Pirinioak, zaharrak ezinez

Erabiltzailearen aurpegia Juan Jose Pellejero 2020ko ots. 21a, 08:11

Astelehena, otsaila, ordu biak eta hemeretzi gradu Zubirin. Nire bi lagunekin gelditu naiz bazkaltzeko eta solas egiteko bidegurutzeko jatetxe ezagun batean. Bata Aezkoako bihotzekoa, bertzea A-15ak zeharkatzen duen aranekoa; biak erretiraturik, biak abeltzain eta tokiko eta lurralde honetako erakundeetako kargudun izanak.

Gure solasbidea herri ttikietako populazio galtzeaz dugu. Patuak hala nahi izanik, Nafarroako egunkari batek Pirinio alderdiaren egoeraz eguneroko erreportaje bat argitaratuko du aste osoan. Herri ttikien hustea aspalditik heldu delako ideiarekin hirurok bat gatoz. Baina hondarreko hogei urte hauetan nabarmenagoa agertu da. Eta gainbehera horretan nekazalgoaren murrizpenak zerikusi handia izan du. Batez ere errentagarritasuna faltagatik. Alabaina, deigarria da nire bazkalkideen alderdietako errepide azpiegitura eta industrialdeak diferenteak izanik, herri ttikien huste prozesua antzekoa izan dela. Pirinioetan larriagoa, zalantzarik gabe; baina A-15ak ez du galarazi populazio galtzea inguruko herri ttikietan.

Nire bi bazkalkidek seme-alabak dituzte, eta denak Iruñerrian bizi dira. Inork ez du nekazalgoan segitu nahi izan. Are gehiago, gurasoek ez dute segitzea nahi izan. Pirinioetan banaz bertzeko errenta 32.455 euro/etxeko da; Nafarroan, 33.100 euro. Ez da alde handirik. Baina, bai, bada. Zer kostu du iruindar batek aukeran dituen zerbitzuak eskuratzeko? Zalantzarik gabe, Ariako edo Oderitzeko batek baino guttiago. Hau da, hirietako jendeak dituen zerbitzu berberak eskuratzeko herri ttikietako jendeak gastu gehiago egin behar du. Hala ere, errentaren gaineko zergan kostu hori ez da islatzen. Beraz, zerga berberak ordainduta, zerbitzu berberak eskuratzeko herri ttikietako jendeak bere sakelatik tiratu behar du.

Pirinioak eta Larraun, historikoki, nekazarien eremuak izan dira, eta Nafarroako oinordetzaren tradizioak indarra handia izan du etxaldeak aitzina segitu eta hobetzeko prozesuan. Etxe bakoitzean nagusi bat gelditzen zen eta hark familia egin eta etxaldea bizirik irauteko ardura zuen. Hala ere, gure iduriko, nekazalgoaren jarduera ez da soluziobidea herrien huste prozesu horretan, baina nekazaririk gabe ez dago soluziorik. Dudarik gabe, errepide azpiegitura, industrialdeak, zerbitzu publikoak beharrezkoak dira, eta komunikazioko teknologi berriak, ezinbestekoak; ekimen pribatuak ere bai. Baina funtsezkoena da isuria geldiaraztea eta biderik laburrena nekazariei bere lanean segitzen laguntzea da.

Bertzenaz, orain arte gertatzen aritu denak segituko du: nekazariak erretiratu, gazteak lekutu eta etxeak hustuko dira. Eta hori gertatutakoan ez da atzera bueltarik izanen. Hortaz, -hiru lagunak ados gaude- husten ari diren alderdietako nekazariei, nolabaiteko errenta osagarri bat, edo antzeko laguntza bat, indarrean paratu beharko litzateke lehen baino lehen. Ez bere jardueraren errentari laguntzeko, NPB (Nekazaritza Politika Bateratua) horretarako baitago, berri kezkagarriak Bruselatik heldu badira ere. Bertan bizitzeko eta bizitzeagatik baizik. Nagusi gazteak eta familiak izan daitezen eta euren –gure- ingurumena zaindu eta kudea dezaten. Haiek baitira gure mendi eta oihanen mantentze lanak egiten dituzten beharginik eraginkorrenak. Denbora arroaka galdu da solasean eta zenbait herritan buelta ezin emateko puntuan geundeke. Beraz premia handia da, bertze hainbat alorretan egin den bezala, ekimen eraginkorrak martxan paratzeko; hau da, Nafarroako zein Estatuko aurrekontuetan diru askiz hornitzeko. Hori egin ezean, erran zaharrak –egokituta- dioena gerta liteke: gaztea ez egonez eta zaharrak ezinez doaz egitekoak deseginez.