Eguzkia lagun zutela, Arakilgo Zuhaitzaren eguna ospatu zen astelehenean. Arakilgo Udaleko Kultura Zerbitzuak, Arakil Kulturak, 10:00etarako jarri zuen hitzordua Izurdiagako futbol zelaiaren ondoan. Joan den urtean inguruan landatutako 50 zuhaitzak zuzentzeko hagak jartzea izan zen hara joandakoen egitekoa. Horrekin batera, ibai bazterrean zegoen zaborra ere jaso zuten. Horiek despedituta Zuhaitzaren Egunean parte hartu zuten arakildarrak Aizkorbera jo zuten.
Herriko sareak eta zoruak berritu ondoren, iturriaren ondoan espazio publiko berria sortu da. Han lau akazia landatu zituzten. Baita hainbat zuhaixka eta usain-belarrak ere, ingurua ekialdetik eta hegoaldetik mugatzeko. Aizkorbearren eta Arakilgo Udalaren nahia da toki horretan etorkizunean haurrendako jolas parke bat jartzea. Landatze lanak despedituta, aldamenean dagoen frontoian eskulan tailerra izan zen. Guztia borobiltzeko haur eta gurasoendako otamena izan zen.