Pilota

Ezkurdia eta Martija ere, finalerdietan

Guaixe 2020ko ots. 17a, 13:06
Ezkurdia-Martija eta Jaka-Zabaleta finalerdietarako sailkatuta daude.

Lasori eta Albisuri 22 eta 21 irabazi eta gero, sailkapenean bigarren postua sendotu dute sakandarrek eta Jaka eta Zabaleta liderrekin batera Binakako finalerdietara sailkatu dira

Ostiralean partida oso garrantzitsua zuten jokoan Ezkurdiak eta Martijak Urdulizen. Laso eta Albisu zituzten arerio, eta puntua oso garrantzitsua zen bi bikoendako. Ezkurdiak eta Martijak irabaziz gero, sailkapeneko bigarren postua sendotuko lukete eta zuzenean sailkatuko lirateke finalerdietarako. Eta Lasok eta Albisuk irabaziz gero, euren 7. puntua lortuko lukete. Partida gogorra espero zen eta hala izan zen: bi bikoak parez pare ibili ziren, eta azken unera arte ez zegoen jakiterik jokoan zegoen puntu erabakigarria norendako izango zen. Laso eta Albisu aurreratu ziren hasieran, 1 eta 7, baina sakandarrek bost tantoko takadarekin erantzun zuten. Hortik aurrera paretsu ibili ziren bi bikoak; 21-era berdindu eta gero, zorionez azken tantoa sakandarren alde erori zen, eta 22 eta 21 irabazita, Ezkurdiak eta Martijak garaipena lortu zuten, finalerdietara zuzenean sailkatzea ahalbideratu diena. 

Bestalde, Jaka eta Zabaleta txapelketako liderrak dira eta dagoeneko finalerdietarako sailkatuta daude. Larunbatean, Iruñean, Victorren eta Mariezkurrenaren kontra atzera ere ikusgarri aritu ziren. Ezer gutxi esan daiteke Labriteko partidaz; liderrak hasieratik nagusi izan ziren, ez zuten gupidarik izan eta 6 eta 22 gailendu ziren. Atzean Zabaleta izan zen jaun eta jabe, eta aurrean ere Lizartzakoak min handia egin zuen. Victorrek eta Mariezkurrenak ezer gutxi egin ahal izan zuten. Horrela, euren 11. puntua lortu zuten Jakak eta Zabaletak eta atzera ere edizio honetako bikorik onena dela erakutsi zuten.

Sailkapena
Binakako hasierako ligaxka despeditzeko jardunaldi baten faltan, Binakako sailkapenean 11 puntu dituzte Jaka-Zabaleta liderrek eta 9 puntu Ezkurdia-Martija bigarrenek. Bi bikoak finalerdietarako sailkatu dira. 3. eta 6. postuen artean sailkatuta dauden bikoak play-offak jokatuko dituzte: Artola-Ima hirugarrenak dira (8 puntu), Altuna-Galarza laugarrenak (7 puntu), Laso-Albisu bosgarrenak (6 puntu) eta Irribarria-Rezusta seigarrenak (5 puntu). Olaizola II.a-Urrutikoetxea seigarrenak dira (5 puntu), oraindik lehen 6 postuetan sartu eta play-offak jokatzeko aukerekin, eta Bengoetxea-Mariezkurrenak puntu bat dute, aukerarik gabe.

Asteburuan hasierako ligaxkako azken jardunaldia jokatuko da
Asteburuan Binakako hasierako ligaxkako azken jardunaldia jokatuko da. Larunbatean, Labriten, Irribarria-Rezustak Laso-Albisu izanen dituzte aurkari (17:45, ETB1); igandean, Bilbon, Ezkurdia eta Martija Aimar eta Urrutikoetxearen kontra ariko dira (17:00, ETB1); astelehenean, Tolosan, Altuna eta Galarzak Victor eta Mariezkurrena izanen dituzte aurkari (16:30) eta asteartean, Tolosan, Jaka eta Zabaleta Artola eta Imazen kontra lehiatuko dira. 3. eta 6. postuen artean nor sailkatuko diren dago jokoan, biko hauek play-offak jokatuko baitituzte eta bertatik aterako baitira finalerdietan ariko diren beste bi bikoak.