Pilota

Binakakoa: Ezkurdiak eta Martijak ezin izan zuten Olaizolarekin eta Urrutikoetxearekin

Guaixe 2020ko ots. 24a, 11:04

Binakako hasierako ligaxkako azken jardunaldian 22 eta 14 galdu zuten sakandarrek Baikoko bikoaren kontra

Atzo Binakako hasierako ligaxkako 14. eta azken jardunaldiko partida jokatu zuten Joseba Ezkurdiak eta Julen Martijak Olaizola II.aren eta Urrutikoetxearen kontra. Bezperan Irribarria ordezkatu zuen Danel Elezkanok eta Rezustak galdu egin zuten Lasoren partez aritu zen Peña II.aren eta Albisuren kontra, eta, hortaz, Olaizola II.ak eta Urrutikoetxeak bazekiten sailkapeneko 6. postuan zeudela eta play-offetarako sailkatuak zeudela. Hala ere, dena ematera atera ziren eta Baikoko garaipen argia lortu zuen Ezkurdiaren eta Martijaren aurrean. 

Martijak soilik bi pilota galdu zituen eta Ezkurdia modu guztietara saiatu zen, baina atzokoa Baikokoen eguna izan zen. Olaizolak 12 tanto egin zituen, horietatik 7 airez, eta Urrutikoetxea ere bikain ibili zen, aspaldiko partez. Hasieran paretsu ibili ziren bi bikoak, baina Olaizolak pilota aldatu eta zortzi tantoren takada egin zuten Baikokoek. Pilotak zeresana eman zuten. Partida bukaeran Ezkurdiak adierazi zuen berehala gastatu zirela pilotak, eta “kortxozkoak balira bezala” bilakatu zirela. Horrela, airez sartuta eta botean aritzeko ere pilota zailak bilakatu zirela gaineratu zuen arbizuarrak. Nolanahi ere, sakandarrek ez zuten etsi eta 14 eta 11 eta 16 eta 13 gerturatu ziren, baina hortik aurrera Olaizolak eta Urrutikoetxeak hartu zuten agintea eta bereziki Urrutikoetxea oso fin ibili zen. Azkenean, 22 eta 14 irabazi zuten Baikokoek. 

Olaizola eta Urrutikoetxea 6.ak sailkatu dira Binakako hasierako ligaxkako sailkapenean eta sailkapenean hirugarrenak diren Artola eta Imaz izanen dituzte aurkari larunbatean Labriten jokatuko den play-offean. Beste play-offa sailkapenean 4.ak diren Altuna III.ak eta Ladis Galarzak jokatuko dute 5.ak diren Lasoren eta Albisuren kontra. 

Ligaxkako azken bi partidak jokoan
Binakako azken fasea erabakita dago, baina ligaxkako azken jardunaldia bukatzeko bi partida falta dira. Gaur, Tolosan, Bengoetxea VI.aren eta Mariezkurrenaren kontra ariko dira Altuna eta Galarza, eta bihar, Tolosan, Jaka eta Zabaleta liderrek Artola eta Imaz izanen dituzte aurkari.