela azaldu dute Azkona, Unanua eta Mazquiaran nutrizionistek. "Denboran hainbat definizio oso desberdin izan dira". Definizio horietako batzuk jendeak "onartzen ditu". Izan ere, egile eta ikertzaile bakoitzak bere definizioa plazaratu duela azaldu du Mazquiaranek. Azkona gerturapen bat egiten saiatu da: "Nutrizioa zientzia bat da. Elikagai bat ahotik sartzen den momentutik kanporatzen duzun arte gertatzen da prozesu guztia. Barruan gertatzen den guztia". 

Synergia Sakanaren beste helburu bat osasunaren inguruan dauden "mitoekin" amaitzea da, behitzat sineskeria horiek arlo zientifikotik azaltzen saiatuko dira. Nutrizioaren inguruko "mito" zabalduena dietaren inguruan gertatzen da: "Gaizki esaten dugu nutrizionistarengana joan behar dut argaltzeko dieta bat hasteko eta bukatzeko". Azkonak azaldu duenez, onak ala txarrak izan dieta "norberak dauka berea" eta nutrizionistek "egiten duguna da dieta hori aldatu, moldatu edo eraldatu". Hortaz, nutrizioa dieta horiek aztertzen dituen zientzia da. Unanua: "Bata edo bestea zer onura dakarren aztertzen du". Helburua "bakoitzaren osasuna bilatzea" da: "Denok nahi dugu osasuntsu egon, bai, oso polita, baina gero elikadura bezain gauza oinarrizkoena ahaztu egiten zaigu". 

Bai elikatu bai gorputza mugitu automatikoki egiten diren gauzak dira. Horregatik "garrantzia kentzen" zaiela azaldu dute gazteek. "Automatikoegi" egiten dira. Synergia Sakanaren hitzaldi sortarekin, beraz, jendeak "kontzientzia" hartzea nahi dute. 

Herri-pentsaeran fisioterapia masajeak egitea dela zabalduta dagoen ideia da, baina Reparez eta Arguellesek oso argi utzi nahi dute: "Fisioterapia ez da hori. Fisioterapiaren ehuneko oso txikia da hori. Edo beharko luke izan". Fisioterapiak pazienteak "ahaldundu" behar dituela diote: "Haiei tresnak eman haiek bere gorputza eta bizitza kudeatzeko". Norberaren osasunaren kontzientzia hartzeko tresnak ematen duen zientzia da, beraz, bi gazte fisioterapeutek azaldu bezala: "Fisioterapiaren definizioa terapia fisikoen erabilpenak hainbat helburuetara iristeko da. Azken urtetan mugimenduaren inguruko azterketa bezala ulertzen da". 

"Tratatu baino prebentzioaren aldeko mezua ematea nahi dugu", esan du Unanuak. Hortaz, "tratatzera ez iristea". Hitzaldietara edo profesionalengana hurbiltzen den jendeak "etorkizunean arazorik ez izatea" nahi dute: "Orduan bai dela zaila tratatzea". Aurretik gauzak ongi egiten badira, gero laguntza behar izatekotan "hitz egingo dugu. Baina goazen gauzak hasieratik ekiditera". 

Gizartearen eraldaketa azkarrek "gure" gizartea oso azkar eraldatu du, eta ondorioz oso denbora gutxian gorputzek "fisiologikoki, naturalki", zer behar duten ahaztu egini dela azaldu du Reparazek: "Ordu pila bat eserita pasatzen ditugu, hartzen ditugun elikagaiak prozesu pila batzuetatik pasatzen dira...". "Fabriketatik" etortzen direla gaineratu du Unanuak, "naturatik etorri beharrean". Egunerokotasunean ez badira gauzak aldatzen, genetikak "ezingo dio aurre egin" ohartarazi du Reparazek. 

Sakanan ere jendea oso sedentarioa dela esan du Arguellesek. "Arazo handiak ikusten ditut". Bere inguruan dagoen jendea, "behintzat", ez dela mugitzen esan du. "Naturaltasunean" dago gakoa aditu gazteek diotenez: "egunero mugitzen gara, egunero jaten dugu...".

Gorputzaren ezagutza
Gorputzarekiko eta osasunarekiko jarrera aktibo bat izatea garrantzitsua dela diote Synergia Sakanako kideek. "Inplikazioa behar da. Bestela ez goaz inora". Prebentzioaz hitz egiten dute etengabe. Eta prebentzio lan horrekin hasteko osasunaren inguruko dibulgazio jardunaldia antolatu dute datorren astebururako. Reparazek proposatu zuen formatua: "Bakoitzak badu bere lana edo bere ikasketak eta errazagoa zen bakoitzak bere aldetik gai bat lantzea eta noizean behin komunean jartzea". Bi eguneko jardunaldia izango da, larunbata eta igandea, "erosoa eta erraza". Bi egunetan hamaiketakoa ere eskainiko dute. Jardunaldia amaituta inkestak pasako dituzte, izan ere, lehenengo hau antolatzen "itsu" joan dira. "Jakin nahi dugu jendeari zer iruditu zaion, zer interes dagoen, zeri buruz hitz egitea nahi duen...". 

Nutrizioa, ariketa fisikoa eta fisioterapia edo gorputzaren mugimendua izango dira Synergia Sakana taldearen lehenengo jardunaldian tratatuko dituzten diziplina orokorrak, hala ere, diziplina bakoitzean gai jakin bati buruz hitz egingo du taldeko kide bakoitzak. Gai orokorrenetatik espezializatuetara hitz egingo dute, betiere publiko orokor bati zuzenduta. Nutrizioaren oinarrietatik hasiko dira, "oinarrizko-oinarrizkoena" eta indarraren entrenamendua, zoru pelbikoa, atleten nutrizioa, minaren teoriak eta abar landuko dituzte. Publikoak interesa eta "boligrafoa eta papera" baino ez du behar. 

Lehenengo bilera egin zutenean "gai pila bat" zituztela esan du Azkonak. "Libreta hartu eta ez genekien zer lotura eman". Jardunaldi bakarra egingo dutenez, "dena" sartu nahi zuten. "Lotura topatu arte". Beraz, erabaki zuten jardunaldiaren lehenengo egunean gai orokorrei buruz hitz egitea eta bigarren egunean gai espezifikoei buruz hitz egitea. 

Aditu bakoitzak zeri buruz hitz egitea erabaki du. "Baina erabaki dugu jendeari gustatuko litzaiokeenari buruz hitz egitea", azaldu du Mazquiaranek. Publikoari edo gizartean sortzen diren eztabaidagaietan pentsatu dute, beraz, jardunaldiaren egitaraua eta hitzaldiak prestatzeko garaian. 

Nutrizioarekin hasiko dira, "oinarrizkoenetatik". Hortaz, Mazquiaranek oinarri nutrizionalen inguruan hitz egingo du: "Dieta on bat nolakoa izan behar den azalduko dut, zertan jarri beharko genukeen interesa, baita obesitateari buruz ere". Mitoen inguruko azalpenak ere emango ditu nutrizionistak. 

Bigarren hitzaldia Unanuak emango du, eta "jakien etiketen inguruan" hitz egingo du. "Gu biok nutrizioaren oinarriari buruz hitz egingo dugu, gauza oinarrizkoenak". Beraz, Azkonak supermerkatura joatean jendea "oso galduta dagoela" uste du, "etiketak gora eta behera aritzen gara, baina inor ez daki oso ongi nola den". Erosketak egiteko orduan etiketetan jartzen duenaz "interesatzen hasteko" eta gutxienez "zer jaten duten jakiteko" azalpenak emango ditu. "Puntu batzuk eman laguntza hori eskaintzeko". 

Azkona nutrizionista da ere, baina igandean emango du hitzaldia. Gai "espezializatuago" bat jorratuko du, "baina publiko orokorrarendako ere interesgarria dena". Emakumezkoen atleten triadari buruz hitz egingo du: "Energia hutsegitasuna, hilerokoaren ausentzia eta osteoporosi arazoak". Azkonak azaldu duenez, "gero eta emakumezko kirolari gehiago dago, baina ez gara jabetzen zer arazo ekar dezakeen kontzientzia faltak". Arazoak ikustaraziko ditu, eta prebenitzeko, diagnostikatzeko eta tratatzeko azalpenak emango ditu. 

Arguelles fisioterapia graduko praktikak egin zituenean, zoru pelbikoaren gaia ikusi zuen. "Kuadrillakoekin hizketan zoru pelbikoa aipatzen nuenean esaten zidaten ez zekitela zer den. Ikusten dut jendeak ez daukala inolako kontzientziarik eta gauza asko sartzen dira hor jokoan". Tabu bat dagoela azaldu du. "Jendeak ez daki tratatzen dela, horri buruz hitz egiten ari dela, jendeak beldurra du, baita lotsa ere". Zoru pelbikoa medikuntzatik eta fisioterapiatik tratatzen direla argitu du. "Hori transmititu nahi dut: zer arazo egon daitezkeen eta zergatik, arazo bat izanda kontsultatu behar dela eta zer egin daitekeen". 

Reparazek bi interbentzio egingo ditu. Lehenengoa minaren inguruan izango da: "Mina nondik jaiotzen den perspektiba eboluzionista batetik; zergatik dagoen eta zergatik gaur egun oraindik ere den hain zaila beraren kontra egitea". Zientziak mina ikusteko paradigma berri bat eman duela azaldu du: "Mina eta ehunen kaltea ez dela berdina erakutsi du. Ez du zertan erlazio zuzen bat izan behar. Ehuna suntsituta egotea eta mina egotea". Bigarren hitzaldia ariketa fisikoaren papera hirugarren adinean izango da: "Zergatik egin, zergatik ez egin, zein ariketetan aritu, nola lagundu dezake bai modu arinean bai kronikoki". Lehen mailako prebentzioa egin nahi du Reparazek hitzaldi honekin: "Askoz eraginkorragoa da". 

Mina izango da Maneroren hizgaia ere, baina aspektu biosikosozialetik. "Orain garrantzia handia ematen zaio min fisikoari, ehunaren kalteari, baina psikologikoki eta soziologikoki eragina du minak". Aspektu hori landuko du Manerok.

Echavarrik obesitatearen inguruan hitz egingo du, Reparazek azaldu duenez: "Ariketa fisikoaren onurak, eta indarra eta entrenamenduaren garrantzia azalduko ditu". Ariketa fisikoak antsietatean eta estresean nola eragiten duen ere jarriko du begia Echavarrik.  

Interesa eta pasioa
Jatea egunerokotasunean eta ia inkontzienteki egiten den zerbait da. Horregatik garrantzia handia duela uste du Unanuak: "Logikoa da. Egunero jaten dugu. Baina konturatu nintzen benetan ez dakigula oso ondo zer suposatzen duen gauza bat jateak eta beste bat jateak". Elikadura osasuntsuari buruz gehiago jakin nahi zuen, eta horregatik erabaki zuen Giza nutrizioa eta dietetika gradua egitea. "Gero eta okerrago jaten du jende askok, obesitate gehiago dago eta horregatik guztiagatik ikasi nahi izan nuen". Orain Klinikako nutrizioa eta endokrinologia masterra egiten ari da. 

Mazquiaranen kasuan aukeraketa pertsonalagoa izan da nutrizioa ikastea: "Oso gaztetatik argaltzeko dietak egin izan ditut. Pisua galtzen saiatu naiz. Baina oso zaila egin zait. Dieta egitea eta bat-batean uztea eta kristoren errebotea hartu". Hortaz, Mazquiaranek jakin nahi zuen zergatik gertatzen zen hori eta jendea lagundu nahi zuen. "Horregatik ikasi nuen nutrizioa". Orain Nutrizioa, elikadura eta metabolismo unibertsitate masterra egiten ari da, eta ikerketan lan egitea gustatuko litzaioke. 

Fisioterapian interesa zuen Azkonak, baina azkenean nutrizioa ikasi zuen. "Lehenengo mailan hasi nintzenean, fisioterapian eman nuen izena eta hartu ninduten. Baina nutrizioarekin jarraitzea eta ikasketak amaitzea erabaki nuen". Azkenean gustatu zitzaion, eta Nutrizio pediatrikoan, geriatrikoan eta kiroletako nutrizioan masterra egin zuen. Kirol nutrizioan espezializatu zen. 

"Fisioterapeuta izan nahi nuela oso argi nuen". Osasunarekiko ikuspuntu garrantzitsua dela uste du Arguellesek, eta horregatik "horri buruz" gehiago ikasi nahi izan zuen. "Fisioterapia ahaltsua eta osoa zela iruditzen zitzaidan". Oso "gustura" egon da fisioterapia ikasten, eta "arlo guztietan" asko ikasi duela esan du. Azken ikasturtean dago, praktikak egiten. 

Reparazek bi ideia zituen buruan: "Alde batetik jendea lagundu nahi nuen bere egunerokotasunean eta, bestetik, ikusten nituen mugimenduaren onurak asko zirela". Horrek kirol edo ariketa fisikoan goi mailako ikasketak egitera bultzatu zuen. "Nigan onura handia izan zuen". Fisioterapian izena ematea erabaki zuen. "Oso polita da mugimenduaren inguruan eta mugimendua ulertzeko profesioa delako. Gorputza ulertzea ez bada gauzarik politena, ia ia". 

Nahiz eta Interneten informazio asko egon, "ez dakigu nor ari den idazten, ez dakigu profesionalak diren edo zientzian oinarritutako ikerketa batean oinarritu diren". Gainera, jendeak "pixka bat hemendik pixka bat hortik" hartzen duela esan du Unanuak: "Zukua edo fruta? Fruta, bai, baina zergatik? Hori entzun dugulako, baina ez dakite zein den azalpena, zergatia". Mito horiei eta beste askori aurre egiten saiatuko dira Synergia Sakanako gazteak. 

Gazteak izan arren dakitenari buruz "informatzeko interes eta nahi handia" dutela esan dute Synergia Sakanako kideek. Haien helburua hitzaldien bidez prebentzioa eta gorputzekiko kontzientzia hartzea da. Momentuz datorren asteburuan egingo duten jardunaldia antolatu dute, eta bertatik, esperientziaren iritziak jaso nahi dituzte. Instagram bidez zabaldu dute mezua, eta interesa dagoela esan dute. Arakil aldean beste jardunaldi bat "gai berdinekin edo beste batzuekin" antolatu nahi dute, eta dagoeneko ari dira Irurtzungo eta Arakilgo Udalekin hizketan. Azkona: "Honekin jarraitzea gustatuko litzaidake. Jendeak zein arazo dituen jakitea eta horiek bideratzea". Hala ere, lehenik eta behin "egitea eta disfrutatzea" nahi dute. 

Synergia Sakana. Osasunaren dibulgaziorako proiektua
Egitaraua

Urtarrilak 22, larunbata
10:00etatik 14:00etara

  • Leire Mazquiaran: Nutrizio oinarriak
  • Maialen Unanua Irigoyen: Nutrizio etiketatzea
  • Hamaiketakoa
  • Daniel Echavarri Manjon: Ariketa fisikoa
  • Imanol Reparaz Escudero: Minaren bilakaeraren oinarriak

Urtarrilak 23, igandea
10:00etatik 14:00etara

  • Nerea Arguelles Iriarte: Zoru pelbikoa
  • Anne Azkona Unanua: Emakume atleten triada
  • Hamaiketakoa
  • Imanol Reparaz Escudero: Ariketa fisikoa hirugarren adinean
  • Mikel Manero Arguelles: Minaren alderdi biopsiko sozialak