Elkar indartuz, txikiak handi

Alfredo Alvaro Igoa 2020ko ots. 21a, 14:48
Yuuyum Irratiko Socorro Cuich Caamal Guaixeko Gema Lakuntza Lopez eta Alfredo Alvaro Igoaren artean.

Gure hizkuntzen, kulturen eta hedabideen berri elkarri eman eta informazio hori gure inguruan zabaltzea. Konpromiso hori hartu genuen Yuuyum Irratiak eta Guaixek "Elkarrekin indartuz" senidetze manifestua sinatu genuenean.

Urretxoriak (Psarocolius montezuma) bere kafiak egiteko oso modu berezi eta deigarria du. Zuhaitzen adarretatik zintzilikatzen den zaku moduko bat egiten du adarrekin eta landare-zuntzekin. 60 eta 180 cm-ko luzera ere izan ditzakete zintzilikatutako kafi horiek. Urretxori emeek bi arrautza jarri ohi dituzte, 15 eguneko txitatzearen ondoren zabaltzen direnak. Txitek kafian hilabete eskas emanen dute. Denbora horretan guztian haizeak kulunkatuta haziko dira. Kulunkatze horri Yucatan penintsulako mexikarreko maiek yuum hots egiten diote. Eta urretxoriari yuuyum. 

Hegazti horri erreparatu zioten Yucatango maiek euren komunitate-irratia sortzerakoan, eta Yuuyum Irratia izena eman zioten. Lau urte bete ditu proiektuak dagoeneko eta bihar Mexikoko Merida hirian behar bezala ospatuko dute. Bideo bidez, Guaixe ospakizunean presente izanen da, eta horrela hainbat hilabetez garatuko den elkarlanari hasiera emanen diogu. Izan ere, bi hedabideak,Yuuyum Irratia eta Guaixe, senidetu egin baikara. 

Zergatia 
2018ko lastailaren 21era egin behar da atzera senidetzearen arrazoia opatzeko. Nafarroa Oinez festa hartu zuen egun hartan Altsasuk eta, Iortia kultur gunean egindako ekitaldian, Guaixe fundazioak hizkuntza gutxituen aldeko Txikiak handi manifestua sinatu zuen. Uste baitugu mundua ele-anitza dela eta hizkuntzak kultura-altxorrak direla, munduari aniztasuna eta aberastasuna ematen diotenak. Hizkuntzak, gainera, herrien eta pertsonen identitaterako eta garapenerako funtsezko tresnak direlako sinatu zuen Guaixek manifestua. Aldi berean aldarrikatu genuen, aurrena, hizkuntza gutxituak errespetatuak eta kontuan hartuak izateko eskubidea dutela. Hurrena, gure hizkuntzek legaltasun osoa izateko eskubidea dutela bereien eremuan. Eta, atzena, gure hizkuntzetan gizartearen edozein esparrutan bizi ahal izateko eskubidea aldarrikatu genuen. Eta konpromiso bat hartu: hizkuntzen normalizazioan lanean segitzeko gure arteko zubiak eraikitzea, txikion batasunak handi egiten gaituelako. 

Konpromiso hori kontuan izanda, eta Guaixe hedabide bat izanik, logikoena hizkuntza gutxitu batean ari diren hedabideekin loturak estutzea litzatekeela pentsatu genuen. Gure 25. urteurrenaren testuinguruan hizkuntza aniztasunaren eta tokiko hizkuntzetan ari diren hedabideen balioa aitortzeko modua nahi genuen. Izan ere, hedabideek hizkuntza gutxituen normalizazioan egiteko garrantzitsua baitugu.

Nazio Batuen Erakundearen (NBE) arabera munduan 6.700 hizkuntza daude eta haietatik %40 arriskuan daude, indigenak gehienak. Horregatik, NBEk 2019a Hizkuntza Indigenen Nazioarte urtea izendatu zuen, hizkuntza horien galeraz ohartarazteko eta nazio eta nazioarteko mailan horiek babesteko, biziberritzeko eta sustatzeko beharra erakusteko.

Ozeano horretan galduko ez baginen itsasargi bat behar genuen eta munduan barna hizkuntza lankidetzan aritzen den Garabide elkartearengana jo genuen ideiarekin. Eta Guaixe laguntzea erabaki zuten. Garabidek antolatuta Hizkuntza Biziberritzeko Gidaritzari buruzko Ikastaldi Trinkoan hainbat hizkuntza komunitateetako ordezkariek bat egin zuten Aretxabaletan lastailean. Haien artean ziren Mexikoko Yucatandik etorritako bi kide. Garabideren bidez Guaixeren ideiaren berri jaso ondoren harremanetan jarri ginen. 

Senidetzea
Yuuyum Irratiko eta Guaixeko kideak harremanetan jarri ginen eta elkarren berri jaso genuen.  Elkarren berri izateko eta norberaren komunitatearen berri elkarri nola eman aztertzeko iritzi trukeak izan genituen e-posta bidez. Ideia gorpuzten ari zen eta Guaixeren 25. urteurrena zela eta Irurtzunen joan den urteko lastailaren 13an (L) Aniztasunaren Festan senidetzea izanen zela aurreratu genuen. 

Aretxabaletako egonaldia baliatuta Yuuyum Irratiko Socorro Cauich Caamal Guaixeren egoitzara etorri zen lastailaren 16an. Bilera emankorra izan genuen eta senidetzea nola gauzatu zehaztu genuen. Horretan, Garabideko Maialen Sobrinoren laguntza izan genuen. Senidetze agiria Cauichek eta Alfredo Alvaro Igoak sinatu zuten Aretxabaletan joan den urteko lastailaren 28an.  

Gauzatzea 
Yucatango maiaren, maayat'aanaren, eta euskararen berri gure komunitateei ematea da helburu. Horretarako gure hedabideak erabiliko ditugu: Yuuyum Irratia, www.guaixe.eus eta Beleixe Irratia. Hizkuntzari buruzko hainbat aspekturen inguruan arituko gara. Horretarako, astero gai baten inguruan ariko gara. Nork bere hizkuntzaren inguruan informazioa sortu eta elkar trukatuko dugu. Dibulgazio lana egitea da helburua, beraz, astero emanen diren saio horiek 5 bat minutuko iraupena izanen dute. Saioek badute berezitasun bat, norberaren komunitateko kideek emanen dituztela azalpenak eta ez hedabideetako kideek. Hau da, maayat'aanaren berri yucatandarrek emanen digute. Euren hizkuntzan. Eta hura entzuteko aukera izanen da, baita zer esaten duten ulertu ere, itzulpenak emanen baititugu. Yuuyum irratia denez, audioak izanen dira bidaliko dituztenak. Horiek, esan bezala, Beleixe Irratian eta www.guaixe.eus web orrian sortutako atal berezian entzuteko aukera izanen da. Eduki trukea dela esan dugu. Horregatik, hainbat sakandar kamera aurrean jarriko dira euskararen berri eman eta yucatandarrei azalpenak emateko. 

Yuuyum irratiaren emanaldiak astelehen arratsaldeetan dira. Eta tarte horretan emanen dituzte Sakanan euskarari buruzko saioak. Baina bi herrialdeen arteko ordu-aldea dela eta maayat'aanaren berri ematen duten saioak astearteetan entzuteko aukera izanen da gurean. 

 

Yuuyum Irratiaz
Merida hirian dagoen irratiaren helburuak dira Yucatango maia ikustaraztea, harendako erabilera espazio bat sortzea eta maia izatearen estereotipoen kontrako rol aglutinatzailea izatea.

Boluntario ugariz osatutako kolektibo batek sortu zuen irratia. Elkarte zibila eratu dute orain eta beraien hizkuntzaren aldeko jarduerak sustatuko dituzte, irrati emanaldiak zabaltzea barne. 

Irratiak www.yuuyum.org webgunearen bidez zabaltzen du seinalea, Mexikon halako proiektuetarako ez baitago irrati espazioan frekuentzia banaketarik. Saio gehienak astelehenetan dira, 17:00etatik 22:00etara. Programazioa osatzen dute maieraz ikasteko eskola praktikoak, maia herriko pertsonaiak ezagutarazteko saioak, albistegiak, maia literatura, ikuspegi feministako gaiak eta beste. Facebook profilaren bidez bidez entzuleekin harremana izaten dute eta AEBn bizi diren maien mezuak jasotzen dituzte maiz.

 


Gaiak 
Data              Gaia  
2020-02-22 Aurkezpena. 
2020-03-02 Hizkuntza.
2020-03-09 Hizkuntzaren egoera. 
2020-03-16 Hizkuntzaren estandarizazioa. 
2020-03-23  Hizkuntzari buruzko legedia.
2020-03-30 Hizkuntza politikak.
2020-04-06 Gobernuen eta agintarien hizkuntzarekiko jarrera.
2020-04-13  Hizkuntzaren alde lanean ari diren tokiko taldeak.
2020-04-20 Hizkuntza hitz egiten den eremua.
2020-04-27 Hizkuntzaren erabilera. 

 

 

Guaixe, Yucatango maia idazkeran  
Goiko irudi hori glifo bat da eta Guaixe esan nahi du. Yuuyum Irratikoen oparia da.

 

Elkarrekin indartuz manifestua
ADIERAZI NAHI DUGU:
•  Mundua eleanitza dela.
•  Hizkuntzak kultura-altxorrak direla, eta horrek aniztasuna eta aberastasuna ematen diela munduko herrialdeei.
• Hizkuntzak herrien eta pertsonen identitaterako eta garapenerako funtsezko tresnak direla.

ALDARRIKATU NAHI DUGU:
• Hizkuntza gutxituak ere errespetatuak eta kontuan hartuak izateko eskubidea.
•  Gure hizkuntzak normalizatzeko behar adina laguntza eta babesa izateko eskubidea, batez ere hezkuntza arloan.
• Gure hizkuntzek legaltasun osoa izateko eskubidea euren eremuan.
•  Gure hizkuntzetan bizi ahal izateko eskubidea, gizarteko edozein esparrutan.

HONAKO KONPROMISO HAUEK HARTU NAHI DITUGU:
• Hizkuntzen normalizazioan lanean segitzeko gure arteko zubiak eraikitzea, txikion batasunak handi egiten gaituelako.
• Gure hizkuntzen, kulturen eta hedabideen berri elkarri eman eta informazio hori gure inguruan zabaltzea.  
• Manifestu honi ahalik eta oihartzun zabalena ematea.

 

Maaya T´áan Yúucatán 
WAYANO ´ONE´

Wayano´one´
kex ma´u k´aato´ob 
Wayano´one´
kex u p´eeko´ob
Wayano´one´
Kex ka´yajchak 

Tumen je´ bix 
jump´éel che´e´
ku k´exik u le´ob 
mix untéen u mootso ´ob 


Yucatango maia hizkuntza 
HEMEN GAUDE 

Hemen gaude 
nahi ez badute ere 
Hemen gaude 
gustuko ez badute ere 
Hemen gaude 
min egiten badu ere 

Zeren eta 
zuhaitz batek 
bere hostoak aldatzen ditu
sekula ez bere erroak