Sakanako Mankomunitateak estreinakoz bat egin du Nafarroako toki entitateek martxoaren 8rako egiten duten kanpaina bateratuarekin. Horien artean Altsasuko Udala dago. Aipatu kanpainak izan zirelako jarraituko dugu! leloa du aurten. Mank-eko Berdintasun Zerbitzutik azaldu dutenez, “azken urteotako martxoaren 8ak agerian utzi dute emakumeok planto eginez gero mundua gelditu egiten dela. Baina hori guztia ez da ezerezetik sortu; euren eskubideen alde emakumeek urte luzeetan eginiko borrokaren ondorio da. Ikasi dugu, gaurko borrokak berriak izan beharrean, aspaldikoak direla”.
Horregatik, aurtengo kanpainaren bidez “bide eta borroka hori omendu nahi izan dugu. Orain arte egindako bideak ikasi eta gure aurretik izan direnen esperientzia gure atzetik datozenen gogo biziarekin jarraitzeko”. Hori dela eta, martxoaren 8an izan zirenak omendu nahi dituzte, baita utzi zuten ondarea eskertu ere. Aurtengo kanpainaren oihartzuna handiagoa izateko ibarreko udal guztietan erakunde adierazpena aurkeztu dute.
Egitaraua
Otsailak 21, ostirala
19:30ean Zine foruma: El orden divino filma eta Maria Castejon Leorzarekin (genero eta zineman aditua) hizketaldia, Urdiaingo auzoan.
El orden divino: 1971n, emakumeek oraindik ere ezin zuten botorik eman Suitzan. Nora etxekoandre gaztea da, bi seme-alabaren ama, eta herri txiki batean bizi da. Bizitza lasai doakio, baina dena aldatuko da senarrak lan bat onartzea debekatzen dionean. Kontzientzia politikoa piztuko zaio eta, horrek bultzaturik, emakumeen boto-eskubidearen eta sexu-askatasunaren aldeko borrokei lotuko zaie.
Otsailak 28, ostirala
20:30ean Hortzemuga Teatroaren En sus zapatos antzezlana eta ondoren UNRWAko kideekin solasaldia, Irurtzungo kultur etxean. 40 pertsonarendako tokia dago.
Ikuskizunak antzerkia eta bizipen-jolasa ditu ardatz. Hala, publikoak bere azalean biziko du Palestinako emakume errefuxiatuek egunean-egunean eta egoera horietan pairatzen duten ikusezintasuna eta isiltasuna. Zehazki, emakume ororen duintasunak jasaten duen oinazea eta euren eskubideen urraketa azaleratzen dira. Beraz, antzerki-jolas honek aipatutako testuinguruan emakume izateak zertan datzan nork bere azalean bizitzea du helburu.
Martxoak 1, igandea
17:30ean Eidabe antzerki taldearen Mari eta galleta fabrika antzezlana, Etxarri Aranazko kultur etxean
Zazpi urtetik gorako haurrei eta familiari zuzendutako antzezlana da. Mari eta gaileta fabrika antzezlana gaur egungo emakumeei bidea erraztu diguten andra langileei egindako omenaldia da. Iragana eta gaur eguna ez dira hain ezberdinak. Horregatik, memoria eta transmisioa ezinbestekoak dira. Hala, belaunaldiz belaunaldi gaileta errezeta zaharrak pasatzen diren moduan, Lukak Mari amamaren bizipenak jasoko ditu. Iragana jasoko du gaur eguna eraldatzeko. Berdintasunaz eta parekidetasunaz jarduten duen haur eta familiari zuzendutako antzezlana dugu.
Gonbidapenak jasotzeko, udaletxean edo Sakanako Mankomunitatean: berdintasuna@sakana-mank.eus.
Martxoak 4, asteazkena
18:00etan Dorleta Kortazar Alkozen Zu eta ni haurrendako ipuin saioa, Ziordiko liburutegian
Martxoak 6, ostirala
17:00etan Emakumearen egunaren historia. Pili Mikeorekin hizketaldia Etxeberrin. Arakilgo Udalak antolatuta.
19:00etan Cholitas dokumentala, Olatzagutiko kultur etxean. Olatzagutiko Udalak antolatuta.
Martxoak 7, larunbata
19:00etan Dorleta Kortazar Alkozen 80 amandre helduendako ipuin saioa, Arruazuko udaletxean.
80 amandre behar omen dira antzinako emakumeak egungoekin lotzeko, hori zioen behintzat Jorge Oteiza handiak; 80 amandre besterik ez, antzinaroa gaur egunarekin lotzeko. Nik 4 amandre nahikoa izan ditut munduan nire txokoa aurkitzeko, 4 amandre besterik ez, ipuin bihurtu eta saio honetan elkartu ditudanak. Ametsak, desioak, lana eta tristurak mototsean kiribildu eta munduari irribarre egiten ikasi duten emakumeen istorioak dira hauek. Esku zailduak, sabel puztuak, begirada galduak, eta batez ere irribarrea begietan duten amandreak, amamak, amonak, amatxiak, amumak…
Martxoak 8, igandea
Mobilizazioak Sakanako zenbait herritan.
11:30etik 14:30era Txoko-lila, haur eta familiendako, Etxarri Aranatzen. Etxarri Aranazko Udalak antolatuta.
18:00etan Ane Labaka eta Beatriz Egizabalen Erradikalak ginen antzezlan, Arbizuko udaletxean. Bilgune feministak antolatuta.
Martxoak 13, ostirala
22:30ean Tdiferentzia taldearen Perdiendo el juicio antzezlana, Olatzagutiko kultur etxean. Olatzagutiko Udalak antolatuta.
Antzezlana musika-tragikomedia originala eta garaikidea da, non sexu gehiegikeria eta bortxaketengatik egindako kondena eta epaiketen inguruko gogoeta egiten den. Genero ikuspegia legeetan, prestakuntzaren beharra, epaile matxistak, aurreiritziz betetako galdeketak, biktimaren birbiktimizazioa, gizarte-epai paraleloak, patriarkatua, hipokresia. Muntaia konprometituak gogoeta bilatzen du, horregatik, eslogan eta esaldi eginetatik ihes egiten du obra muntaia oportunista bihur ez dadin. Tdiferencia taldearen azken apustua da bere borroka feminista berezia, umorea, musika, maitasuna, kabareta eta publikoarekiko topaketak tresna gisa erabiliz.
Martxoak 15, igandea
12:00etan Sakanako VII. Lilasterketa, Altsasuko Foru plazan. Altsasuko Udalak eta Mank-ek antolatuta.
17:00etan Meri, Mari eta Lari antzezlana Olatzagutiko kultur etxean. Olatzagutiko Udalak antolatuta.
Galder Perezek idatzitako eta Maria Urzelai aktorearekin batera sortuko antzezlana da. Azken horrek eta Yogurinha Borovak jokatzen dituzte Meri eta Mariren rolak. Antzezlana ipuinez eta Yogurinha Borovaren abestiez osatutako obra da, askatasunaz hitz egiten duena. Izan ere, istorioak sexu eta genero aniztasunaz hitz egiten du, familia eredu desberdinez eta beldurrak baztertzeaz.
Martxoak 17, asteartea
19:00etan Errotik, Sakana parekidea; Sakanako emakume eta gizonen arteko berdintasunerako I. Planaren aurkezpena. Mank-en Lakuntzako egoitzan.
Martxoak 28, larunbata
18.00etan Aldatzen Laguntzen antzerki taldearen Birritan bortxatua antzezlana, Ihabarren.
Beldurrak gaindituz, salaketa jartzea erabakitzen du. Epaiketan zehar bizi eta sufritutakoak kontatuko dizkigu, baita gizartearen partetik jasotako epaia ere. Fikziozko antzezlan honek, errealitatean gertatutako hainbat bortxaketetan du oinarria.
Martxoak 26, osteguna
Emakume sortzaileak, ahalduntzea sormena sentituz. Emakume helduak. Izen ematea martxoaren 18 baino lehen egin behar da berdintasuna@sakana-mank.eus e-postan. Informazio gehiago www.sakana-mank.eus web orrian jarriko dute.
Apirilak 2, osteguna
Emakume sortzaileak, ahalduntzea sormena sentituz. Emakume helduak. Izen ematea martxoaren 18 baino lehen egin behar da berdintasuna@sakana-mank.eus e-postan. Informazio gehiago www.sakana-mank.eus web orrian jarriko dute.
Apirilak 22, asteazkena
Emakume sortzaileak, ahalduntzea sormena sentituz. Emakume gazteak. Izen ematea apirilaren 8 baino lehen egin behar da berdintasuna@sakana-mank.eus e-postan. Informazio gehiago www.sakana-mank.eus web orrian jarriko dute.
Apirilak 29, asteazkena
Emakume sortzaileak, ahalduntzea sormena sentituz. Emakume gazteak. Izen ematea apirilaren 8 baino lehen egin behar da berdintasuna@sakana-mank.eus e-postan. Informazio gehiago www.sakana-mank.eus web orrian jarriko dute.