Pilota

Hiru pilotari sakandarrak, Binakako finalerdietan

Maider Betelu Ganboa 2020ko ots. 21a, 11:15

Binakako Pilota Txapelketako hasierako ligaxkako 14. eta azken jardunaldia jokatuko da asteburuan, baina Jaka-Zabaleta eta Ezkurdia-Martija finalerdietan daude. Aitortu dute "oso pozik" daudela hirurek aurrera egin dutelako

Asteburuan Binakako Txapelketako hasierako ligaxkako 14. eta azken jardunaldia jokatuko da, baina Erik Jaka eta Jose Jabier Zabaleta liderrak (11 puntu) eta Joseba Ezkurdia eta Julen Martija bigarrenak (9 puntu) dagoeneko martxoaren 7an hasiko diren finalerdietarako sailkatuta daude.

Ligaxkako azken jardunaldia 
Nobedade moduan, otsailaren 29an eta martxoaren 1ean play-offak jokatuko dituzte 3. eta 6. postuen artean sailkatzen diren bikoak. Bi partida hauetatik aterako dira finalerdietako beste bi bikoteak. Hortaz, postu horietan nor sartu, lehia handia dago azken jardunaldian, eta euren bikoak play-offetarako sailkatzeko borrokan. Aspek eta Baikok erabaki polemikoak hartu dituzte. 

Horrela, larunbatean, Labriten, Aspek hala erabakita, Elezkano II.ak Irribarria ordezkatuko du. Unai Lasok eskuin eskuan mina du  eta Peña II.ak hartuko du bere tokia. Horrela, Elezkanok eta Rezustak (5 puntu) Peña II.a eta Albisu (6 puntu) izanen dituzte aurkari (17:45, ETB1).

Igandean, Bilbon, Ezkurdia eta Martija Olaizola II.aren eta Urrutikoetxearen (5 puntu) kontra ariko dira (17:00, ETB1). Astelehenean, Tolosan, Altunak eta Ladis Galarzak (7 puntu) puntu bakarra duten Oinatz Bengoetxea eta Mariezkurrena izanen dituzte aurkari (16:30). Victorrek ordezkatu du leitzarra azken jardunaldietan, baina oraingoan Bengoetxearen alde egin du Baikok. Eta azkenik, asteartean, Tolosan, Jaka eta Zabaleta Artolaren eta Imazen (8 puntu) kontra lehiatuko dira.

Zabaletak dio Jakaren "goseak" lagundu diola 
Jose Javier Zabaletak eta Erik Jakak ligaxkako 13 jardunaldietatik 11 partida irabazi dituzte eta bi galdu –Laso eta Albisuren kontra (21 eta 22) eta Ezkurdia-Martijaren kontra (22 eta 19)–. "Oso pozik gaude bide luze honetan partida asko irabazi ditugulako; horrek azken partidarako konfiantza emango digu" adierazi digu. Entrenamendu fisikoak bakoitzak bere kabuz egiten ditu, eta frontoiko entrenamenduak batera egiten dituzte Jakak eta Zabaletak, gehienak Tolosan eta batzuk Labriten. "Errutina berdinekin jarraitzen ari gara" azaldu du arakildarrak.

Bikote bikaina osatzen dute Zabaletak eta Jakak. Lehendabiziko momentutik primeran elkar ulertu dute. "Lehengo partida Irribarriaren eta Rezustaren kontra jokatu genuen. Beraiek ez zuten euren egunik onena izan, eta Erikek kristoren partida jokatu zuen, tanto pila bat egin zituen. Partida horrek biei konfiantza eman zigun eta hortik aurrera oso ongi ibili gara. Bi partida galdu ditugu, baina besteei asko kosta egin zaie guri irabaztea; hori garrantzitsua da, ea horrela segitzen dugun" gaineratu du. Erik Jakarendako hitz gozoak ditu . "Asko hitz egiten dugu eta entrenamenduetan bikote bezala hobetzen saiatzen gara. Nik uste dut bera txapelketa honetara kristoren gosearekin iritsi dela, eta hori ere niri transmititu dit; horrek asko lagundu dit".

Zabaleta egungo atzelaririk onena da. Horretan ados dago katedra. "Gauza hauek entzutea beti da polita. Jendeak gauza horiek esaten dituenean gogo gehiago ditut entrenatzen eta hobetzen segitzeko, nire mailarik onena emateko" aitortzen du Etxarrengoak.

Asteartean ligaxkako azken partida jokatuko dute Artolaren eta Imazen kontra. "Gu profesionalak gara; beti irabaztera ateratzen gara eta horretan saiatuko gara. Inauteriak dira, eta egun polit horretan jokatzea eta Tolosan, niri asko gustatzen zait" adierazi digu. Lagunak eta gertukoak saiatzen dira ahal dutenean frontoira hurbiltzen, eta oso eskertuta dago Zabaleta.

Play-offak jokatuko direnez, aste bateko atsedena izango dute. "Niri gehiago gustatzen zait dena jarraian jokatzea, baina aste horretan itxoitea tokatuko zaigu. Horrela tokatu da, eta ahalik eta hobekien entrenatzen jarraituko dugu, finalerdietara ahalik eta hobekien iristeko" dio atzelariak.

Finalerdietan zerotik hasiko dira berriz. "Orain arte egindakoak ez du ezertarako balio eta finalerdietan beste txapelketa bat hasiko da. Beste hiru partida izango dira, eta horietatik gutxienez bi irabazi beharko dira finalera iristeko. Ea garaipenak lortzen jarraitzen dugun eta finalerdietan ongi gauden" adierazi du. Oso pozik dago hiru sakandarrak finalerdietan daudelako. "Hirurek txapelketa jokatu dugu eta finalerdietan gaude. Hirurak finalerako sailkatuko bagina? Niretzat kristoren poza izango litzateke, eta uste dut Sakana guztiarendako ere gauza polita izango zela" aitortzen du.

Julen Martijak uste du partidak "hobeto" bukatzen dituela
Julen Martijak onartu du finalerdietarako sailkatuta daudenez, aste honetan "lasaiago" daudela. Hala ere, berak eta Ezkurdiak berdin-berdin jarraitzen dute entrenatzen, igandean ligaxkako azken partidan Olaizola eta Urrutikoetxea aurkari dituztelako. "Enpresarendako partida garrantzitsua da, guk irabaziz gero Irribarriari eta Rezustari mesede handia egingo diegulako. Irabaztera aterako gara, baina partida zaila dugu aurretik" aipatu du Martijak. 
Binakakoa txapelketa nahasia izan da sakandarrendako. Josebaren gripearengatik partida asko defentsa lan ikaragarria eginez atera zituzten aurrera. Orduan Martija izan zen arbizuarraren sostengua. "Beti saiatzen naiz pilota gutxi galtzen. Partida batzuetan lortu dut, eta sarritan, gutxi failatzen baduzu, irabaztea lortzen duzu. Josebak gora egin du eta azkeneko partidak oso ongi jokatu ditu. Partida guztietan asko laguntzen dit eta horrek konfiantza ematen dit. Txapelketa luzea da eta erregular izatea nahi genuen, eta uste dut hori lortu dugula" adierazi du arakildarrak.

Etxeberriko atzelariak txapelketa honetan pausu bat aurrera eman du. "Nik uste partidak hobeto bukatzen ditudala; aurreko urteetan urduriago jartzen nintzen. Beti egoten dira urduritasunak, esaterako ostiraleko azken partidan, baina partidak lasaiago bukatzen ditut orain" aitortu digu.

Ezkurdiarekin primerako bikotea osatzen du Martijak. "Berarekin txapelketa baino lehen erlazio oso ona neukan eta nik uste dut ongi jokatzeko hori dela printzipala, berarekin ondo eramatea eta ongi ulertzea. Josebak izugarri laguntzen dit; pilota txarraren bat izan behar dudanean, badakit berak lagundu behar didala. Eta ni ere saiatzen naiz pilota gutxi huts egiten; horrek Josebari konfiantza ematen dio" gaineratu du.

Elkarrekin entrenatzen dute eta material aukeraketetara ere elkarrekin joaten dira. "Txandaka gidatzen dugu" kontatu du. Euskal Herri guztian barna ibili dira. "Normalean jokatzen ez diren frontoietan aritzea tokatu zaigu, baina garaipen asko lortu ditugu eta nik uste ongi etorri zaigula" aipatu du Martijak.

Finalerdietan hutsetik hasiko dira. "Aurreko bi urteetan finalerdietan txapelketatik kanpo geratzea tokatu zait; ea aurten finalerako sailkatzea lortzen dudan" dio Martijak. Play-offetan atseden hartu beharko dute. "Guk normal jarraituko dugu entrenatzen, jokoa ez galtzeko" azaldu du.

Hiru sakandarrak finalera heltzea ikusgarria litzatekeela uste du. "Sakandarrondako oso handia izango litzateke hirurak final batean egotea. Baina beno, oraindik asko geratzen da, finalerdietan dena oso zaila. Ea lortzen dugun" dio.

Joseba Ezkurdiak dio "gozada bat" dela Martijarekin aritzea
Finalerdietarako sailkatuta dagoelako "lasai" dagoela aipatu du Josebak, "buruz lasai, tentsioa jaitsita". Orain, helburua finalerdietara ongi iristea dela dio. Txapelketa gorabeheratsua izan du arbizuarrak. "Hasieran sentsazioak onak ziren, partida pare bat eskapatu zitzaizkigun detaileengatik, baina jokoz ongi ari ginen. Gero gripeak harrapatu ninduen eta beherakada galanta sumatu nuen. Konfiantza, jokoa, dena galdu nuen eta konfiantza ez dagoenean ahalik eta egokien defenditzea tokatzen da, gauzak ahalik eta sentzilloen eta hobekien egiten saiatu.  Behintzat puntuak lortzen segitu genuen eta orain pozik nago ematen ari garen mailarekin. Bide onetik goaz eta ea hala segitzen dugun" dio.

Martijarekin oso ondo moldatzen da. "Astetik astera konfiantza gehiago dugu, gehiago ezagutzen gara... oso gustura nago Julenekin. Mutiko oso jatorra da, majoa, ogi puska bat, eta kantxa barruan oso konpetitiboa, gauzak asko eta ongi egiten dituena eta gozada bat da berarekin aritzea. Harreman ona dugu eta hori kantxa barruan nabaritzen da" gaineratu du. Martija atzelari "oso konpetitiboa eta ona" dela berresten du Ezkurdiak. "Bista handiko pilotaria da, intuizio handia duena, eta horrek asko egiten du. Beheraldia izan nuenean berak eusten zien partiduei eta partidak aurrera atera zituen. Txapelketa handia egiten ari da, baina aurreko urtean ere maila altua eman zuen. Denbora darama atzelari on bat izaten eta gorenean lehiatzen".

Igandean Olaizolari eta Urrutikoetxeari irabazi nahi diete, sentsazio onekin jarraitu eta Irribarriari eta Rezustari laguntzeko. "Bi aste hauek aprobetxatuko ditugu entrenamendu fisikoei kaña emateko" azaldu du. 

Jaka eta Zabaletak bikote "oso ona" egiten dutela uste du. "Zabaleta nik esango nuke egungo atzelaririk onena dela; diferentziak markatzen ari da eta asko ari da jokatzen, maila oso altuan. Eta Erik ere bai. Jose bezalako atzelari batekin jokatzeko aukera oso ongi ari da aprobetxatzen, eta momentu oso onean dago, tantoak bukatuz eta erakustaldiak eginez. Une honetan biko oso zaila da irabazteko, baina ea hemendik bi astera eskua sartzeko modua dugun" dio, irribarrez. 

Play-offak saihesteagatik kontentu dago arbizuarra. "Aurten bigarren postu hori lortu nahi genuen play-offak saihesteko. Play-offak tentsio handiko partidak izanen dira eta finalerdietatik kanpo geratzeko arrisku handia dago"".

Finalerdietan beste txapelketa berri bat hasiko da. "Orain arte egindakoak ez du ezertarako balio. Ea gure maila ematen dugun eta hasieratik konpetitiboak garen. Polita izango litzateke bai Julenendako eta baita niretzat ere finalean sartzea. Sentsazio onak ditugu, baina zaila izanen da; ea lortzen dugun. Partidaz partida joan behar dugu, finalerdiak ongi prestatu eta ea zer ateratzen den" gaineratu du arbizuarrak.

Finalera hiru pilotari sakandarrak sailkatzea handia izango litzateke Ezkurdiarendako. "Final horretan lau pilotarietatik hiru sakandarrak izatea latza litzateke; orain ere finalerdietan hiru egotea ez da broma, gauza handia da. Eta polita. Gurean pilota asko segitzen da, asko mugitzen du pilotak eta polita da hiru sakandar finalerdietan egotea, eta, zergatik ez, finalean?" dio. Halaber, jarraitzaileen babesa eskertu du.  “Pertsonalki oso maitatua sentitzen naiz, jarraitzaileen babesa sumatzen dut eta eskertzekoa da, toki guztietara joatea eta jendearen animoak entzutea; horrek animoak ematen ditu. Azkenean seinale ona da jarraitzaileen babesa sentitzea, ea urte askoan horrela segi dezakegun” espero du.