Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta Goienerrek hitzarmena sinatu dute

Guaixe 2020ko ots. 20a, 17:42
Goienerreko Maria Arretxe eta Nafarroako Ikastolen Elkarteko Josu Reparaz.

Energia kudeaketan eta energiarekin loturiko jarduerak eta estrategiak garatuko dituzte elkarrekin. Aurreztea eta energia-eraginkortasuna ditu oinarri, baita energia berriztagarriaren kontsumo eta energiaren sorkuntza.

Lehendik zegoen harremana “egonkortze aldera eta erlazio berriak sortzeko nahiarekin”, Nafarroako Ikastolen Elkarteko Josu Reparazek eta Goiener energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatibako Maria Arretxek lankidetza hitzarmena sinatu zuten astelehenean. Horren arabera, Goienerrek tarifa elektrikoen kontratazioa aztertuko du, beti ere ekonomikoki bideragarriak eta teknikoki posibleak diren heinean eta bere talde profesional eta boluntarioa eskainiko du Nafarroako Ikastolen Elkarteak izan ditzakeen beharrei erantzuteko. Modu berean, Nafarroako Ikastolen Elkartearendako energiarekin loturiko jarduerak eta estrategiak identifikatuko ditu, beti ere onuragarria suerta dakiokenean. 

Nafarroako Ikastolen Elkarteak, berriz, ikastolak bultzatuko ditu kontsumitzen duten energia %100 berriztagarria izan dadin, eta ahal dela, energia hori ekoizteko bideak ireki ditzaten. Baita ere energia aurrezteko eta energia eraginkortasuna lortzeko bideak jorratzen hastea bultzatuko du. Horrekin batera, Ikastolen Elkarteak ikastolako komunitateko kideak, familiak, irakasleak eta langile guztiak animatu nahi ditu ingurumenaren aldeko apustu hau egitera eta Goiener aintzat hartzera energiaren loturiko jarduerak aurrera eramaten dituztenean.