Atletismoa

6.564 emakume Lilatoian

Guaixe 2020ko ots. 27a, 16:30

Igandean abiatuko da, 10:30ean, Donostian, eta parte-hartze errekorra gaindituko da. Tartean hainbat sakandar ariko dira. Sakanako Lilasterketa martxoaren 15ean izanen da

Atletico San Sebastian taldeak hainbat babeslerekin antolatuta, igandean, martxoaren lehenean jokatuko da 31. Lilatoia Donostiako kale esanguratsuenetan. Lilatoia emakumezkoen lasterketa da, berdintasuna aldarrikatzen duena. Aurtengo leloa “Norantza bakarra du bideak” da, eta parte-hartze errekorra gaindituko da, 6.564 emakumek eman baitute izena 5 km dituen emakumezkoen herri lasterketan aritzeko. Tartean makina bat sakandar daude. 

Igandean, goizeko 9:40ean hasiko dira beroketa ariketak eta zumba beroketa saioa, eta Lilatoia goizeko 10:30ean abiatuko da Boulevardetik, toki berean despeditzeko. Aurretik, 10:25ean, ibilbidea handbikean egingo dutenak hartuko dute irteera. Ikusle ugari biltzen dira korrikalariak animatzeko eta giro ederra izaten da, batukadak eta txarangak are gehiago berotzen dutena. Ondoren, sari banaketa 11:30ean izango da, Alderdi Ederren, eta ondoren, 12:30ean Lilapotea eginen dute Alde Zaharrean, trikitilariekin. 

Sakanako VII. Lilasterketa martxoaren 15ean
Altsasuko Udalak eta Sakanako Mankomunitateak antolatuta, martxoaren 15ean jokatuko da Sakanako VII. Lilasterketa edo emakumezkoen lasterketa. Proba 12:00etan abiatuko da Altasuko Foru plazatik, eta korrika, patinetan, bizikletan edo paseoa emanez osatu daiteke ibilbidea. Antolatzaileek bertan parte aritzeko deia egin diete emakumeei.