Pilota

Irurtzunek Nafar Kirol Jolasetako Pilota Txapelketako finalak hartuko ditu ostiralean

Guaixe 2020ko ots. 27a, 15:56

Lehen faseko finalak bihar, ostirala, jokatuko dira Irurtzunen, 18:00etatik aurrera eta larunbatean, Labriten, goizeko 10:00etatik aurrera

Nafarroako Euskal Pilota Federazioak antolatutako Nafar Kirol Jolasen Pilota Txapelketako lehen faseko finalak bihar, ostirala eta larunbatean jokatuko dira, Irurtzunen eta Labriten. 

Bihar, ostirala, Irurtzunen, 5 final jokatuko dira guztira, 18:00etatik aurrera, Biaizpe pilotalekuan. Tartean, benjaminen 2. mailako finalean, Irurtzun D taldeko Gurmindo eta Sarasibar Irurtzun C taldeko Rubioren eta Iraurgiren kontra ariko dira. Beste partidei dagokienez, kimuen 3. mailan Atarrabia C taldeko Otaegik eta Garaialdek San Miguel I. Taldeko Pascual eta Larraioz izanen dituzte aurkari, kimuen 2. mailako finalean Barañain taldeko Bengoetxea eta Antimasberes Ultzamako Iribarrenen eta Iturralderen aurka ariko dira; haurren 3. mailako finalean Txarutako Esandik eta Alonsok San Francisco Javierreko Perez eta Ena izanen dituzte aurkari eta 2. mailako haurren mailako finalean Huarte A taldeko Armendariz eta Jimenez Aurrera A taldeko Sagastibeltzaren eta Ugartemendiaren kontra ariko dira. 

Eta larunbatean, goizeko 10:00etatik aurrera Iruñeko Labritek gainontzeko finalak hartuko ditu: benjaminen 3. eta 1. mailako finalak, kimuen 1. mailako finala eta haurren 1. mailako finala. Partaideen artean ez dago sakandarrik.