Martxoaren 8aren esentzia antzerkiaren bidez zabaltzen

Guaixe 2020ko ots. 28a, 10:06
'En sus zapatos' antzezlanaren une bat. HORTZMUGA TEATROA

Sakanako Mankomunitateko berdintasun zerbitzuak hainbat antzezlan antolatu ditu ibarrean zehar

Martxoaren 8aren harira hainbat ekimen antolatu ditu Sakanako Mankomunitateko berdintasun zerbitzuak, Izan zirelako, jarraituko dugu lelopean. Ekimenen artean emakumeak protagonista diren antzezlanak daude. Asteburu honetan adin guzteitarako eskaintza izanen da, Irurtzundik Ziordira. Gaur, ostirala, Irurtzungo kultur etxean, 20:30ean, Hortzmuga teatroa konpainiaren En sus zapatos antzezlana izanen da. Oihana Gallo San Romanek berdintasun teknikariak azaldu duenez, Palestinako emakume errefuxiatuen inguruko antzezlana da. Lekuak mugatuak dira, 40, ikusleek antzekian parte hartzeko aukera izanen dutelako. Ondoren, Gobernuz Kanpoko Erakunde bateko kideek egoeraren berri emanen dute.

Etzi, igandea, EIDABE antzerki taldearen Mari eta galleta fabrika familiarteko antzezlana izanen da. Emakume langileen mugimenduari aitortzen egiten dio lanak. 17:30ean izanen da, Etxarri Aranazko kultur etxean. Ziordian, martxoaren 4an, Dorleta Kortazar ipuin kontalaria izanen da haurrendako Zu eta ni ipuinarekin.