Futbola

Preferentea: Lagun Arteak berdindu eta lidergoa galdu zuen, eta Etxarri Aranatzek irabazi eta azkeneko postua atzean utzi zuen

Guaixe 2020ko ots. 17a, 13:34
Etxarri Aranatzek garaipen oso garrantzitsua lortu zuen Lagunak taldearen kontra.

Preferente maila. 19. jardunaldia: Lagun Artea 0 – San Miguel 0 / Lagunak B 1 – Etxarri Aranatz 4

Preferente mailan Lagun Arteak lidergoa galdu zuen Larragako San Miguelen kontra husna berdindu eta gero. Etxean jokatu zuten lakuntzarrek, Zelai Berrin, eta lehen zatian bi taldeek aukera politak izan zituzten. Ongi aritu ziren bi taldeak, parez pare, eta atsedenaldira markagailua mustu gabe joan ziren. Bigarren zatian hobeto aritu ziren lakuntzarrak, baina baloia ez zen Larragakoen atean sartu. Modu guztietara saiatu zen Lagun Artea, baina ezin. Berdinketari eustea, hori izan zen San Miguelekoen egitekoa, eta lortu zuten. Arbitroak Lagun Arteako Berasategi aldageletara bidali zuen, bi txartel hori ikusita, eta partida husnako berdinketarekin despeditu zen. 

Bestalde, Barañaindik berri oso onak ekarri zituen Etxarri Aranatzek. Lagunak taldearen kontra aritu ziren gorritxoak, eta bigarren minuturako Alberdik Etxarri aurreratu zuen. 9 minutu beranduago bigarren gola sartu zuen atzera ere Alberdik, baina atsedenaldia baino lehen gola egin zuen Lagunak taldeko Alustizak, eta Barañaingo taldea partidan sartu zen. 
Bigarren zatian Etxarrik ongi jokatzen jarraitu zuen. Jokaldi ederrak sortu eta Iñigok hirugarren gola sartu zuen. Aldiz, Lagunak taldeak behera egin zuen. Partida bukatzeko minutu baten faltan Iñigok Etxarriren aldeko gola sartu eta 1 eta 4 irabazi zuen Etxarrik, urrezko garaipena, sailkapeneko azkeneko postua atzean uztea ahalbideratu diena. 

Sailkapenean Beti Casedano da, atzera ere, preferente mailako liderra (36 puntu). Lagun Artea bigarrena da, puntu batera (35 puntu). Etxarrik azkeneko postua atzean utzi eta 15.a da (18 puntu). Ea garaipenak animoa eman eta gutxika, garaipenaren bidean jartzen diren etxarriarrak, jaitsiera postuetatik ateratzeko. Hurrengo jardunaldian sailkapenean 7. postuan dagoen Donezteberen kontra jokatuko du Lagun Arteak. Lehen postua lortzeko borrokan jarraitzeko irabazi beharrean dira lakuntzarrak. Bestalde, 22 punturekin 11. postuan dagoen Huarte B arerio zuzenaren kontra ariko dira etxarriarrak. Ez dago esan beharrik irabazi beharrean daudela, jaitsiera postuak atzean uzten hasteko.