Bizipoza elkartearen aurkezpena, eta gehiago

Guaixe 2020ko ots. 21a, 14:03

Josune Azpiroz eta Anabel Arraiza.

Gaur, 19:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean izanen da aurkezpena. Anabel Arraizak aurkeztuko duen ekitaldian Irantzu Gonzalez dantza eskolak, Hodei magoak eta Beietz musika taldeak parte hartuko dute.

Bi dokumental eta horiek biltzen dituen doku-web orria aurkeztuko dituzte Altsasun gaur. Gure bizipoza, guztiona dokumentalak 35 elkartek, hainbat bazkidek zein babeslek eta boluntariok osatzen duten Bizipoza elkartea zer den azaltzen du. Horretaz aparte, Biak Bat elkarteari buruzko beste dokumental bat emanen dute. 

Anabel Arraiza eta Josune Azpiroz 
Bizipoza elkarteko eta Biak Bat elkarteko kideak

Zer da Bizipoza? 
Anabel. Elkarteen elkartea da. Gaur egun 35 elkarte daude. Haurrekin lan egiten duten elkarteak dira gehienak. Izan daitezke gaixotasunen bat edo sindromeren bat daukaten haurrenak, familia eredu desberdinetan bizi direnen haurrak. Edo Biak Baten kasuan, esaterako,animaliekin terapiak egiten dituzten elkarteak. Kirol egokituan aritzen direnak. Nazioartean lan egiten dutenak, hango haurrak hona ekarri eta osasuna hobetu nahian denboraldi bat hemen egiten dutenak… Denetarik dago. Bizipozaren ezaugarri nagusietako bat aniztasuna da. Aldi berean, euskarak ere batzen gaitu eta Bizipozak bere jarduera guztiak euskaraz egiten ditu. Azken finean, elkarte gehienek gai bat jorratzen dute, izan gaixotasuna, izan beraiek bizi dute egoera. Elkarte horiek sortzen direnean hizkuntza normalean uzten da zazpigarren, zortzigarren planoan. Zergatik ez lehen plano horretara ekarri. 

Bertako elkarteak dira, beraz. 
A. Elkarte guztiak Euskal Herrian aritzen dira. Batzuk herri jakin batekoak dira, beste batzuk hedadura handiagoa hartzen dute eta erkidego osoa har dezakete. Badira beste batzuk estatura jauzi egiten dutenak eta han ere aritzen direnak. Elkarte horiekin batera Bizipoza osatzen dute babesle batzuk eta bazkide batzuk. Bazkideak izan daitezke elkarteak beraiek edo gizarte eragileak. Tartean daude AEK, Elkar, Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatea, Katxiporreta pailazo taldea, Irrien Lagunak, Algaraklown ospitaleko pailazoak, Ikastolen Elkartea… Horretaz aparte, boluntario sare bat ere badago. 

Zein helburu ditu? 
A. Bere helburu nagusia da elkarte horien guztien errealitateak gizarteratzea, eta balore horiek jasoaz gure buruari “klik” egin eta gizarte inklusiboago bat eraikitzea. Haur horiek guztiak kontuan hartuko dituen gizarte inklusiboago bat. Haur horien eskubideak bermatuta izanen dituen gizarte inklusibo bat. Horretarako, Bizipozak hainbat ekimen egiten ditu.   

Nola dago egituratuta Bizipoza? 
A. 35 elkarte daude eta urtero hainbat jarduera egiteko diruz laguntzen duten babesleak daude. Bazkideak badaude, guzti horien ardura dutenak. Horien artean talde eragilea ateratzen da. Diruzain, idazkari eta lehendakari postua elkarte batzuetako ordezkarienak dira. Horiekin batera, gaur egun gizarte eragileak daude: Hik Hasi, Katxiporreta, Ikastolen Elkartea eta baten bat uzten dut. Guztia koordinatzen Leire Elizegi du. Ni proiektu-kontratu batean nago, Altsasun gaur aurkeztuko duguna. 

Biak Bat elkartea hasieratik zaudete Bizipozan? 
Josune. Nik uste 2014 urtetik parte garela. Ekimen polita zela ikusi genuen: batzen gintuena, denon artean, guztiondako izan beharko lukeen mundua osatzeko. Guk bakarrik zer edo zer egin dezakegu, baina batera joanda gehiago lortu daiteke. 

Elkarte bakoitzak bere jarduerak egiten ditu, baina noizean behin halakoak ere sortzen dira. 
A. Elkarte bakoitzak bere egunerokoa darama. Bizipozan elkarte horiendako behar afektiboak eta materialak pixka bat osatu nahi ditugu. Helburu berei jarraituz, lehen aipatutako gizarteratze lan horretan-eta, hainbat jarduera egiten ditu Bizipozak urtean zehar: jardunaldiak, prestakuntza, ipuinak hilero Irria aldizkarian, ikus-entzunezkoak egiten ditugu… Orain dela ia bi urte dokumentalen kontu honekin hasi ginen. Azken finean, Bizipoza bera aurkezten den dokumental bat da, 19 minutukoa. Elkarte bakoitzarekin dokumental txiki bat sortzen dugu ere. Dokumentaletan beraiek dira protagonistak; eurek jartzen diote irudia, ahotsa. Elkarte bakoitzaren errealitatea zein den ezagutuko dugu batetik, beraien helburuak, oztopoak, egunerokoa. Eta, bestetik, elkarte horretako kide den familia baten egunerokoa zein izan daitekeen. Horiekin guztiekin dokumentalen web gunea sortu dugu. Elkarte guztiekin elkarrizketak egin behar ziren, grabatu, editatu, web orrira igo behar ziren. Lan luzea eskatu du. Iruditzen zaigu oso tresna indartsua dela doku-weba. Gainera, denen eskura jartzen duguna, jendeak ezagutu dezan zein den gure gizartea. Denok gara gizarte hori eta denon artean, Josunek esan bezala, denondako beharko lukeen mundu hori eraiki beharko genuke. 

Noizbait Sakanan elkarrekin jardueraren bat egin da? 
A. Behin Biak Bat-en aldeko jai bat egin genuen Altsasun, 2015ean edo 2016an. 

Dokumentala eta doku-weba aurkezpen ekitaldia prest dago? 
A. Bai. Jendea hurbiltzea besterik ez da falta. 

Bakarrik ez zarete egonen, ezta? 
A. Euskal Herriko hiriburuetan egin genituen aurkezpenak. Eta orain eskualdez eskualde gabiltza. Gero herriz herri edo dena delakoa joanen gara. Ekitaldi bakoitzean bertan presentzia daukan elkarteren bat aurkezten dugu. Kasu honetan, Altsasun, Biak Bat aurkeztuko dugu, beraiek bertan dutelako egoitza, nahiz eta beraien jarduera askoz zabalagoa den. Biak Baten eta Bizipozaren dokumentalak ikusiko ditugu. Baina proiekzio hutsa izan beharrean, tokiko eragileak parte hartzera gonbidatzen ditugu. Alde batetik, beraien elkartasun keinua adierazteko bai Bizipozari eta, kasu honetan Biak Bat elkarteari. Eta, bestetik, ekitaldiari beste formatu politagoa emateko. Irantzu dantza eskolako ikasleak, Hodei magoa eta Beietz musika taldea ariko dira gaur. 

Biak Batek zerbait eginen duzue gaur?
J. Gu bakarrik ez goaz inora eta animaliaren bat gurekin joanen da. 

Pentsatzen dut ekitaldiarekin ere sakandarren kolaborazioa nahiko duzuela, ezta? 
A. Nahiz eta une jakin batean zabaldu, gure boluntario kanpaina urte guztian irekia dugu. www.bizipoza.eus web gunean Bizipoztu atala dago. Han gurekin batera Bizipoztuko den jendea behar dugu: Bizipozak antolatzen dituen jarduerak aurrera egiteko, baita elkarteen behar horietarako ere. Bai norbanakoak, bai eragileak. Izan daiteke denbora eskainiz, esaterako Bizipoza jaian txokolatea banatuz. Edo, kasu honetan, gaur, Beietzek, dantza eskolak, Hodeik beraien lana eskainiko dute. Azken batean, denak boluntario lana egiten ari dira, jarduera horiek guztiak aurrera egiteko ahaleginean. Lagundu ezin duenak diru ekarpen txiki bat egin dezake. Denondako aukera dago, denok egin dezakegulako zerbait. 

Urte batzuen ondoren, nola bizi duzue Biak Baten Bizipoza elkartean egotea? 
J. Guretako oso ona. Bai Anabel bai Bizipoza osatzen duten guztiek ongi sentiarazten zaituzte, eta ari zaren horretan animatzen zaituzte, bide horretan bakarrik ez zaudela sentiarazten dute. Lantalde oso polita eta ona dago zure lana bultzatzen.  Denok helburu berak ditugula. Haurren eskubideak defendatzea guztion ardura direla. Gainera, zabalkundean laguntzen zaituzte. Gure lanean oso garrantzitsua da jendeak jakitea zertan ari garen, zertan lagundu ditzakegun pertsonak. Batzuetan ez dakizu zeinek izanen duen horren falta. Guk familia bat bezala sentitzen dugu. Eta gaurko ekitaldia gogoz hartzen dugu. Sakanan, nik uste, ez dakitela oso ondo zer den Bizipoza. Jendeak jakitea garrantzitsua da. Eta guk zer egiten dugun. “Animaliekin zerbaitean ibiltzen dira, baina zer demontre egiten dute hauek?” Gerturatzen baldin badira, primeran ulertuko dute zer egiten dugun. Oso ekitaldi polita izanen da. 

A. Haiena oso dokumental hunkigarria da, beti jarrera eraikitzaile batekin.