Futbola

Imanol Arregi eta Jesus Alberto Martin sarituak

Guaixe 2020ko ots. 18a, 15:20

Nafarroako Entrenatzaileen Batzordeak antolatutako Entrenatzaileen Astean Osasuna Magna Xotako entrenatzaile irurtzundarrak teknikari onenaren saria jaso zuen eta Lagun Arteako Jesus Alberto Martin Davila entrenatzaileak aitortza jaso zuen

Nafarroako Futbol Federazioko Entrenatzaileen Batzordeak Entrenatzaileen Astea antolatu zuen aurreko astean. Futbolari eta areto futbolari lotuta, hitzaldiak, trebakuntza, mahai inguruak eta beste izan ziren, eta astea despeditzeko afaria eta sari banaketa izan ziren larunbatean. 

Hainbat sariren artean, Nafarroako Entrenatzaileen Batzordeak Osasuna Magna Xotako Imanol Arregi irurtzundarra areto futboleko teknikaririk onena izendatu zuen. Pozik jaso zuen oroigarria irurtzundarrak. Saritua izateaz gain, areto futbolaren inguruko mahai inguru batean parte hartu zuen Imanolek, Espainiako areto futbol selekzionatzaile Fede Vidalekin eta Orvina taldeko Ivan Marco entrenatzailearekin batera. Egungo areto futbola, aldatu beharreko arauak eta beste izan zituzten hizpide. 

Horretaz gain, iaz kategoriaz igo ziren taldeen entrenatzaileek ere aitortza jaso zuten, eta tartean zegoen Lakuntzako Lagun Artea taldeko Jesus Alberto Martin Davila entrenatzailea. Gogoratu behar da duela bi denboraldi preferente mailatik erregional mailara jaitsi zela Lagun Artea, eta hurrengo denboraldian, atzera ere preferentera igo zela. Egun, preferente mailan bigarrena da talde lakuntzarra.